Zanbranako sutea egonkortzea lortu dute

Erredakzioa 2022ko abu. 8a, 16:30

Argazkia: Aitor Abecia, Zanbranako alkatea.

Atzo Zanbranako lursail batean piztutako sutea egonkortu dute suhiltzaileek, baina oraindik ez dago kontrolpean. Gaur kontrolatzea espero dute.

Igande honetako arratsaldean, sua piztu zen Zanbrana udalerriko zereal-lursail batean (Bergantzu, Ocio eta Santa Cruz del Fierro herrien artean), 17:00ak aldera. Denbora gutxian, sugarrak Txulato mendiaren magalera hedatu ziren.

Ordutik, Araba, Nafarroa, Errioxa eta Gaztela eta Leongo 70 suhiltzaile inguru parte hartzen ari dira sua itzaltzeko lanetan, baita Ertzaintza eta inguruko nekazari ugari ere. Horiez gain, bi helikoptero eta bi hegazkin daude. Gainera, bulldozerrak erabili dituzte sua perimetratu eta herrietara ez hurbiltzeko.

Gau osoan zehar lan egin ostean, gaur jakinarazi dute sutea "egonkortuta eta mugatuta" dagoela dagoeneko, eta bilakaera ona izaten ari dela; hala ere, oraindik ez dago kontrolpean. Haizearen baldintzak aurreikuspenen arabera mantentzen badira, litekeena da astelehenean zehar kontrolatzea, baina "ordu asko" geratzen dira aurretik, eta gaur arratsaldeko lehen orduan, "intentsitate handiz" lanean jarraitzen dute suhiltzaileek.

Sua itzali ostean kalteen balorazioa egingo dute. Momentuz kiskalitako hektareen kopuru zehatza ezagutzen ez bada ere, azalera oso zabala da, lehen kalkuluen arabera.

Sutearen hasieratik A-3126 errepidea itxi behar izan dute bi noranzkoetan.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago