Argazkiak: PHOT.OK
Mendiko bizikletaren zale ugari hurbildu dira Gaubeako Angostoko kanpinaren inguruan zabaldu berri duten Gaubea Flow Line izeneko jaitsiera zirkuitura, Aste Santuko oporrak lagunduta. Euskal erkidegoko mota horretako lehen zirkuitu ofiziala da, eta 700 metro baino gehiagoko jaitsiera du, pedalak eman gabe bultzatzea ahalbidetzen duten elementuez betea: peralteak, jauziak, muinoak eta dubbiak.
Gaubeako turismo bulegotik azaldu dutenez, jende askok deitu du bulegora pistaren inguruan galdezka, eta oraindik guztiz prest ez badago ere, txirrindulari andana izan da estreinaldian. Hurrengo asteetan hainbat moldaketa egin behar dute BTT pista berezian segurtasuna handitzeko eta erabiltzaileen erabilera erosoagoa egiteko. Yolanda Sobron turismo arduradunak azaldu duenez, "Gaubea ezagutzen ez duen jendeak ere deitu du jakiteko nolakoa den pista berria, eta gertutik, Miranda Ebrotik, adibidez, astero hasi da etortzen gazte talde bat horretan ibiltzeko".
Espazioa duela aste gutxi seinaleztatu dute, eta Angostoko kanpinaren atzealdean dago. Sartzeko, GR1 bidea hartu behar da, eta metro gutxira, ezkerrera hartu, seinaleak jarraituz. Halere, zaleek Gaubea Flow Line jaitsiera pistara sartzeko argibideak aurkituko dituzte Angosto kanpinean dagoen Valderejo-Añana BTT zentroko harrera puntuan.
Gaubea Flow Line jaisteko pista txirrindulariek baino ez dute erabiliko, eta arriskuak ekiditeko, ez dago baimenduta mendi ibiltariak pistara sartzea. Mendiko bizikletaren kirolarekin oso ohituta dauden pertsona guztiei zuzendutako ibilbidea da; eta zailtasun handiagoa edo txikiagoa txirrindulariaren jaitsiera abiaduraren araberakoa da: abiadura motelean publiko guztiarentzat da egokia, eta, abiadura handian, maila tekniko handiagoa eta trebetasun handiagoa eskatzen ditu. Pistak 720 metroko ibilbidea du, 69 metroko maila negatiboarekin: hasierako puntua 609 metroko altueran dago, eta 538 metroraino jaisten da, hiru sektoretan banatzen den trazadura baten bidez.
Turismo aktiboaren eta kirol turismoaren eskaintza indartzea helburu duen proiektu hau Arabako Diputazioak eta Añanako Kuadrillak sustatu dute. Arabako Foru Aldundiko Enplegu, Merkataritza eta Turismo Sustapen diputatu Cristina Gonzalezek azaldu duenez, natura turismoa eta turismo aktiboa Arabako eskaintza turistikoaren funtsezko edukiak dira, "Eta Gaubea Flow Linek indartu egiten du eskaintza hori, eta lehiakorragoak egiten gaitu helmuga fisiko gisa". Gaineratu duenez, azken helburua bidaiariak erakartzea da, bai eta jarduera sortzea Arabako ostatuetan, tabernetan eta jatetxeetan, saltokietan eta turismo enpresetan, eta, kasu honetan, Añanako eskualdean.
Bestalde, Añanako Kuadrillako lehendakariak adierazi duenez, Gaubea Flow Linek eskualdeko ekoturismoaren, mendi ibilaldien, zikloturismoaren eta turismo aktiboaren eskaintza osatzen du, eta lagundu egingo du batez besteko egonaldia handitzen, urtarokotasun turistikoa murrizten eta jarduera turistikoak sortzen duen aberastasuna eskualde osoan banatzen.
Valderejo-Añana BTT zentroa
Mendiko bizikletaren zaleek Gaubea inguruak ezagutzeko duten eskaintza osatuko du aurrerantzean inauguratu berri den flow pistak. Gasteiztik 30 kilometrora dago Valderejo-Añana BTT Zentroa, eta zailtasun maila desberdineko zazpi ibilbide egiteko aukera ematen du. Horien artean, Sobrongo ibilbidea da ezagunena –24,30 kilometro ditu–; eta erraz egin daitezkeen Espejokoa – 8,09 kilometro– eta Angostokoa –12,60 kilometro– nabarmendu behar dira.
Bestalde, Gaubeako turismo bulegoko arduradunak azaldu duenez, hurrengo hilabeteetan udalerrian dauden beste bizikleta ibilbide berri batzuk seinaleztatuko dituzte, eta horiek jasotzeko gida bat ere prestatzen ari dira. "Landa bideak bizikletaz zeharkatzeko apustua egin nahi dugu".