Añanako Gatz Harana Fundazioak kalitate-zigilu berri bat aurkeztu du SIPAM (Mundu Mailako Nekazaritza Ondarearen Sistema) markaren menpe. Zigilu horren helburua gatzagen ondarea babestea eta garapen sozioekonomikoa sustatzea da, turismo-baliabideen garapen iraunkorraren bidez. Kalitate-bereizgarriak turismoaren eskaintza alternatibo bat diseinatzea ekarriko du, biodibertsitatearekin, paisaiarekin, nekazaritzarekin eta baso jarduerekin lotuta, eta SIPAM guneetako kultura eta antropologia ondarea ezagutarazteko esperientziak oinarri izango ditu.
Añanako Gatz Haraneko eragin eremuan dauden ekoizleak atxiki ahal izango dira SIPAM marka berriari, eta dagoeneko kalitatearekin eta jasangarritasunarekin konprometitutako eskualdeko hogei eragile baino gehiagori eman zaie horren berri.
SIPAM aitzindaria
Añanako Gatz Harana Fundazioko zuzendari Pablo de Oraak gogorarazi du Añanako Gatz Harana Elikadura eta Nekazaritzarako Nazio Batuen Erakundeak (FAO) onartutako Europako lehen SIPAMa izan zela. Saria 2017an iritsi zen Añanako Gatz Haranera, eta gaur egun bost SIPAM daude Espainiako estatuan, eta guztira, FAOk nekazaritza-ondareko 72 sistema onartu ditu 23 herrialdetan.
Mundu Mailako Nekazaritza Ondarearen Sistemak (SIPAM) paisaia natural harrigarriak ez ezik, landa eremuetan bizibideak sortzen dituzten nekazaritza jarduerak ere irudikatzen ditu, eta, aldi berean, biodibertsitatea, ekosistema erresilienteak eta tradizioa eta berrikuntza modu paregabean uztartzen ditu.