Bere txikitasunean toki berezia da Kuartango. Bainuetxe ospetsua izan zuen XX. mendearen hasieran; bi pelikula grabatu dira bertan, Algo más que morir, 2014an, eta film horren inguruko Kuartk Valley dokumentala, 2021ean; artista ugariren –idazleak, dantzariak, pintoreak, diseinatzaileak– bizitokia da; Nerbioi ibaiaren sorburua dago hango mendietan… Bada, hori guztia gutxi balitz, XX. mendeko 80. hamarkadan, Interneten eta sare sozialen zabalpenaren gako bilakatu zen Kuartango; izan ere, Zuhatzu Kuartangoko udaletxe zaharrean Mac Help izeneko lehenetariko BBS sistema antolatu zuten, ondoren etorriko ziren sare sozial guztien aitzindaria.
1980ko eta 1990eko hamarkadetan, kaleko jendearen neurrira antolatutako internet sarea zen Bulletin Board System (BBS) edo iragarki-taula elektronikoa; eta, era berean, programatzaile, administratzaile eta hacker askorentzat ikasketa zentroak izan ziren. Sistemaren funtzionamendua oso sinplea zen, baina erabiltzeko konplikatua: administratzaile batek kudeatzen zuen ordenagailu pertsonal bat, modem batekin, eta hori zen sistemaren sarrera; bisitariak, bere ordenagailutik eta modemetik, BBSaren modemera deitzen zuen, eta sistemara sartzen zen.
Gaurko sareen aurrekaria izan zen 'Bulletin Board System' BBS sistema
Pertsona bakarra sar zitekeen aldi berean, beraz bisitariek ilara egin behar zuten, aurrekoak sistema utzi eta modema libre utzi arte. Hortik aurrera, fitxategiak deskargatu eta igo zitezkeen; eta foroetan mezuak trukatu zitzaketen, modu publikoan edo modu pribatuan, BBS sistemako beste bisitari batzuekin. Leku publikoak ziren batzuetan, gai desberdinei buruzkoak, baina leku pribatuak ere izaten ziren, administratzailearentzat eta bere lagunentzat bakarrik. Han sortu ziren Espainiako hacker talde asko.
Kuartangon martxan jarri zen Mac Help BBS izeneko sistema Albert Lozanori zor diogu, Espainiako estatuan interneteko sortzaileen eta sustatzaileen artean toki nabarmena duen gizona, etxeko informatikaren aitzindaria, gaurko hacker-en aitona, eta Maczaleen maisua. Aholkulari teknologiko katalana –gaur erretiratua– Zuhatzu Kuartangon bizi izan zen, 1985 eta 1987 urteen artean, eta garai horretan sortu zuen hain zuen Espainiako estatuan Apple ordenagailu batekin funtzionatu zuen lehen BBS sistema, bere bezeroei arreta eskaintzeko. Bezeroak estatuko egunkari handienak ziren, izan ere Lozano aholkulari independente gisa jardun zen egunkarietako erredakzioen informatizazioan.
Behiak zaintzeko meteorologoa
Maczaleen guruak berak azaldu dio ALEAri zein modu berezian iritsi zen Zuhatzu Kuartangora bizitzera, eta nola zabaldu zuen bertatik Interneten erabilera Espainiako estatu osora. "Gu Kataluniako herri batean bizi ginen, Lleidan, Pirinioetatik gertu, eta bertan bazegoen farmazia txiki bat. Atera berri ziren Macintosh ordenagailuekin lan egiten nuen, eta farmazeutikoak esan zidan Gasteizen bazuela lagun bat Macintosh bat zuena, eta jarriko gintuela harremanetan, arazo asko zituelako, eta agian nik konponduko nizkiela".
Gizon hori Alfredo Salazar zen, garai horretan Arabako Diputazioaren Nekazaritza saileko zuzendaria. Kuartango ezagutzera eta ordenagailuen inguruan solastera gonbidatu zituen Salazarrek Lozano eta bere emaztea, eta bisita horren ostean, egun batean, telefonoz, Kuartangora bizitzera joateko proposamen xelebrea egin zion Nekazaritza zuzendariak katalanari. "Azaldu zidanez, diputazioan bazuten lan bat nik egiteko, eta udaletxe zaharrean bizitzea eskaini zidan".
Lozanok gogoratzen duenez, udaletxea berritu, eta tren geltokira mugitu zuten, eta enkantean atera behar zuten eraikin zaharra, alokatzeko. "Plegu bat egin nuen, eta hilean, 10.000 pezetatan alokatu genuen". Eraikin horretan gela bat topatu zuen, paper-sorta zaharrez beteta. "Erdi Arokoak edo izango ziren paper horiek, Ozeano Hila larri zegoen garaikoak, kar-kar-kar… Oso dibertigarria zen horiek irakurtzea; sei edo zazpi hilabete beranduago lortu genuen udalak bertatik eramatea".
Apple, abeltzainen etxean
Arabako abeltzainentzat informazio meteorologikoa ahalik eta zehatzena ematea zen proiektuaren helburua. "Arazo bat zuten bertan, abeltzainek behiak atera behar zituztelako, baina euria egiten zuenean bustitzen ziren. Eta informazio meteorologikoa ez zen batere fidagarria, Euskal Herri osorako ematen zutelako, eta iragarpena maila lokalean nahi zuten", azaldu du Lozanok.
Herriko abeltzainentzat Mac Vaca sistema martxan jarri zuen Albert Lozanok
Hala, Kuartangoko bailara guztiak Mac ordenagailuen bitartez lotzen joan zen Lozano, eta antena paraboliko bat kokatu zuen Diputazioan, meteosat batekin konektatuta. "Diputazioak meteorologo bat kontratatu zuen; informazioa meteosatetik jasotzen zuen, eta aldi berean, bailara bakoitzean, ganaduzaleen etxeetan kokatu genituen ordenagailuen informazioa ere modem bidez jasotzen zuen". Behin informazio hori guztia jasota, meteorologoak mezu bat bidaltzen zuen Mac bakoitzera esanez euria egingo zuen edo ez, eta horrela ganaduzaleek bazekiten behiak noiz atera behar zituzten. "Mac-eko pantailan bi mezu jasotzen zituzten: behiak kanpora edo behiak barrura; ez zuten ezer deszifratu behar".
Estazio meteorologikoaz aparte, Kuartangon bizi izan zen bi urte horietan oso gauza "dibertigarriak" egin zituela aitortu du aholkulari informatiko katalanak. Herriko abeltzainentzat Mac Vaca sistema martxan jarri zuen, esate baterako. "Hazitarako ganaduaren errendimendua jakiteko, abeltzainek zezenak eta behiak gurutzatzen zituztenean, programaren bidez kontrolatzen nuen zeintzuk ernaltzen zituzten eta zeintzuk ez; eta zezenak horren arabera puntuatzen genituen". Garai horretan, Apple enpresako lehen programak "mac" letrarekin hasten zirela gogoratu du, "mac picture zegoen, mac bridge… eta horregatik mac vaca jarri nion".
Halaber, Kuartangoko biztanleen artean irrati emisoraren erabilera zabaldu zuen Lozanok. "Ni irratizalea izan naiz gaztetik, eta kotxean irrati emisora bat nuen garai horretan; bada, hilabeteko buruan Kuartangoko guztiek emisora bat zuten kotxean. Oraindik ez zegoen telefono mugikorrik, eta oso ondo etortzen zitzaien emisora; ehiztariek erabiltzen zuten edo, kanpotik, lizentzia gabe, karramarroak hartzera joaten zirenak kontrolatzeko. Walkie-talkien bidez guardia sistemak ezarri zituzten, gauez, karramarroak hartzera joaten zirenak harrapatzeko".
Mac Vacaren ondoren, Mac Helpa
Xelebrekeriaz aparte, diputazioaren proiektua martxan jarri ostean, Kuartangon gelditu zen hilabete batzuk Lozano, toki estrategikoa zelako bidaiak egiteko, eta Bilbotik gertu zegoelako. "Madrilgo Ya egunkariko zuzendariak deitu zidan, Editorial Catolicaren kazeta, erredakzioa modernizatu nahi zutelako. Garaiko sistemak oso garestiak ziren, milioietako inbertsioa zen, zerbait merkeagoa behar zuten, eta Mac ordenagailuen bidez informatizatu nuen". Horretan zegoela, gainera, Bilbao Editorialek Editorial Catolica erosi zuen, eta egun batetik bestera dozenaka egunkari modernizatzen jarri zen, oso sistema klasikotik oso sistema modernora igarotzeko. "Kuartangon egotea ondo zetorkidan, Espainia osotik bidaiatzen nuelako; gainera, egoitza zentrala Bilboko El Correo Españolen zegoenez, sarritan joan behar izaten nuen zuzendari teknikoarekin hitz egitera, edo Juan Ignacio Mijangosekin diru kontuen inguruan".
Egunkari desberdinetan informatizazio lana koordinatzeko antolatu zuen Mac Help BBSa Kuartangon
Egunkari desberdinetan egiten ari zen informatizazio lana koordinatzeko antolatu zuen Lozanok Mac Help izeneko BBSa Kuartangoko bere etxean, Espainiako estatuan Mac ordenagailuekin martxan jarri zen lehen iragarki-taula elektronikoa. "Ez zegoen Internet, ez zegoen sare sozialik. BBSa muntatu nuen nire bezeroekin digitalki konektatuta egoteko, barneko posta elektronikoa bezala, eta, artxiboren bat behar baldin bazuten, bidali ahal izateko". Artxiboak, halabeharrez, oso txikiak izan behar ziren, eta sistema oso oinarrizkoa eta mantsoa. "Komunikazioak segundoko 1.200 biteko abiaduran egiten ziren, eta orain segundoko 600 milioikoa da zuntz optikoarekin; ez gara megaz edo gigaz hitz egiten ari; egungo 40 megako argazki bat bidaltzeko lau egun behar ziren". Sistemak funtzionatzen ez zuenean, herriko txokoan zegoen telefono zentralitara jaitsi behar zen katalana, "bi kolpe ematen nizkion, eta martxan jartzen zen berriro".
Sare pribatua zen hasiera batean Mac Help, eta, oso gutxitan okupatuta zegoenez, publikora zabaltzea okurritu zitzaion Lozanori, eta Zaragozako Unibertsitatean zituen hainbat ezagunekin komentatu zuen asmoa. "Oso ideia ona iruditu zitzaien, eta zabaltzen lagundu zidaten". Sare pribatua izatetik, egunero, 400 edo 500 bezero izatera igaro zen Kuartangon kokatutako BBS hori. "Informazioa elkar trukatzeko erabiltzen genuen. Esate baterako, NVIR Mac ordenagailuen lehen birusa desmuntatzeko argibideak jarri nituen. Finean, sare sozial bat zen, gaurko sareen aurrekaria, baina segundoko 1.200 karaktere eta dirutza ordainduta funtzionatzen zuena. Denetariko BBSak sortu ziren: umorezkoak, teknologiaren ingurukoak… Facebook talde bat bezala ginen".
Servicom, Interneteko lehen hornitzailea
Kuartangon bi urte "oso dibertigarri" igaro ondoren, eta hamabi kilo gizendu eta gero, "bertan ondo jaten da, eta gainera badakizu, txikiteoa, patxarana…", Lozano Kataluniara itzuli zen, Bartzelonako hainbat kazeta informatizatzera. "Kuartangotik BBSa eraman nuen eta Bartzelonan muntatu nuen, eta, 1990eko hamarkadan, interneterako konexioa eta interneteko zerbitzuak eskaintzen zituen estatuko lehen enpresa pribatua sortu genuen".
Servicom izena du Lozanok Eudald Domenech enpresariarekin batera martxan jarri zuen enpresa aitzindaria, eta Interneteko sarbidea milaka erabiltzaileri eman zion estatuko bigarren hornitzailea izatera igaro zen. "Internet Tarradellen jaio zen, herriko tabernan, Telefónica Españako zuzendariarekin egin genuen bilera batean". Topaketa horren ondorioz, Servicom bezalako hornitzaileekin erabiltzaileak lotzeko, Interneterako sarbide azkarragoa eta merkeagoa asmatu zuen Telefonicak, Infovia, TCP/IP protokoloarekin kommutatutako telefono-sarean zebilen sistema. "Internetera konektatzen zirenek dei lokala bakarrik ordaintzen zuten, eta modu horretan, edozein Internet hornitzailera konektatu zitekeen", azaldu du Lozanok. Berehala atera ziren zerbitzari gehiago, eta Telefonicak bere zerbitzari propioa martxan jarri zuen. "500 edo 600 zerbitzari egon ziren, baina gero hiru edo lau geratu ziren", azaldu du Lozanok.