Negutegiak berotzeko formula berritzaile baten bila dabil Gaubeako tomate enpresa

Erredakzioa 2022ko urriaren 6a

Tuestako negutegiaren egitura amaitzear dago. PHOT.OK

Tomateak hazteko egituren eraikuntza amaitzear dago Tuestako industrialdean, baina sustatzaileek adierazi dute egungo energiaren kostuekin ezin dela ekoizten hasi.

Energia kostuen igoerak Tuestako tomate hidroponikoen negutegiaren proiektua gelditu eta gero, Cultivos Araba SL enpresa kostu horiek arintzeko formula baten bila dabil. Bitartean, 2022ko udazken-negurako aurreikusten zuten lehen tomate kanpaina bertan behera utzi behar izan dute, enpresak ezin dituelako bere gain hartu egungo energiaren kostuak, batetik berotegiek eskatzen duten elektrizitateari dagokionez –itxiturak, ureztatzea...–, eta bereziki negutegiak berotzeko behar duten energiari dagokionez.

Tuestan eraikitako makroegitura horren arazo nagusia beroa lortzea da, eta proiektuaren sustatzaileek Cronica Vasca hedabide digitalari adierazi diotenez, formula berritzaile baten bila ari dira, beroa garraiatzea eta biltegiratzea ahalbidetuko duena eta ekoizpenaren kostuak merketzea ahalbidetuko duena. Oraingoz ez dago irtenbide zehatzik, baina proiektua lehenago edo geroago aurrera aterako dela adierazi dute enpresako iturriek.

Gaur egun, enpresaren lehentasuna da 2023ko udaberrirako energiaren arazoa konpontzea eta landaketa udarako hasi ahal izatea, supermerkatuetara lehen tomateak datorren udazken aldera helarazteko asmoarekin.

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago