Energia sortzeko biomasa planta bat kokatu nahi du Bioargi S.L. enpresak Lantarongo industrialdean, nekazaritzako eta basogintzako hondakinak aprobetxatuz elektrizitatea sortzeko. Laboreetatik, basoetatik eta zerrategietatik eratorritako nekazaritza eta baso hondakinak erabiliko lituzke erregai gisa.
20 megawatteko potentzia elektrikoa izango luke instalazioak, eta horrez gain, ekoitzitako energia Larrazubiko elektrizitate plantara eramateko, 132 kilowateko potentzia eta 5.932 metroko luzera izango duen goi-tentsioko linea elektrikoa aurreikusita dago. Aurreikuspenen arabera, instalazioa urtean 8.000 orduz egongo da martxan, eta urtean 151.000 tona biomasa kontsumituko ditu. Biomasako plantak 64.850 metro koadroko azalera okupatuko luke, gutxi gorabehera, Lantarongo industrialdeko industria-pabiloien artean.
Eusko Jaurlaritzaren Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariaren urriko ebazpen batean jasotzen dira datuok, hain zuzen Lantarongo biomasaren proiektuaren ingurumen-inpaktuaren azterketak zer urrats egin behar dituen azaltzeko onartutako ebazpenean. Bioargi S.L. sustatzaileak dokumentu integratu bat aurkeztu beharko du, proiektu teknikoa eta ingurumen-inpaktuaren azterketa jasotzen dituena, eta halaber Lantarongo Udalaren baimena beharko du aurrera egiteko proiektuarekin.
Bioargi S.L., Bizkaian, 2021ean sortutako enpresa da, energia elektrikoa sortzeko plantak sustatzeko, diseinatzeko, garatzeko eta eraikitzeko; eta Sener ingeniaritza konpainaren parte da.
Miranda Ebro eta Errigoiti
Eusko Jaurlaritzaren dokumentazioan jasotzen denez, Lantarongo kokapena aukeratu aurretik, beste bi toki baztertu ditu enpresak. Aukera gisa zegoen Miranda Ebron (Burgos) antzeko ezaugarriak dituen planta bat eraikitzea, baina Larrazubiko azpiestazio elektrikotik urrunago dago, eta, beraz, sortutako energia elektrikoa garraiatzeko neurri handiagoko sarea beharko luke.
Proiektua Errigoitin (Bizkaia) ezartzeko beste kokapen bat aztertu zen ere, baina enpresak aurkeztutako dokumentazioaren arabera, azken aukera hori ere baztertu egin da; izan ere, erabili nahi zen lurzorua proposatutako erabilerara egokitzeko egin beharreko administrazio tramiteak eta urbanizazioaren garapenak asko luzatuko lukete instalazioa martxan jartzea.
Proiektuaren jarduera nagusia energia elektrikoa sortzea eta garraiatzea izango da, baina iraunkortasun ekonomikoa bermatzeko jarduera paralelo posibleak aztertuko ditu enpresak, hala nola, hondar-beroa aprobetxatzea hiri-berokuntzarako; CO2 atzitzeko, biltegiratzeko eta arazteko instalazioa sortzea, elikagaien industrian, industria kimikoan edo berotegietako laborantzetan erabiltzeko; eta basoko eta nekazaritzako biomasaren hondakinak biltzeko, prozesatzeko eta paketatzeko zentroen sarea, eta basoak garbitzeko sarea eta plantara arteko garraioa digitalizatzea.
Instalazioak eremu bereiziak izango ditu, erregaia jaso, bereizi eta biltegiratzeko, bai eta erretzeko instalazioak eta presio handian gainberotutako lurruna sortzeko ere.
Hegaztientzat hesia
Sortuko duen energia elektrikoa tentsio handiko sare berri baten bidez garraiatuko du biomasa plantak Larrazubiko azpiestazio elektrikora. Sare horrek 5.932 metroko luzera izango du guztira, 20 euskarrirekin; eta guztira, 500 metro kuadro inguruko okupazioa izango du. Instalazioak ingurumenean izan ditzakeen kalteen inguruan, Eusko Jaurlaritzak azpimarratzen du inpaktu nagusia hegaztiek talka egiteko eta elektrokuziorako arriskua handitzen dela, goi-tentsioko linea berriagatik.
Halaber, linea horrek Ebro ibaiaren eta iparraldeko beste gune natural batzuen arteko hegaztien fluxuan eragina izan dezakeela jasotzen du, eta linea elektrikoak Interes Komunitarioko Habitatak okupatuko dituela. Horrez gain, Larrazubitik gertuen dagoen linearen zati batek Sobron-Caicedo Yuso aintzira eta Arreoko korridore ekologikoarekin bat egiten duela nabarmentzen da.
Ildo estrategikoa
Biomasa ildo estrategikoa da Eusko Jaurlaritzaren energia berriztagarrien planaren barruan. Hala ere, Lantarongo biomasa planta geldirik egon da orain arte, nahiz eta aurrekontuetan bost milioi euro baino gehiago eta Europako funtsak eskuratzeko Jaurlaritzaren proiektua egon.
EEEren datuen arabera, biomasa EAEko energia berriztagarriko iturri nagusia da. Baso-biomasa (batez ere kogenerazio moduan papergintzaren sektorean) kontsumo berriztagarriaren %54 da, eta hiri-hondakin solidoak eta biogasa, biak batera, %2. Industria-sektorean biomasa-kontsumo osoaren bi heren kontzentratzen dira, baina beste sektore batzuetan erabilera gero eta handiagoa da.
Gaur egun gure erkiegoan dauden instalazio nagusiak honako hauek dira:
- Zabortegiko biogasa eta Hondakin Uren Araztegiak (HUA). Zortzi instalazio txiki, 5 MW-eko potentzia instalatuarekin: BioArtigas, BioSanmarkos, BioGardelegi, BioSasieta, Galindoko HUA eta Loiolako HUA.
- Hiri Hondakin Solidoak (HHS): Zabalgarbi, 20 MW-eko potentzia instalatuarekin, eta Zubieta.
- Basoko biomasa. Papergintza-sektoreko kogenerazio-plantak, horien artean Zikuñaga (Hernani) eta Smurfit Kappa (Durango) nabarmentzen dira, 46 MW potentzia dutelarik.