AHTa ez den alternatiba bat eskatu dute Ribabellosan

Erredakzioa 2023ko mar. 13a, 12:00

AHTaren aurkako elkarretaratzea, Ribabellosan. / Argazkia: HALA BEDI

Igande honetan elkarretaratzea egin dute Erriberabeitiko udaletxearen aurrean, Ribebabellosan, AHTak udalerrian eta ingurunean izango duen eragina salatzeko eta tren sozialaren alternatiba aldarrikatzeko.

Duela egun batzuk, Espainiako Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agenda Ministerioak, ADIFen bitartez, 21 milioi euroan esleitu zuen Burgos eta Gasteiz lotzeko AHTaren zatia eraikitzeko proiektuaren idazketa, trazadura horren inguruko blokeoarekin amaitzeko asmoz.

Proiektuak Madril-Hendaia trenbidea ez den beste ibilbide bat proposatzen du, eta eragin nabarmena izango luke Arabako Haranetan. Eragin hori are handiagoa izango da Erriberabeitia udalerrian; gainera, ingurune horretan jada Miranda-Bilbo trenbidea, Miranda-Gasteiz trenbidea eta N-1, AP-1 eta AP-68 errepideak bezalako azpiegitura kopuru handia dago.

"Ez da beharrezkoa Burgos eta Gasteiz Abiadura Handiko Trenaz lotzeko azpiegitura berri bat sortzea", aldarrikatu du AHTrik Ez Arabako Haranak plataformak, gogora ekarriz ingeniari talde batek egungo trenbideak modernizatzeko eta egokitzeko alternatibaren azterketa egin duela, "trenbide erabilera posible guztiak igarotzeko, AHTa barne, Euskal Y-rako proiektatutako ezaugarri eta abiadura berberekin".

Erakundeei deia

Joan den ostegunean, martxoaren 9an, Mugikortasun eta Hiri Agendako ministro Raquel Sanchez Jimenezek bisita egin zuen Miranda Ebrora. Tren Sozialaren aldeko Plataforma berarekin biltzeko saiakera egin zuen, baina lortu ez zuenez, alkatearen bitartez alternatibaren azterlana helarazi zioten ministroari.

Horrez gain, Madrilen bilera bat egitea eskatu diote, proposamena lehen eskutik azaltzeko. Izan ere, 2021eko azaroaren 22an, Estatuaren Aurrekontu Orokorretan, Garraio Ministerioaren 17. atalaren barruan, Arabarako 200.000 euroko partida bat onartu zen, Burgos-Zaragoza trenbide azpiegiturak hobetzeko eta egokitzeko informazio azterlan bat egiteko. Gaur egun, partida hori ez da gauzatu, eta aurrekontu akordioa "ahalik eta lasterren betearaztea" eskatu diote ministroari.

Arabako Haranetako udalei ere —bereziki Erriberabeitiko Udalari— "egungo trenbideak egokitu eta bere egiteko aukeraren alde egitera" dei egin diete, "gure herriei kalitatezko tren zerbitzua emateko eta lurraldea ahalik eta inpaktu txikienarekin egituratzeko".

"Sozialki elitistak eta ingurumenaren suntsitzaileak diren azpiegitura berrien eraikitzea onartezina da", gaineratu dute. "Ez gaude ados gure udalerrian orbain berri bat eraikitzearekin, eta alternatiba bideragarri bat dago, merkeagoa eta bidaia-denboretan eragin txikia daukana. Alternatiba horrek gure herrietatik bideak hobeto pasatzea ekarriko luke, egungo legeriara egokituz. Tren soziala bultzatzen duen alternatiba, bizi garen herrietan bizi garen pertsonak egituratuz eta haiei zerbitzua emanez".

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago