FAOren nekazaritza ondareko zerrendan sartu da ofizialki Gatz Harana

Erredakzioa 2018ko api. 19a, 14:22

Gatz Harana Munduko Nekazaritza Ondareko Sistema Garrantzitsuen zerrendan dago. / Alea

Arabako agintariek Erroman jaso dute aitortzaren ziurtagiria.

 

Gesaltza-Añanako Gatz Harana GIAHS Munduko Nekazaritza Ondareko Sistema Garrantzitsuen zerrendan dagoela adierazten duen agiria gaur goizean jaso dute Arabako agintariek, Erroman. FAO Nazio Batuen Elikadura eta Nekazaritza Erakundeak bultzatutako zerrenda da hau, eta bertan landako bioaniztasuna, erresilientzia duten ekosistemak eta ondare kultural garrantzitsua biltzen dituzten guneei aitortza egiten die nazioarteko erakundeak.

Arabako eskualdearekin batera, beste 12 eskualde sartu dira zerrendan. Korea, Txina, Egipto, Japonia, Mexiko, Portugal eta Sri Lankan daude landa eremu horiek. Guztira, orain arte 50 leku daude FAOk bultzatutako zerrendan.

Arabako diputatu nagusi Ramiro Gonzalezek jaso du Gatz Harana bertako kidetzat hartzen duen agiria. Haren esanetan, “ondare ikaragarria dugu Gatz Haranean, eta, hemendik aurrera, Nazio Batuek ere badakite Arabako altxor honen berri, eta ziur naiz proiektuari bultzada bat emateko balio izango duela".

Gatz Haraneko gerente Andoni Erkiagak Gatz Haranean erabiltzen den nekazaritza sistemaren aurkezpen laburra egin du, bideo baten bitartez. Bertan, duela urtebete hautagaitza aurkezteko erabili ziren irizpideak laburbildu dituzte.

2016an hasi ziren hautagaitza lantzeko lanak. Iaz Gatz Harana bisitatu zuen FAOko ebaluatzaile Mauro Agnolettik. Florentziako Unibertsitateko adituak orduan aurreratu zuen Araban ikusitakoa "bakarra eta apartekoa" zela. Berez, iazko azaroan egin zuen FAOk aitortza, baina gaurtik aurrera egoera hori ofiziala da dagoeneko.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago