Ribabellosan sartu eta berehala ohartzen gara ez dela nolanahiko udalerria; makina garbitzaile moderno bat bueltaka dabil herriko plazaren inguruan. Ez da Añanako Kuadrillako hiriburuan disfrutatzen duten luxu bakarra. Bertako bizilagunek denetariko zerbitzuak dituzte: haur-eskola, ikastetxea, farmazia, sukurtsala, industrialdea eta Eroski hipermerkatu bat. Guztia, Miranda Ebrotik (Burgos, Espainia) sei kilometrora eta EAEko plataforma logistiko handienaren alboan. Erriberabeitiko EAJko alkate Miren Josebe Santamariak (Gasteiz, 1978) aitortu du askorentzat "herri perfektua" dela.
Legegintzaldiaren balantzea egiteko ordua iritsi da?
Covidak baldintzatu du. Egitasmo batzuk gelditu dira, udalerrira etorri behar zen enpresa bat ez da etorri, eta aurreikusten genuen diru sarrera horrekin eraiki nahi genuen aparkalekua atzeratu da. Hori zen gure lehentasunetako bat, lurzoruen erosketaz gainera, 500.000 euroko inbertsioa eskatzen duelako, baina finantzaketarik gabe ezin da egin.
Aparkatzeko arazoak daude?
Ribabellosan aparkatzeko tokirik ez dago, eta toki horretan autoentzako aparkaleku bat jarri nahi dugu, eta autokarabanentzako espazio bat ere egokitu. Gainera, gazteentzako etxebizitza sozialak ere aurreikusita daude lurzoru horretan. Eusko Jaurlaritzarekin hitz egin dugu jada eta Etxebide bitartez egingo genuke; Udalak lurzorua emango du eta haiek eraikuntza eta kudeaketa egingo dute. Udalak kudeatuko duen etxebizitza bat ere gordeko da, gizarte-larrialdietarako. Baina finantzaketaren zain gaude.
Etxebizitza arazoa dago udalerrian?
Salgai zeuden etxebizitzak saldu egin dira, kanpotik lanera etorri eta etxebizitza bat erosi zuelako jendeak; eta merke erosi zituzten etxe horiek orain garesti saltzen ari dira. Horren ondorioz, etxebizitzen prezioak gora egin du, eta mileuristak diren gazteek edo lanaldi erdiak dituztenek etxebizitza erosteko gaitasuna galdu dute. Lehen, 300 biztanle ginen, nekazariak, eta orain mila biztanle baino gehiago gara Ribabellosan, eta 1.500 udalerri osoan. Askok geratu nahi dute hemen, herria gustatzen zaielako, haur-eskola, ikastetxea, eguneko arreta zentroa, Kutxabankeko bulegoa eta farmazia daude, Udalaren egoitza, Añanako Kuadrillaren egoitza, Miranda Ebro sei kilometrora, N-1 errepidea ondoan eta Madrilekiko eta Frantziarekiko lotura zuzena... Herri perfektua dela esan daiteke, ez delako oso handia, eta zerbitzu asko ditu.
"Errazago etorriko da argentinar bat Ribabellosara gasteiztar bat baino"
Eta Arasur ondoan. Herrian enpresa berriak kokatzeko eskaera asko dituzue?
Bi industrialde ditugu, Arasur eta beste bat txikiagoa, La Cova. Hain zuzen, orain dela gutxi bertan zabaldu du hemengo nekazari batek intxaurrak ontziratzeko fabrika bat. Udaletxera jende asko etortzen da galdetzera, baina lokal gutxi ditugu.
Miranda Ebrotik sei kilometrora dago Ribabellosa. Zer harreman dago bertako udalarekin?
Ez dugu harreman politikorik. Beste kontu bat da hemengo biztanleek erosketak eta beste jarduera asko Miranda Ebron egiten dituztela, gertutasunagatik; ni optikara joan behar baldin banaiz Miranda Ebrora noa, Gasteizera joatea tontakeria da. Dugun proiektu komun bakarra igerilekuak dira, bertan igerileku klimatizatuak dituztelako eta guk neguan ez, beraz hitzarmen bat dugu hemengo biztanleek gutxiago ordain dezaten.
Askok Ribabellosatik ezagutzen duten gauza bakarra Arasur da.
Gainera, Berantevilla eta Ribabellosa konfunditzen dituzte, kar, kar. Ernegatu egiten naiz! Gasteizkoek ez dituzte herriak ezagutzen, eta Añanako Kuadrillatik gatza bakarrik ezagutzen dute. Egia da ez garela turistikoak, baina Manzanosen, adibidez, aterpe bat dago eta jende askok ez daki. Ziur errazago etorriko dela argentinar bat, google-n begiratu eta gero, gasteiztar bat baino.
"Herrietan ez da hirietan bezala, dena egina dutela; hemen inplikazioa behar da"
Harreman ona du Udalak batzar administratiboekin?
Sei dira, eta horietatik bi alderdi politikoren izenean aurkeztu diren pertsonek kudeatzen dituzte. Batzuekin ondo eta beste batzuekin okerrago konpontzen gara, bakoitzak elkarrizketarako duen jarreraren arabera, baina berdintasunez tratatzen ditugu, eta ahal dugun neurrian laguntzen saiatzen gara.
Zer behar dituzte?
Ezbeharrak gertatzen direnean laguntzen diegu, adibidez; uholdeak egon zirenean bide batzuk hondatu ziren eta lagundu genien konpontzen. Diru laguntza ere ematen diegu oinarrizko zerbitzuen mantenurako: argia eta gasa; eta jaiak antolatzeko; eta arazo zehatzak izaten dituztenean ere laguntzen diegu. Bestalde, kaleen garbiketa eta lorategien mantenua udalerri osorako lizitatzen du Udalak, eta makina garbitzailea sei herrietara joaten da. Ez dugu egin beharrik, kaleen garbiketa herrien batzar administratiboen ardura delako, baina egiten dugu. Herri txikietan oraindik auzolanak egiten dituzte, baina beste batzuetan jendeak esaten du zergak ordaintzen dituela, eta horrekin nahikoa dela pentsatzen dute. Segun eta herriaren parte sentitzen zaren edo ez, batzuetan ez da ulertzen herrietan ez dela hirietan bezala, dena eginda dutela; hemen, bizilagunen inplikazioa behar da.
Erroldan mugimendu asko egon da azken urteetan?
Garai bat izan zen hemen non bikoteak etortzen ziren Gasteiztik, etxea erosten zuten, txakurra, bi kotxe, lorategia, ume bat izaten zuten, eta bi urtera banandu egiten ziren. Kasu asko egon ziren. Jendeak argi izan behar du hiriko erosotasunak ez dituela hemen aurkituko, edozein gauza egiteko kotxea behar dela. Badaude ere herrian hogei urtez bizitzen daramatzatenak eta ez ditugunak ezagutzen, ez dutelako bizitza egiten herrian… baina gutxiengoa dira. Egia da edozein gauza antolatzen dugunean jendeak parte hartzen duela, jaietan edo bestelakoetan; gehiago kostatzen da berdintasunaren inguruko jarduerekin, baina hori gizarte osoan dagoen arazoa da.
Ribera Baja-Erriberabeitia da orain udalerriaren izen ofiziala. Polemika luzea egon da aldaketaren harira.
Finean, polemika politikoa izan da, oso nekagarria. Azkenean erabaki da gaztelaniazko eta euskarazko izenak mantentzea, lehenbizi erdarazko izena eta bigarrenik euskarazkoa. Erabaki logikoena da bi izenak mantentzea, udalerri honetan %95 gaztelaniaz mintzatzen delako eta %5 euskaraz. Baten bati ez zaio gustatuko, gaztelaniazko izena bakarrik mantendu nahi zuelako, baina udalbatzan erabaki genuen ezin zela hizkuntz bakarra utzi, horrek ez diolako udalerriaren errealitate linguistikoari erantzuten. Oso modan egon zen gaia momentu batean; euskaldunek konkistatu behar gintuztela ere banatu zuten buzoietan, baina pasatu da, eta antza, denok pozik atera gara ez baitira alegazioak aurkeztu.
"Baten bati ez zaio gustatuko aldaketa, gaztelaniazko izena bakarrik mantendu nahi zuelako"
Ekian parke fotovoltaikoa etxe atarian dago. Zer abantaila ekarri ditu herritarrentzat?
Hasieratik esan genuen nekazaritza lur emankorrak okupatzeak onurak ekarri behar zituela herritarrentzat, eta lanpostuetan ez bazegoen aukera, argiaren fakturan jaitsiera egon behar zela. Hartara, Ekiluz energia konpainia merkaturatzailea sortu dute, eta proposamena egin diete Ribabellosako bizilagunei horretara aldatzeko. Alta, apirilean Espainiako Gobernuak gasa konpentsatzeko argiaren fakturan ezarri duen tasagatik faktura jada ez da hainbeste jaitsiko.
Udal eraikinak ere hornituko dira Arasurretik?
Ez. Udal eraikinak hornitzeko kontratua lizitaziora atera behar da, eta energia enpresak ez daude prest lehiaketara aurkezteko… Hor dago arazoa, eta ikusi behar dugu nola egiten dugun, ezin dugulako nahierara esleitu.
Konponketa asko egin dituzue Unamunzaga ikastetxean azken urteetan.
Haur-eskola zabaldu dugu berriro, eta Unamunzaga ikastetxean urtero konponketak egin behar dira. Aurten, karpa bat jarri dugu, orain arte portxe txiki bat zegoelako soilik eta 122 umerentzako txiki geratzen zen. Alarma bat ere jarri dugu ikastetxean, itoginak konpondu ditugu, autobusen sarrera-irteerak birkokatu ditugu, zolua aldatu dugu, gelak berrantolatu dira, eta paretak margotu. Bestalde, ikastetxearen kudeaketa udalarena da, eta inguruko beste udalekin adostu behar dugu. Lehen ez zegoen adostasun handirik alkateen artean, harremanak apurtu ziren, eta aldebakarreko erabakiak hartzen ziren. Gu legegintzaldiaren hasieran alkate guztiekin bildu ginen; Armiñon, Lantaron, Zanbrana eta Berantevillalantaldean sartu dira, guztiak, Zanbranakoa izan ezik; beraz, orain inbertsioak egiteko orduan adostuak izaten dira.
Arlo sozialean, zein da lehentasuna?
Gazteei aisialdirako alternatibak eman nahi dizkiegu, eskatzen digutena emateko prest gaude. Eskola jazarpenaren inguruan jarduera batzuk antolatu ditugu, eta kezkatuta gaude ere hamabi urterekin porroak erretzen hasten diren umeekin… Horregatik, gizarte etxearen gaueko ordutegia zabaldu nahi dugu, asteburuetan, gazteek eskatu digutelako, egin nahi dituzten jarduerak egiteko.
Garoñako plan estrategikoaren barruan dago Erriberabeitia. Proiekturik aurkeztu al du Udalak?
Bai. Batetik, Arasur, La Coba eta N-1 errepidearen artean dagoen hezegune bat berreskuratu nahi dugu. Azalera handia du, eta ibilbide bat egin nahi dugu, atseden gune bat jarri, eta arbola espezie desberdinak landatu nahi ditugu, paseko hegaztiak atseden hartzeko toki hobeagoa izan dezaten. Bestetik, Diputazioarekin eta Gaubeako Udalarekin batera, BTT ibilbidea finantzatzeko diru laguntza ere eskatu dugu.
AHTak izan ditzakeen kalteak kezka berezia sortzen dizu?
AHTaren ibilbidea udalerritik igaroko zela jakin zenean, batzar administratiboak eta elkarteak baino lehen, Udalak bilera bat eskatu zuen informazio guztia jasotzeko. Beti da kezkagarria horrelako proiektu bat, ez dakizulako zer eragin izango duen, eta guztioi interesatzen zaigu ahalik eta kalte ekologiko txikiena egitea; baina nonbaitetik pasatu behar da, hori argi dago. Lurra okupatzeak denoi molestatzen digu, baina AHTa ondo iruditzen zaigu komunikazioak erraztea ekarriko duelako. Dena den, Erriberabeitiko jendearentzat kezkagarriena Miranda Ebrorekin egin nahi duten bypassa da, baina ez dago ezer definituta, eta aldez aurretik kezkatzea… Alegazioak aurkezteko epea zabaltzen dutenean ikusiko dugu zer egiten dugun.
EAJko alkategaia izango zara hurrengo hauteskundeetan?
Ez dugu hitz egin. Ikusiko dugu. Ni oso pozik nago alkate bezala. Onena emaitzak ikustea izan da; hemen bizi naiz eta beti ikusten ditut beharrak. Lehengo alkatearekin dena ziren eraikinak. Baina zertarako nahi dituzu hainbeste eraikin betetzen ez badituzu? Guk, ordea, bizilagunen beharrei erreparatu nahi diegu.