Txulato mendia ez basoberritzea salatu du Zanbranako alkateak

Erredakzioa 2022ko urr. 6a, 16:02

Txulato mendia abuztuan erre zen. ZANBRANAKO UDALA

Erretako 136 hektarea horiek "modu naturalean birsortzea"  proposatu die Arabako Nekazaritza sailak Zanbranako eta Berantevillako administrazio batzarrei eta udalei.

Iragan abuztuaren 8an, Ozio herritik gertu, Txulato mendiaren 136 hektarea erre zituen sute handi batek. Aldundiak eman zituen datuen arabera, batez ere basobera, eta 20 hektarea laborantza-azalera erre ziren orduan. Bada, bi hilabete eta gero, Diputazioaren Nekazaritza saila kaltetutako administrazio batzarrekin eta Zanbrana zein Berantevillako udalekin bildu da, eta proposatu die basoa berez berreskuratzen uztea. Teknikoen arabera, modu horretan hiru urtetan basoberrituko da erretako ingurunea.

Alta, Zanbranako alkate Aitor Abeziak gogor kritikatu du erabakia. "Ozioko eta Zabalateko administrazio batzarren aldarrikapenak gutxiesten dituzte, ez daudelako prest euro bakar bat ere inbertitzeko su hartutako gure Txulato mendia berreskuratzeko". Gainera, Abeziak salatu du Diputazioak ez duela kudeaketa plana sute baten ondoren jarduteko. "Jakina, natura jakintsua da, birsortzeko gaitasun handia du, baina kontu handiz eta irizpide teknikoekin jokatuz gero", esan du.

Zanbranako alkatearen arabera, mendia erre egin zen, 1994ko suteaz geroztik ez delako euro bat inbertitu pistak kontserbatzeko, landareak kontrolatzeko edo suebakiak garbitzeko. "Zume hauekin eta geratzeko etorri dela dirudien aldaketa klimatiko batekin, beldur naiz ez ote diren sute gehiago gertatuko".

Erlazionatuak

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago