Bioargi enpresak tramiteak hasi ditu hogei megawatteko potentzia izango duen planta zabaltzeko, eta 57.800.000 euroko inbertsioa egingo du Lantarongo industrialdean.
Proiektuaren jarduera nagusia basogintzako eta nekazaritzako hondakinak aprobetxatuz elektrizitatea sortzea izango da, baina iraunkortasun ekonomikoa bermatzeko jarduera paralelo posibleak ere aztertuko ditu enpresak. Halere, enpresak zehaztu du babes publikoa beharko duela jarduera horiek martxan jartzeko: "Izaera berritzaile nabarmena duten ekimenak direnez, eta merkataritza-bideragarritasuna oraindik frogatu ezin izan denez, horien garapen eraginkorrak laguntza publikoko mekanismoetatik lor daitekeen ekarpen ekonomikoa eskatuko du".
Instalazioan ekoitzitako energia Larrazubiko elektrizitate azpiestaziora eramateko, 132 kilowateko potentzia eta 5.932 metroko luzera izango duen goi-tentsioko linea elektrikoa aurreikusita dago, 20 euskarrirekin; eta 500 metro koadro inguruko lurzoruak okupatuko ditu.
Hegaztientzat arriskua
Ingurumenean eragin ditzakeen kalteen inguruan, enpresak berak aitortzen du Larrazubiko azpiestazioarekin lotzeko sare elektrikoaren azken zatiak hegaztien talka eta elektrokuziotik babesteko eremu "txiki" bat zeharkatzen duela, eta hegaztiak eta biodibertsitatea kontserbatzeko eremu garrantzitsu bat, Sobrongo Arroila, ere hartzen duela. Era berean, biomasa planta instalatuko den lurzatia babes eremu horretatik oso gertu dagoela aitortzen du. "Horregatik, neurri egokiak hartu beharko dira hegaztiak babesteko".
Era berean, goi-tentsioko lineak landare dentsitate nabarmena duten eremuak zeharkatzen dituela jasotzen du enpresaren dokumentazioak, "suteagatik arrisku handia dutenak".
Baimenen zain
Eusko Jaurlaritzaren Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariaren urriko ebazpen batean jasotzen dira datuok, hain zuzen Lantarongo biomasaren proiektuaren ingurumen-inpaktuaren azterketak zer urrats egin behar dituen azaltzeko onartutako ebazpenean. Bioargi S.L. sustatzaileak dokumentu integratu bat aurkeztu beharko du, proiektu teknikoa eta ingurumen-inpaktuaren azterketa jasotzen dituena, eta halaber Lantarongo Udalaren baimena beharko du aurrera egiteko.