Arrazoia ez da ezagutzen, baina datuak argiak dira: Valderejon habia egiten duten sai arre (Gyps fulvus) bikoteen kopuruak beheraka ari dira urtetik urtera. Espeziearen ugalketari buruzko adierazle guztietan nabaria da beherapen hori. 2019ko erroldan 108 bikote zenbatetsita zeuden. 2020an, 92. Iaz berriz, 80 baino ez zituzten zenbatu. Hurrenez hurren, hiru urte horietan txitaldiari ekin zioten bikoteak 95, 73 eta 65 izan ziren. Hegan egitea lortu zuten txitei dagokienez, berriz, 69, 51 eta 46 izan ziren.
Datuok Valderejoko 2021eko jardueren eta emaitzen txostenean jasota daude. "Beherakada hau kezkagarria da, are gehiago kontuan hartzen badugu beherakadaren motiboa ez dela ezagutzen", aipatu dute agirian parkeko arduradunek. Ez omen da, gainera, Valderejori baino ez dagokion arazoa, lurralde osoari baizik, bertan aipatutakoaren arabera. Horregatik, "jarraipen zehatzagoa egitea" proposatu dute, "Arabako Lurralde Historiko mailan arazoaren berri izateko".
Interes Bereziko Espeziea
Sai arrearen gaineko jarraipena 2015etik egiten da, urte horretan Jaurlaritzak eta EAEko hiru diputazioek hegazti nekrofagoak kudeatzeko plan bateratua martxan jarri zutelako. Izan ere, espeziea Interes Berezikotzat hartzen da gaur egungo legedian, eta, horregatik, espeziearen babeserako neurri zehatzak eta horien gaineko jarraipena ezartzen ditu araudiak.
Jarraipen hau egiteko diputazioak martxan jarri duen lizitazio agirietan ere azaltzen da gaiaren gaineko kezka. Bertan zehaztu dutenez, 2019an erroldak emandako datuak "etsigarriak" izan ziren. Orduan Araban "500 bikote baino zertxobait gehiago" arkitu zituzten. Arazoa da askoz gehiago izatea espero zutela, esku artean zituzten datuek baikortasunerako bidea ematen zutelako. Baina, hein handi batean, eta teknikariek berek agirian onartu dutenez, administrazioak ez zuen izan egoeraren berri izateko modurik.
Administrazioa, itsuan
Izan ere, 2008 eta 2014 urte tartean hamar koloniaren gaineko jarraipena egin zuten —populazio osoaren bi heren inguru—, eta bertan ikusi zuten populazioak goraka ari zirela. 2015-2018 urte tartean, berriz, "egoera ekonomikoagatik", ez zuten jarraipenik egin.
2019an errolda berreskuratu zutenean konturatu ziren populazioak bere horretan zeudela, gora egin gabe. Kopuruek hazten jarraituko zutela uste zuten, eta lurraldean 250 bikote inguru gehiago egongo zirela pentsatu zuten. Baina, esan bezala, 500 horien bueltan geratu zen kopurua.
Hortaz, arazo ekonomikoak argudiatuta errolda horiek egin ez izanak espeziaren kudeaketan txarrerako eragina izan duela onartu du diputazioak —2022an enpresa bati esleitu diote, 13.783 euroan—. "Urteko ebidentziarik ez egoteak agerian utzi du zaila dela hasierako hazkundearen eta amaierako beherakadaren ustezko kausaren diagnosi ona egitea, eta, era berean, eragotzi du espeziea kudeatzerakoan administrazioak erantzun bat eman ahal izatea", dio Josean Galera Ingurumen diputatuak sinatutako agiriak.