Euskal Herriko Antzinate Berantiarreko lehen gaztelua aurkitu dute Gaubean

Erredakzioa 2022ko abu. 25a, 10:44
Brontzezko plaka zurruneko gerriko paparrekoa, Berbeian aurkitua. EHU

Barrioko Berbeian egindako indusketa arkeologikoen bigarren kanpainari esker, zenbait material arkeologiko berreskuratu dira, gaztelua Goi Erdi Arotik erabiltzen zela erakusten dutenak.

Euskal Herriko Unibertsitateko Ondarearen eta Paisaia Kulturalen ikerketa taldeak Berbeiako indusketa arkeologikoen bigarren kanpaina amaitu du. Aurkikuntza berriek Euskal Herriko Antzinate Berantiarreko lehen gaztelua azaleratu dute.

Berbeiako gaztelua 849 metroko altitudean dago, Gaubean, Barrio eta Bachicabo herri arabarren artean. Euskal Herriko Erdi Aroko beste gotorleku batzuk ez bezala, leku horretan ez dago eraikin monumentalik edo babes sistema handirik. Hala ere, Goi Erdi Aroko boteregune nagusietako baten historia ikusten da haren itxurazko apaltasunaren atzean. Juan Antonio Quiros Castillok, EHUko Geografia, Historiaurrea eta Arkeologia saileko katedradunak, eta Ondarearen eta Paisaia Kulturalen ikerketa taldeko (GIPyPAC) zuzendariak berretsi duenez, "Euskal Herriko Erdi Aroko lehen gazteluen ezaugarriak eta funtzioak ulertzeko aukera ematen digu Berbeiak".

Dokumentuen arabera, eremu horretan XII. mendean soilik zegoen gaztelu bat, baina dokumentu zaharrago batzuetan Gaubeako eta Lantarongo Goi Erdi Aroko konderriko biztanleentzat gune hori erreferentzia espazial eta sozial garrantzitsu bat zela aipatzen da. Milagarren urte inguruan, justizia administratzeko toki bat zen Berbeia, eta bertan hainbat lehiakideren arteko gatazkak ebazten ziren. Horrez gain, gotorleku militar bat zen; bertatik Ebro ibaiaren ibilguak eta Omecilloko haranak hartzen duten lurralde zabala kontrolatzen zen. Haatik, Valpuestako apezpikutzarekin eta Gaubeako beste boteregune batzuekin ezartzen ziren harremanen sare baten bidez, konderri hori gobernatzen zuten eliteen bizileku ere bazen. 

Berbeian egindako indusketa arkeologikoen bigarren kanpainari esker, zenbait material arkeologiko berreskuratu dira, gaztelua Goi Erdi Arotik erabiltzen zela erakusten dutenak. Izan ere, Euskal Herrian orain arte ezagutzen den adibide bakanetako bat da. Alabaina, horrez gain, brontzezko plaka zurruneko paparreko orratz bitxi baten aurkikuntzak, ebakidura motiboekin apaindua, Erdi Aroko lehen okupazioa VI. eta VII. mendeetan kokatzeko aukera ematen du. "Ezagutzen diren ale bakanak Aldaieta, Axkoeta, Buzaga edo antzeko nekropolietatik datoz. Aurkikuntzari esker, gazteluko biztanleek, egunero, balio handiko objektuak erabiltzen zituztela pentsa dezakegu", nabarmendu du Quirosek.

Halaber, Erdi Aroko okupazioaren azpian Burdin Aroko kastro baten aztarnak aurkitu dira; denboran zehar tokiak izan duen garrantzi estrategikoaren adierazgarri da kastro hori. "Datu horiek guztiak kontuan hartuta, gero eta indar handiagoa hartzen ari da Berbeiako gotorleku sistema Lantarongo gazteluarekin erlazionatzen duen hipotesia", ondorioztatu du EHUko katedradunak.

Indusketa gehiago

Guztira, Arabako Foru Aldundiaren Kultura sailak diruz lagundutako hamar indusketa egiten ari dira herrialde osoan. Guztira, 129.415,54 euroko inbertsioa egingo da, eta zenbateko horri 23.146 euro gehitu behar zaizkio, bisita daitezkeen aztarnategi arkeologikoak garbitzeko eta mantentzeko kanpainarako.

Bi inbertsio nagusiak Kuartangoko trikuharrien guneari eta Arkaiako termetako aztarnategi arkeologikoari balioa emateko eta ezagutzera emateko programetan egingo da. Aurten, Foru Aldundiak 60.559,43 eta 26.281,50 euroko inbertsioak egingo ditu, hurrenez hurren. Biak ala biak Eusko Jaurlaritzarekin batera finantzatutako proiektuak dira.

Bestalde, 6.048 euro inbertitu dira Espainiako Gerrako gotorlekuen inbentarioa egiteko, Urkabustaiz, Legutio, Zuia eta Zigoitian. Gainera, beste lan ere finantzatzen ditu guztiz edo partzialki, arkeologoek eta beste erakunde batzuek sustatuak. Hauexek dira:

  • Zundaketa arkeologikoak Toberako Los Cascajosen (Berantevilla). 6.048 euro.
  • Prospekzioa eta zundaketa arkeologikoak Entziako Partzuergoan. 4.000 euro.
  • Zundaketa arkeologikoak eta prospekzioa Lezeko iturrian eta Araia-Burunda ibaian, Asparrenean, Donemiliagan, Zalduondon. 5.000 euro.
  • Zundaketa arkeologikoak eta prospekzio geofisikoa, Zigoitiko Atxarrate-1 harrobian esku hartze arkeologikoa egiteko. 4.573,34 euro.
  • Indusketa arkeologikoa Murabeko San Juanen, Muruan eta Manurgan (Zigoitia). 4.719 euro.
  • Zundaketa arkeologikoak eta prospekzio geofisikoa, esku hartze arkeologikoa egiteko Gineako pagadiko kobazuloan, Gaubean. 6.139,54 euro.
  • Zundaketa arkeologikoak Barrioko (Gaubea) Berbeiako aztarnategiaren balioespenerako. 6.046,73 euro.
Erlazionatuak

Tupustean agertu da gaztelua

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2019 mai 11 Añana

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide