Heraldika museoa, Gaubeara

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2023ko ots. 10a, 08:00

Varonatarren Dorrearen inguruetan kokatuko da museoa. PHOT.OK

2007. urtera arte, Mendozako dorrean egon ziren Arabako Heraldika museoaren funtsak Varonatarren dorretxearen inguruetan kokatzearekin ados daude EAJ eta PP. Orain, epeak eta inbertsioak zehaztu behar dira.

Arabako Batzar Nagusietan batera eta bestera dabil Arabako Heraldika museoaren gaiak, aspaldi. Hurrengo asteetan eztabaidatuko dute, kultura eta kirol batzordean, funts garrantzitsuak non eta nola kokatuko dituzten. PPko Marta Alaña batzarkideak hasieratik defendatu du Varonatarren dorretxean (Villanañen) zabaltzea heraldika museoa. Halaber, 2023 eta 2024 urteetako aurrekontuetan partida bat zehazteko eskatu du; eta sei hilabeteko epean, behin betiko proiektu bat aurkez dezala aldundiak, Gaubeako Udalarekin lankidetzan, behar den finantzazioa zehazteko, eta kontserbazio eta musealizazio egokia ahalbidetzeko.

 

EAJk, berriz, alderdi popularraren proposamena ordezkatzeko zuzenketa bat aurkeztu du, eta proposatu du Gaubeako monumentuen balioa nabarmentzeko plan bat egitea diputazioak, eta horren barruan, Varonatarren dorretxearen inguruan heraldika museoa kokatzea. Jelkideek ez dute zehaztu plan hori egiteko epe mugarik, ezta aurrekontuetan ere zer partida  zuzendu beharko litzatekeen horretarako.

Dagoeneko, hamasei urte igaro dira Mendozako dorrea itxi, eta horrekin batera, Arabako Heraldika museoa herritarren bistatik desagertu zela. Besteak beste, irisgarritasun arazoak zituen XIII. mendeko dorretxeak, eta 2008. urtean, bertako funtsak Villanañeko elizara mugitzen hasi ziren, bertan gordetzeko. Izan ere, 2012. urtean, Mendozako dorrearen armarriak desmuntatzeko premiazko esku-hartzea egin behar izan zuten.

Armarri ikusgarriak

Mendozako museoan jasota zeuden funtsak probintzia osoan desagertzeko arriskuan zeuden armarriak sistematikoki biltzeko kanpainari esker jaso ziren, bai eta norbanakoek egindako emaitzei esker ere. Ezkutuak bilatzeko eta biltzeko lan horretan, Micaela Portilla historialari ospetsuak funtsezko zeregina bete zuen, hiru urtez.

Hala, museoak berrogeitik gora armarri zituen erakusgai, eta guztien artetik aipatzekoak dira Gaonatarren armarria, Sabando herrian, XIV. mendean botatako dorrean zegoena; eta Pedro Lopez de Aialak, Aguraingo Konteak, Gasteizen zeukan jauregian zegoen armarri xehetua. Erakusten ziren piezez gain, argazkien, irudien eta bideoproiekzioen bidez, beste ezkutu asko deskubritzeko aukera zegoen erakusketa honetan. Halaber, Arabako Erdi Aroko jantziak zeuden. 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago