Eguzki eklipse baten lehen argazkia Warren De la Rue astronomo britainiarrari zor diogu, eta Ribabellosa ondoko larre lehor batean egin zuen; 1860ko uztailaren 18ko eguerdi aldera izan zen. Argazkia egiteko saiakeraren atzean zegoen helburu nagusietako bat zen jakitea eklipseetan eguzkiaren inguruan sortzen diren garrak ilusio optikoak ziren edo benetan eguzkiari zegozkion partikulak. Ribabellosan egindako behaketari esker, De la Ruek frogatu ahal izan zuen gar horiek eguzkiarenak direla, eta gainera, hidrogeno goriz osatuta daudela. Gaur, Arabako herri txikian egindako argazkiak Royal Society Erresuma Batuko elkarte zientifiko zaharrenaren Londresko egoitzan gordeta daude, eta Ribabellosak aparteko tokia du astronomiaren munduan. De la Rue, berriz, argazkilaritza astronomikoan egindako lan aitzindariengatik ezaguna da mundu osoan; eta astronomiaren alorrean egin duen ekarpenaren oroimenez, gainera, ilargiaren kraterretako batek bere izena darama.
XIX. mendeko 60. hamarkadan hasi da istorioa. Ribabellosa berrogei etxe dituen Arabako herria da, eta biztanle gehienak nekazariak dira. Uztaila hasiera da, eta garia jotzen hasteko prest daude, baina ez dakite herriaren lasaitasuna apurtuko duen talde zientifiko berezi bat iristear dela. Plymouthetik irten, eta Bilbon porturatu da Britainia Handiko errege flotaren HMS Himalaya izeneko itsasontzia. Barruan doa Warren De La Rue astronomo britainiarra, maila goreneko talde zientifiko batekin.
Bilbotik, Ribabellosara
Uztailaren 10ean, gauez, Bilboko portutik atera dira astronomoa eta segizioa, diligentzia batean, eta hurrengo egunean iritsi dira Ribabellosara. Saenz de Santamaria izeneko familiaren etxean, herriko plazan, ostatua hartu du espedizioak, eta ingurua esploratzen hasi dira zientifikoak, behatoki astronomikoa eraikitzeko tokirik egokiena bilatzeko. Royal Society-n egindako hitzaldi batean azaldu zuen De la Ruek nola aukeratu zuten, azkenean, eguzki eklipsearen behatokiaren kokagune perfektua: "Hirurogei oin inguruko diametroa zuen eta errepidetik hurbil zegoen larrain bat aukeratu genuen; oso egokia iruditu zitzaigun, behar genuen ura urrutitik ekarri behar baitzen. Gainera, laua eta oso gogorra eta lehorra zen".
Hala ere, De la Ruek kontatzen duenez, uzta hasia zen Araban, eta aukeratutako larrearen jabeak lurra erabili behar zuen garia jotzeko. Espedizio zientifikoa laguntzen ari zen Simon jaunak nekazariarekin negoziatzeko konpromisoa hartu zuen: "Baina lurraren jabeak jakin zuenean bere lursaila zientifikoen lanetarako hobekien egokitzen zen lurra zela, berehala utzi zuen gure esku, ezer kobratu gabe".
Diligentzia batean iritsi ziren Ribabellosara Warren de la Rue eta bere taldea
Hartara, uztailaren 12tik aurrera, espedizioaren tresneria guztia eraman zuten bertara, eta eklipsearen egunera arte, jarduera bizia jabetu zen herri osoaz, eguzki eklipseak iraungo zuen hiru minutu baino gehixeagoetan ez zedin ustekaberik edo ezustekorik sortu. Lurra prestatzeko eta ingurua egokitzeko lanak egin zituzten zientifikoek, eta De la Ruek Errusian eraikitako fotoheliografoa babesteko eraikin txiki bat altxatu zuen, gerora denbora luzez Ribabellosan egon zena.
Eklipsearen argazkiak ateratzeko behar zuten Kew fotoheliografo hori teleskopioa eta kamera arteko tresna handi bat zen. Eguzkiari argazkiak ateratzeko bereziki sortu zuen lehena izan zen, gainera, eta Royal Society elkarterako diseinatu zuen De la Ruek,1857an, eta Andrew Rossek eraiki. Kew behatokian lehen aldiz instalatu zuten, eta eguzkiaren argazki erregularrak egiteko erabili zuten. Hala, astronomiaren arazo zientifikoak argazkigintzaren bidez konpontzea lortu nahi zuten.
Egun handia, lainoen artean
Eguna iritsi zen. Dena prest zuten, baina lainotuta argitu zuen eklipsearen egunean. "Denok begiratzen genion zeruari larritasunik handienaz", aitortu zuen De la Ruek, eta nerbioak asaldatuta, urduri eman zuen goiz osoa zientifikoak. "Eguerdian zerua argitzen hasi zen. Handik gutxira, lainoak apurka-apurka desegin ziren, eta bat-batean desagertu ziren, eta zeru bikaina izan genuen, erabat garbia. Pobes norabideko iparralderanzko altuerak lainorik gabe zeuden", azpimarratu zuen, pozez.
Ribabellosan egin ziren eguzki eklipse baten lehen argazkiak Royal Society-n daude
Gainera, zientifikoen lana zaintzeko eta hurbilduko zen publikoa kontrolatzeko, Miranda Ebrotik bost guardia bidali zituzten Ribabellosara, eta Civilo Ginea herriko alkateak ere lagundu zuen espedizioa, itzultzaile lanak eginez eta bertaratutako ikusleak behatokitik urruntzen saiatzen, zientifikoek lan egiteko behar zuten isiltasuna lortzeko.
Nolanahi ere, eguneko sorpresa asaldagarria eklipsea hasi baino hogei minutu lehenago gertatu zen. Inguruan bildutako berrehun bat bizilagunek eklipsea ikusteko aukera izan zezaten, kristal zati bat keztatu zion De la Ruek morroi bati, argizarizko pospolo batekin, eta berak, bere kabuz, zati batzuk prestatu zituen ikusleentzat. Denek nahi zituzten kristal keztatu horiek eskuratu; morroia urduri jarri zen, eta pospoloak noranahi botatzen hasi zen, itzali gabe, eta batzuek, artoan erorita, su hartu zuten. "Zorionez, hori gertatu eta segundo gutxira, lasto errearen usainak nire arreta erakarri zuen, eta, ura eskura nuelarik, sua itzali nuen, gehiago zabaldu baino lehen", azaldu zuen De la Ruek.
Paisaia brontzez tindatu zen
Arratsaldeko 13:37an hasi zen eguzki eklipsea. "Inoiz ez dut ikusi eklipse hau gertatu baino minutu batzuk lehenago geratu zen iluntasun handia; eta bereziki deigarria iruditu zitzaidan zeruaren kolore aldaketa, urdin argia pixkanaka galduz joan zen, eta anil kolorea hartu zuen. Aldi berean, ohartu nintzen inguruko paisaia brontzez tindatzen ari zela, eta horrek, nire ustez, iradokitzen du eguzkiaren argia periferian erdian baino biziagoa izateaz gain, kalitate desberdinekoa ere badela", idatzi zuen De la Ruek.
Erabateko eklipseak ikusleengan izan zuen zirrara handia ere deskribatu zuen astronomoak. "Eklipsearen hasiera arte, elkarrizketaren murmurioak entzuten ziren, ozen, baina une batean ahots guztiak isildu ziren, eta isiltasun harrigarria zabaldu zen; orduan, herriko kanpaien hotsa entzun zen, eta horrek momentu horren handitasunari solemnitatea eman zion".
Eklipsearen ikuskizuna hain hunkigarria iruditu zitzaion astronomoari, ezen hurrengoan ikusle soil gisa gozatzeko promesa egin baitzion bere buruari. "Beharbada ez dut eklipsea hogei segundo baino gehiago begiratu fotoheliografoa erabili gabe, baina fenomenoa biziki iltzatuta geratu da nire oroimenean, eta kontakizun hau idazteko unean, eklipsea gertatu eta hamasei hilabetera, nire buruan ageri da, nire aurrean dut oraindik, gertatu berri balitz bezain biziro".
Berrogei argazki baino gehiago hartu zituen Ribabellosako espedizioak eklipsearen garaian eta pixka bat lehenago eta geroago. Gainera, eguzkiaren argazkiak ere egin zituzten eklipsearen ondorengo bi egunetan, hau da, uztailaren 19an eta 20an. Ondoren, tresna guztiak desmuntatu eta enbalatu zituzten. Uztailaren 26an, espedizioa Himalayan ontziratu zen, eta De la Rue, langileak eta ekipaje guztia Portsmouthen lehorreratu ziren, bi egun beranduago.
Erabateko eguzki eklipse baten lehen argazkiak egiteaz gainera, Ribabellosan egon zen espedizio zientifikoaren protagonistak eta tresnak irudietan –argazkiak, zirriborroak eta margoak– jazo ziren lehen aldia izan zen. Adibidez, Joseph Bonomi The younger (1796-1878) artista eta eskultorea izan zuten espedizioan, eta antzinako tresnen eta tokiko eszenen akuarela xarmagarriak margotu zituen, flotaren zirriborroak, baita eklipsearen akuarelak eta parte hartzaileen irudiak ere. Ondoren, argazkigintza zabaldu zenean, ohikoa bilakatu zen espedizio astronomikoetako kideek eklipsearen, bidaia beraren, tokiko paisaiaren, eta askotan tokiko komunitateko kideen argazkiak ere egitea.
Mundu osoko astronomoak
Europa osoan berezia izan zen 1860ko eguzki eklipsea, bi arrazoirengatik. Batetik, De la Ruek lehenbizikoz argazkietan jaso zuelako. Eta, bestetik, mundu osoko astronomoen eta zientifikoen saiakerak xaxatzeko aukera izan zelako, baita lanak koordinatzeko lehen aukera ere ekarri zuelako. Izan ere, espedizio ugari martxan jarri ziren urte horretan erabateko eguzki eklipsea aztertzeko, eta askok Araba izan zuten helmuga.
Egindako kalkuluetan oinarrituta, garaiko astronomoek ondo zekiten 1860ko eklipsea behatzeko tokirik egokiena Bilbo eta Valentzia arteko lur zerrenda izango zela, baita Balear uharteak ere, eta horregatik urtebetez ibili ziren hainbat herritako zientzialari prestaketa lanak egiten, eta behar zituzten ekipoak antolatzen eta mugitzen. Espainiako Gobernuak eta Madrilgo Errege Behatokiak modu aktiboan sustatu zuten nazioarteko espedizioak osatzea, eta guztira, hamaika herrialdeetatik hogeita hamar espedizio antolatu ziren.
Zergatik Ribabellosan?
Horien artean ugariena De la Rue eraman zuen Himalaya izeneko espedizio britainiarra zen, Espainiako estatuko hainbat herritan banatu zena, bereziki Gasteiztik gertu. Britainiarren espedizioak hainbat tonako ekipoak lekualdatu behar zituen, eta armadako Himalaya ontzi ospetsuaren zerbitzuak baliatu zituen hori guztia egin ahal izateko. Hala,1860ko uztailaren 7an, lehenik, Santanderreko portura iritsi ziren, eta ondoren, Bilbora. Izan ere, hasiera batean, Santander inguruetan kokatu nahi izan zuen De la Ruek eguzki eklipsearen argazkia egiteko behatokia, baina Kantabrian, goizaldean, lainoak sortzen ohi zirela azaldu zion adiskide batek, eta azken orduan Bilbon porturatzea eta Ribabellosan kokatzea erabaki zuen. "Zorte handia izan zen nire estazioa Santanderretik Ribabellosara aldatu izana, lehenengo tokia aukeratu zuten astronomo askok ezin izan baitzuten eklipsea ikusi atmosferaren egoera zela eta", idatzi zuen De la Ruek.
Himalaya espedizioarekin batera, beste herrialdeetako zientzialariak ere iritsi ziren. Hala, Errusiako Zientzia Akademiak finantzatutako eta antolatutako atzerrirako lehen espedizioan joan ziren astronomoak hiru herritan banatu ziren: Araban, Pobesen eta Gasteizen; eta Burgosen, Briviescan. Danimarkako Kopenhageko Errege Behatokiaren zuzendariak ere Gasteiz inguruetan kokatu zuen behatoki astronomikoa, Frantziako Goldschmitek eta Bianchik bezala. Espainiako espedizioak, berriz, Moncayo mendiaren inguruetan, Zaragozan, eta Castellon de la Planan, Valentzian, kokatu ziren.
Gaur, Araba zientziarentzat behatoki nabarmena bilakatu zuen fenomenoaren aztarna gutxi batzuk gorde dira Ribabellosako plazan eta Gasteizko Santa Luzia auzoko Astronomoetan.