Gaubeako liburutegian ekaina arte martxan dago hieroglifikoen inguruko ikastaroa. Ikasturtea amaitzean ikasleak gai izango dira perpaus errazak eta zenbakiak irakurtzeko eta idazteko, baita euren izenak eta jainkoenak eta faraoi nagusienak ere. Carmen Herrero (Bilbo, 1951) da lantegiaren zuzendaria; Antzinako Egiptok sortutako jakin-minagatik hasi zen pediatra erretiratua idazkera berezian sakontzen.
Nola sortu zen hieroglifikoen inguruko lantegia egiteko asmoa?
Liburutegiko arduradunarekin hitz egin dut sarritan Egiptori buruz, eta liluratuta zegoen gaiarekin. Idazketa lantegian ere hieroglifikoen inguruan aritu izan gara behin baino gehiagotan, eta Antzinako Egiptoko kulturarekin ere maiteminduta daude. Azkenean, animatu naiz, eta martxan jarri dugu ikastaroa. Ni ez naiz irakaslea, pediatra naiz, baina saiatzen naiz pazientzia izaten.
Nondik datorkizu Egiptoko kulturarekiko eta idazketarekiko zaletasuna?
Jakin-minagatik. Egiptologia oso erakargarria iruditu zait aspaldi. Pediatrian lanean ari nintzenean ikastaro bat egin nuen Coursera plataforma bitartez, ikasten ikasteko; eta hortik aurrera, erretiroa hartu nuenean, beste ikastaro batzuk bilatzen hasi nintzen, Egiptori buruzkoak. Bartzelonako Unibertsitate Autonomoak baditu hainbat ikastaro egiptologiari buruz, oso onak eta argiak, eta horietan izena eman nuen. Hasieran, egiptologiari buruzko online ikastaroa egin nuen, kulturari eta historiari buruzkoa; ostean, Erregeen Harana aztarnategi arkeologiko garrantzitsuenaren eta Egiptoko Erresuma Berriaren historia biltzen duen beste ikastaro bat; eta azkena hieroglifikoen hastapenei buruzkoa, zaila baina ederra. Antzinako Egiptoko Diplomatura ere egin dut, baina ikasgai bat gainditzea falta zait.
"Hizkuntza zaila da, bokalak ez idazteak egiten du bereziki zaila hieroglifikoak ulertzea"
Zer dute hieroglifikoek horren erakargarri izateko?
Idazkera xarmagarria da. Hieroglifikoetan ez dituzte bakarrik nota fonetikoak eta letrak zeinuen bidez idazten; zeinu batzuek hitz osoa irudikatzen dute; adibidez, eguzkiaren zeinuak eguzkia irudikatzen du, eta "ra" irakurtzen da; bela puztuak haizea esan nahi du, eta "chau" irakurtzen da. Zeinu alfabetikoak eta fonogramak ez diren zeinuak nahasten dituzte. Oraindik ulertzen ez ditugun irudiak erabiltzen zituzten egiptoarrek, batzuk kulturarekin lotuta daude, puztutako bela bezala, Nilo ibaiarekin lotuta dago; baina beste askok eta askok ez dakigu zer duten atzean.
Oso sinbolikoa da.
Hizkuntza zaila da. Bokalak ez idazteak egiten du bereziki zaila ulertzea. Pazientzia handia behar da hieroglifikoak ikasteko eta ulertzeko.
Herritar guztiek idazten zituzten hieroglifikoak?
Zuzenago edo okerrago guztiek hitz egiten zuten hizkuntza, baina eliteek bakarrik idazten zuten; eta eskribek denbora luzea ematen zuten hieroglifikoak egiten ikasteko, benetako artistak ziren. Garaiko hizkuntza bat jasotzen duen idazkera dira hieroglifikoak, baina oso gutxik zekiten idazten. Analfabetismo tasak oso altuak ziren, herritarren %2k bakarrik zekien idazten.
Zertarako erabiltzen ziren?
Denetarako. Kontratuak egiteko, hiri bat fundatzeko, eleberriak edo poesiak idazteko…. Harrietan edo papiroetan idazten zuten, segun eta testuak zer erabilera izango zuen. Hobietan ere, besteak beste, autobiografia modukoak idatzi zituzten, eta faraoien laudorioa egiten zuten hieroglifikoetan.
Misteriotsu fama izan dute beti hieroglifikoek. Zergatik?
Zerbait arraroa delako. Mesopotamian, garai berdinean, idazkera kuneiformeak erabiltzen zituzten, eta bokalak idazten zituzten, alfabeto osoa erabiltzen zuten; edo aurrerago, etruskoek, grekoek… Egiptoarrek, ordea, soilik erro kontsonantikoa idazten dute, eta oso zaila da jakitea zer esan nahi duten. Badakigu, adibidez, bihotz bat arteriarekin marrazten denean "nefer" esan nahi duela, baina ez dakigu nola ahoskatzen zuten; gainera, idatzita ez dauden bokalak kontuan hartzen badira, esanahia aldatu egiten da.
Hieroglifiko guztiak berdinak dira? Zonaldearen edo garaiaren arabera aldatu dira?
Tokiaren arabera baino garaiaren arabera aldatu dira. Edozein hizkuntza bezala, modu naturalean bilakaera bat izan zuen egiptoarren hizkuntzak; eta Egipto greziarren eta erromatarren menpean erori zenean, tenpluak eraitsi eta itxi zituzten, eta hieroglifikoak idazteari utzi zioten. Koptoa litzateke antzinako egiptoar hizkuntzaren azken garaiaren hizkuntza, baina soilik erlijioaren eremuan erabili izan da. Koptoaren eta antzinako egiptoar klasikoaren arteko harremana hizkuntza erromanikoen eta latin klasikoaren artekoaren antzekoa da.
"Zergatik lau milurtekoan inork ez zuen esan 'honaino heldu gara'?"
Zer da antzinako egiptoarrei buruz gehien harritu zaituena?
Bere sinesmenei nola heltzen zieten. Goi Egipto eta Behe Egipto bildu zirenean sortu ziren faraoiak, eta lau milurteko iraun zuen agintari gorena da. Herritar xumeen interesentzat faraoi onak eta oso txarrak egon ziren, eta hala ere, boterean mantendu ziren. Zergatik? Zergatik uste zuten jainkoaren ondorengoak zirela? Zergatik onartzen zizkieten kapritxo guztiak? Hori da gehien harritzen nauena, zergatik lau milurtekoan inork ez zuen esan "honaino heldu gara". Eta are harrigarriagoa da erregealdi forma hori gaur arte mantentzea, Europako dinastien parafernalian; ezin dut ulertu norbaiten seme-alaba izateagatik hainbeste pribilegio izatea.
Zer gomendatuko zenioke egiptologia ikasi nahi duen bati?
Bartzelonako Unibertsitate Autonomoaren egiptologia ikastaroa egiteko. Estatuan, egiptologia masterra egiteko aitortuta dagoen bakarra da, eta irakasleak aktiboan daude, indusketetan parte hartzen dute.
Ikasketekin jarraitzeko asmoa duzu?
Bartzelonako Unibertsitate Autonomoak, uztailera begira, hainbat irteera programatu ditu, eta gustatuko litzaidake batean parte hartzea, ikasitakoa praktikan jartzeko.