Emaitzarik gabeko hainbat kanpaina arkeologikoren ostean, ustekabean aurkitu du Antxoka Martinez Velasco arkeologoak Lantarongo gaztelu zaharra, mendi txango batean. Hain zuzen, Bachicabo eta Barrio herrien artean dagoen Los Castros izeneko haitz baten gainean aurkitu ditu urte luzez bilatu eta topatu ezin izan dituzten gotorleku zaharraren arrastoak. Mendiaren gailurrean eta mendi-hegalean Erdi Aroko zeramika zati ugari aurkitu ditu Velascok, eta garaiko urrezko apaingarri bat ere. Arabako Diputazioaren Museoen arduradunen esku utzi ditu jada laginak, behar bezala azter ditzaten.
Mendiaren gailurra birrinduta dago, eta ez da geratzen gotorleku zaharraren egiturarik begien bistan; hala ere,"elementu adierazgarriak" aurkitu ditu arkeologoak Lantarongo gaztelua bertan izan zela baieztatzeko. Gainera, susmo horiek berretsi dituzte Antton Arrieta Euskal Herriko gazteluen lehen errolda egin duen adituak eta Juan Carlos Abascal Gaubeako historiaren ikertzaileak.
Hainbat urte daramate biek Lantarongo gazteluaren bila, eta Arrietak, gainera, azterketa sakona egin du Arabako Erdi Aroko gazteluen inguruan.
Dudarik gabe
Abascalek berak ALEAri berretsi dionez, oso argi dago Los Castrosen agertu diren aztarnak Lantarongo gazteluarenak direla. Izan ere, haren esanetan, Los Castros mendiaren tontorra moztuta eta berdinduta dago, inguruko mendien gailurrak ez bezala: "Mendiaren tontorraren hegoaldean ebaki handi bat dago, gotorlekuaren eraikitzaileek gailurra bakartzeko landu zutena. Ekialdean ere harria landu zutela erakusten duten arrastoak daude. Gainera, azalera guztia zeramika piezaz josita dago", azpimarratu du.
Haitzetako gaztelua
Abascalek esan duenez, Lantarongo gotorlekua, inguruko beste batzuk bezala, haitzetan eraiki zuten, naturaren elementuak baliatuz etsaietatik babesteko. Dorreaz gain, baliteke barruti bat izatea; eta, ziurrenik, harrizkoa beharrean oholesiekin egindakoa zen egitura, ez baitute harri landuen arrastorik aurkitu inguruan. "Ondoan dago Berbeiako gaztelua, Barrion, eta eskuz landutako harriak aurkitu genituen bertan, baina honetan ez dugu harlanduzko lanik aurkitu. Beraz, litekeena da egurrezko egitura izatea edo, abandonatu zutenean, oso preziatuak ziren harri horiek inguruko bizilagunek eraman izatea", azaldu du Abascalek.
Herriaren bila dabiltza
Behin gaztelua kokatu eta gero, eta aurkikuntza borobiltzeko, Erdi Aroko Lantaron herriaren kokaleku zehatza argitzea falta zaie ikerlariei. Hala ere, arrasto berrien arabera, Abascalek eta Arrietak uste dute Ebro ibaiaren haizpitarteetan behera bilatu beharko dutela. Izan ere, egun hauetan inguru horretako zonalde bat ikertzen ari dira, gaztelutik hiru bat kilometrora. Dagoeneko murru handi batzuk aurkitu dituzte, baina oraindik ezin dute ziurtatu bertan dagoen konderri zaharraren jatorria.
Erdi Aroko konderri boteretsua
IX. mendeko agirietan jasota dagoen Arabako konderri garrantzitsuenetariko bat da Lantaron, eta garaiko botere gune nabarmena, egungo Araba eta Gaztela artean kokatuta. Musulmanen konkistaren garaian sortu eta egituratu zen, eta gaztelua Arabako "babes-lerroaren" parte izan zen, funtzio erabat militarra izan zuena.
Antton Arrietak Euskal Herriko Gazteluak. Araba liburuan jaso duenez, urte oparoetan Lantarongo konderriak Gaubea osoa eta Omecillo ibaiaren arroa hartu zituen, Ebroren ezkerraldean. Eskuinaldean, berriz, Obarenes mendietaraino hedatzen zen. Gonzalo Tellez izeneko noblea izan zen Lantarongo lehen kondea, 897. urtean, ondoren etorriko ziren Munio Velaz, Alvaro Arramelliz eta Fernando Diaz. Kasu guztietan Arabako eta Lantarongo konderriko karguak izan zituzten.
Hala ere, X. menderako lurralde horietatik urruntzen hasiak ziren musulmanak, eta haiek urruntzean lehen zuen eragina galduz joan zen Lantarongo konderria. Herrien arteko borrokek ere beste bide batzuetatik jo zuten gero. Hortaz, 1120. urtean Gesaltza Añanaren menpe zegoen Lantaron, eta 1273. mendean konderria desagertu zen.
Ondorioz, egungo Lantarongo udalerriak ez du zerikusirik antzinako Lantaron horrekin. Salcedoko eta Bergondako udalak elkartu zirenean, 1978. urtean, galdutako leku-izen hori berreskuratu zuten, baina ez dute loturarik Erdi Aroan ospetsua izan zen konderriarekin.