Ekonomia zirkularraren eta nekazaritzaren hondakinen berreskuratzean erreferentea izan nahi du Biorefinerias Zambrana enpresak. 25 milioi euro inbertituko ditu planta berriak hurrengo urteetan Arabako Errioxako mahatsaren hondakinak tratatzeko eta horiekin bioetanola lortzeko. Urtean, 2.000 tona bioetanol ekoitziko dituzte faktorian, eta destilategi bat ere izango dute.
Zanbrana herrian, 29.511 metro koadro okupatuko dituen Biorefinerias Zambranaren proiektua Jose Tomas Arribas, Javier Unanua (Gobea Heritage) eta Javier Biteri (Ruyavi) enpresariek jarri dute martxan. Dagoeneko hiru milioi euroko diru laguntza jaso dute Eusko Jaurlaritzaren Indartu programari esker.
Herriko udalaren martxoko azken udal batzarrean onartu dute, aho batez, enpresa kokatzeko beharrezkoa den hirigintza aldaketa, eta otsailean, hirigintza hitzarmena onartu zuten. Dagoeneko, Arabako aldizkari ofizialean argitaratu dute erabakia, eta orain hogei eguneko epea dago proiektuaren kontrako alegazioak aurkezteko.
"Lanpostuak sortuko ditu"
Proiektua estrategikoa da udalerriarentzat, eta hala azpimarratu du Zanbranako alkate Aitor Abeciak. "Zuzeneko nahiz zeharkako lanpostuak sortuko ditu". Eta gainera, haren esanetan, faktoria berriaren abantailetako bat da ez duela kutsatzen. "Materia organikoa alkohol bihurtzen du prozedura ekologiko baten bidez", azaldu du.
Hirigintza arauekin batera, udalak eta enpresak hitzarmena sinatu dute, Lurzoruaren Legearen ondorioz, udalerriari dagokion aprobetxamenduaren %15 udalerriaren onurarako izateko. "55.333 euro jasoko ditugu, gehi BEZa. Bergantzunen ostalaritza lokal bat egokitzeko inbertituko dira, Ur-Taber izenekoa. Horrela, gainera enpresak Zanbrana eta Bergantzuko bizilagunen bizi kalitatea hobetzen laguntzen du", esan du alkateak. EAJ ere pozik agertu da proiektuarekin. "Oso degradatuta dagoen eremu bat berreskuratzen lagunduko du; erortzeko arriskuan dauden eta amiantoa duten eraikinak desagertuko dira eta eremua deskutsatuko dute. Gainera, udalerrirako diru sarrera iturri bihurtuko da eta lanpostuak sortuko ditu".
Hondakinen arazoari, irtenbideak
Zanbranako biofindegiak, Arabako Errioxan, mahatsondoaren hondakinak aprobetxatzen lagunduko luke. Izan ere, Arabak sortzen ditu EAEko nekazaritzako azpiproduktu gehienak, eta horien artean nabarmentzekoak dira Arabako Errioxako mahatsaren inausketei lotutako hondakinak. Urtean, 18.000 eta 30.000 tona arteko biomasa izatera iristen dira; eskualdeko erdialdeko eta hego mendebaldeko udalerrietan daude sektore produktiboenak.
Alta, Zanbranako biofindegia ez da mahatsaren hondarrak aprobetxatzeko martxan dagoen proiektu bakarra, izan ere, Neiker zentro teknologikoak duela gutxi martxan jarri duen beste proiektu batek ere lagunduko du mahatsaren hondakinak balioztatzen. Newfeed izeneko nazioarteko proiektuak mahatsen hondakinak pentsuen osagai bihurtzeko asmoarekin martxan jarri dute; eta hurrengo hilabeteetan ikusi nahi dute upategietan sortutako mahats mordoen txortenak esnetarako behientzako eta ardientzako elikagai bihurtzea posible duten, eta horren bideragarritasun teknikoa eta ekonomikoa.
Neikerrek ekimen horretan parte hartzen du, lau herrialdetako bazkide batzuekin batera, hala nola Azti, UAGA, Riera Nadeu eta Animalientzako Elikagai Konposatuen Fabrikatzaileen Espainiako Konfederazioa (CESFAC). "Gaur egun, mahats mordoen txortenak konpostajearen bidez berrerabiltzen dira, kasurik onenean. Hala ere, hondakin hori hausnarkarien pentsuen osagai gisa ere erabil liteke, polifenol ugari dituelako, eta horiek dosi egokietan erabiliz gero, animalia horien ekoizpen eraginkortasuna hobetu daitekeelako ", azaldu du Asier Garciak, Neikerreko Animalien Ekoizpeneko Saileko ikertzaileak.
Hala ere, mahats mordoen txortenak ez omen dira oso digerigarriak. Beraz, horrelako azpiproduktuak hausnarkarien elikaduran proportzio handian erabili ahal izateko, mahats mordoen txortenak prozesatu egin behar dira nolabait digerigarriagoak izan daitezen. Zentzu horretan, proiektuaren esparruan, Neikerrek hidrolisi entzimatikoaren prozesua optimizatzeko lan egingo du. "Proiektuan zehar, hausnarkarien dietan erabili beharreko maila optimoak ere ezarriko ditugu, eta mahats mordoen txortenek hainbat parametrotan duten eragina ebaluatuko dugu", gaineratu du Garciak.