Hondamendi gune izendatu dute erretako Zanbrana eta Berantevilla arteko eremua

Erredakzioa 2022ko abu. 26a, 10:05
170 hektarea erre zituen Txulato mendiko suteak. ZANBRANA UDALA

Espainiako Gobernuak kalteengatiko laguntzak aurreikusten ditu. Aldundiak iragarri du kaltetutako jabeekin bilduko dela, eta Zanbranako alkateak bilera eskatu dio Diputazioari.

Espainiako Ministroen Kontseiluak hamabost autonomia erkidegotan sute handiak jasan dituzten lurraldeak hondamendi eremu izendatzea onartu du; horien artean dago Zanbrana eta Berantevilla artean, Txulato mendiaren magaletan, abuztuaren 8an piztu zen suteak hartutako eremua. Arabako Foru Aldundiaren datuen arabera, Zanbranaren kasuan suteak 170 hektarea mendi eremuri eragin zien, batez ere basobera, eta 20 hektarea laborantza-azalerari.

Izendapenak hainbat laguntza aurreikusteko aukera zabaltzen ditu. Besteak beste, heriotza edo ezintasun absolutu eta iraunkorragatiko, ohiko etxebizitza erabat suntsitzeagatiko eta ohiko etxebizitzaren egiturari eragiten ez dioten kalteengatiko laguntzak jasotzen dituzte.

Aldundiak iragarri du kaltetutako jabeekin bilduko dela –Santa Cruz del Fierro eta Ozioko batzar administratiboak– sutearen kalteen inguruan hitz egiteko. Aitor Abezia, Zanbranako alkateak, berriz, suteak eragindako kalteen inguruan informazioa galdegin dio aldundiari, eta bilera bat ere eskatu du hondamendi izendapenaren ingurukoak argitzeko.

Erlazionatuak

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide