EAJko Javier Gallego eta La Polaca bere pertsonaia deskalifikatzeko asmoarekin egindako bideoa ostiralean argitaratu zen, koalizio abertzalearen Telegrameko kanal batean. Jelkideek berehala salatu zuten bideoaren edukia, eta EH Bilduren "intransigentzia" eta "moral atzerakoia" salatu zituzten. Ordu gutxiren buruan, EH Bildu bideoaren egiletzatik aldendu zen; eta koalizioaren "babesik gabe" norbanako batek egindakoa zela argitu zuten. Gaur, adierazi du Ikusgunek "erabat onartezina" dela "trabestismoa erabiltzea arerioaren kontra", eta besarkada bat bidali diote Gallego alkategaiari.
Pobeseko eguneko zentroaren auziaren kudeaketaren inguruan hitz egiten hasten da salatutako bideoa, eta aurreko alkatearen adierazpenei buruzko kritika politiko bat egiten dute. Ondoren, bideoaren tonua aldatzen da, eta La Polacaren bideokliparen zati bat ikusten da, "Hau serioa iruditzen zaizu?" dioen errotulu batekin. Amaitzeko, EH Bilduren Erriberagoitiko hauteskunde irudi bat eta "Txantxa honekin amaitu behar dugu" esaldia agertzen dira.
"Jarrera zekena"
EH Bilduren jarrera "doilorra" salatu du EAJk. "Zekena da bere burua giza eskubideen defendatzaile gisa aldarrikatzen duen alderdi batek La Polacaren aurka jotzea". Ildo beretik, Ramiro Gonzalez ahaldungaiak ere kritikatu du bideoaren edukia, eta sare sozialetan Gallegori elkartasuna adierazi dio: "Javi Gallegok nire babes osoa du. Alkate bat bere udalerriari emana, Erriberagoitirako onena lortzeko lan egiten duena. Betiko intransigenteek ezin izango dute berarekin. Bideoa ikusi dut, aurrerakoienak direla uste duten moralista atzerakoien estilokoa". Andoni Ortuzar EAJko lehendakariak ere "elkartasuna" adierazio dio Gallegori, eta EH Bilduri esan dio "askatasuna guztiontzat" dela.
"Lokatzetan gustura"
EH Bilduk, hasieratik, bideoaren edukiarekin zerikusia ez duela esan badu ere, Ibon San Saturninok, Araban EH Bilduren arduradun politikoak, Twitter bidez egindako adierazpen batean berretsi du EH Bilduren ustez "onartezina" dela bideoaren edukia. Halaber, "EH Bilduren babesik gabe norbanako batek" egina dela argitu du, eta gaineratu du horrela jakinarazi ziola EAJren Arabako zuzendaritzari "lehen unetik", Gallegori babesa eta elkartasuna luzatuz.
Ondoren zabaldu den eztabaidaren harira, gaia polemikarako erabiltzea leporatu dio EAJri San Saturninok: "Ekarpen gutxi egiten diote LGTBI+ aldarrikapenen gai hau arma elektoral gisa erabiltzen duten horiek. Hortik aurrera, bakoitzak atera ditzala bere ondorioak... Badirudi batzuk lokatzetan igerian gustura dabiltzala", idatzi du.
Ikusguneren salaketa
Gasteizko LGTBI+ fobiaren aurkako behatokiak, bere aldetik, esan du "erabat onartezina" dela "trabestismoa erabiltzea arerioaren kontra", eta besarkada bat bidali diote Gallego alkategaiari. Bide batez, alderdi politiko guztiei eskatu diete LGTBI+fobiari aurre egiteko lan egitea, eta ez erabiltzea gure kontrako indarkeria "jaurtigai politiko" gisa. "Gertatutakoa LGTBI+fobiarik gabeko Araba bat lortzeko hautagai bakoitzak dituen proposamenak azaltzeko aukera paregabea dela uste dugu".