Talde independenteak eskatuta, bilera bat izan dute Ribabellosako udaletxean, energiaren fakturaren igoerak kaltetutako Erriberabeitiko bizilagunen kezkak Ekiola parke fotovoltaikoa kudeatzen duen Krean taldeko arduradunekin partekatzeko, eta arazoak konpontzeko asmoz. Erriberabeitia Bizirik taldeko zinegotziek azaldu dutenez, "enpresak onartu du fakturak ez direla batere ulergarriak, baina ondo kobratu dutela esan dute". Bilera horretan talde independenteak azaldu du batzarretan agindutakoa ez direla betetzen ari, "baina ez gara ados jarri fakturaren beherapenaren inguruan".
Udal talde independentearen arabera, zabaldu nahi duten ereduarekin, hau da, Ekiola eredu misto publiko-pribatuarekin ados egoteko interesa dutela argi utzi dute bilera horretan Ekiola parke fotovoltaikoko arduradunek. "Ekiolari ez zaio interesatzen sistema hau proposatzen duten lehen udalerrian protesta bat izatea, estatu osora zabaltzen ari baitira. Guk, aldiz, uste dugu benetan serio har gaitzaten erreklamazioekin jarraitu behar dugula", esan du Erriberabeitia Bizirik-ek.
Talde independenteak azaldu duenez, Ekianek Ribabellosan duen planta fotovoltaikoa aprobetxatuz, argindarraren fakturan %30eko murrizketa agindu zuen EAJk aurreko hauteskundeetan. Horren ondotik, maiatzean, udal gobernuak eta EEEk bilera ireki batzuk deitu zituzten, eta han Ekiluz izeneko merkaturatzailea aurkeztu zuten. "Bilera horietan, udalerriko kontsumitzaile guztientzat argiaren horniduran proposamen onuragarri bat planteatu zen, bi printzipio hauetan oinarritua: gardentasuna eta prezio justu eta lehiakorra". Bada, talde independenteak salatu du lehen fakturak jaso ondoren, argindarraren kostua ez dela murriztu, eta aldiz, %30 igo diela Ekiluzek faktura, "EEEk eta gobernu taldeak antolatutako bilera ireki horietan eskaintzen zena bete gabe utziz".
Erriberabeitia Bizirik udal talde independenteak azpimarratu du, gainera, baldintza nagusia zela Ekian parkearen funtzionamendu-orduak 0,067 euro kilowatt-ordu ordainduko zirela, eta, fakturan ikusten denez, kilowatt guztiak merkatu libreko prezioan kobratzen dituzte, azaldutakoaren arabera.