JOSE RAMON MAULEON

"Jakina da Gaubeako negutegia ez dela ekonomikoki bideragarria"

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2022ko eka. 30a, 06:00

Jose Ramon Mauleon, bere baratzeko tomateekin. J.R.MAULEON

Tomate negutegiaren asmoa arriskuan egon daitekela jakiteak ezinegon handia sortu du Gaubean lana aurkitu nahi zutenen artean.  

Hasieratik proiektua zalantzan jarri duen Elikadura Iraunkorraren Aldeko Mugimenduak gogoratu du Gaubeako tomate hidroponikoen negutegia "buztinezko oinak dituen erraldoia" dela. Diru laguntza publikoen menpekoa dela salatu dute, eta gasa, energia, ura eta nekazaritza-sargai kontsumo handia beharko duela. Tomate negutegiaren bideragarritasun ekonomiko eta sozial eskasa argudiatu du Farmazia Fakultateko Soziologia irakasle Jose Ramon Mauleon Gomezek (Bilbo, 1959). "Sistema ahula da. Faktore txiki batek huts egiten badu, proiektua pikutara doa", esan du irakasleak.

Gaubeako negutegiaren proiektua airean omen dago. Zer esan daiteke?

Esan behar den lehenengo gauza da bertako jendeak uste zuela aukera oso onak zituela lana lortzeko, eta prestakuntza hasi zenean ilusio handia piztu zela udalerrian, eta orain, berriz, batzuek desengainu handia hartu dute eta beste batzuek ezin dute sinistu. Ezinegon handia dago.

Proiektua arriskuan egon daitekeela ziurtatu ahal izan duzue?

Nik dudan informazioa Radio Vitoriako kazetariak eman duena da, eta niretzat balio osoa du; alegia, giza baliabideen arduraduna 50 langilerekin bildu zen eta proiektua atzeratuko zutela esan zien. Enpresariak eta alkateak ez dute hitz egin nahi. Gainera, Nekazaritza diputatuari ere hainbat galdera egin dizkiote Batzar Nagusietan alderdi politikoek.

"Alternatiba bakarra diru laguntza publiko gehiago ematea izango da"

Hasieratik proiektuaren etorkizuna zalantzan jarri du mugimenduak.

Holandako eredua da, kristalezko negutegiak dira, oso teknifikatuak, guztia ordenagailuen bitartez gidatua. La ruta del Tomàquet  dokumentalean azaltzen da oso ondo negutegi hauetan lan egiten dutenek zer baldintzatan egiten duten, gehienak emakume poloniarrak dira, oso lan gogorra delako eta bertakoek ez dutelako bertan lan egin nahi.

Zergatik ez du etorkizunik proiektuak?

Ekonomikoki ez du etorkizunik. Gaubeako alkateak egin zuen bilera batean egon ginen mugimenduko zenbait kide, eta bertan esan zuen:"Hemen Europako soldatak ordainduko ditugu, orduko hamalau euro". Enpresariak ere gauza bera errepikatu du hainbat elkarrizketatan. Alta, kontuak egiten baldin badituzu, ezinezkoa da, tomate hori ez litzatekeelako lehiakorra; Almerian orduko bost euro ordaintzen ari dira, negutegia mantentzeko kostuak izugarri handiak dira… Nola lortzen duzu tomate hori lehiakorra izatea?

Holandan errentagarria da eredua?

Arazoak dituzte. Zor handiak zituzten eta horiek kitatzeko asko produzitu behar zuten eta merke saldu, hobe delako gutxi irabaztea ezer ez irabaztea baino. Horregatik ere inguruko nekazaritza kaltetzen dute, hona iristen direlako Holandako tomateak prezio lehiakorrean. Baina kontua ez da haiek lehiakorrak direla, baizik eta gutxi irabazteko prest daudela. Ereduak arazoak ditu.

Hala ere proiektuarekin aurrera jarraitu dute Gaubean?

Jakina. Eroskik interes handia duelako tokiko produktuaren zigilua duen tomatea saltzeko. Ez du Eusko Label zigilua izango, enpresariak hitz eman du, baina esango dute Arabako tokiko tomatea dela, zero kilometrokoa, eta oso ondo salduko da. Zalantza dut, orain, informazio berrien arabera, tomateen ontziratzea Irunen egin behar duten eta tomate hori ez ote duten esportatuko; agian jada ez dute bertako merkatuan saldu nahi, ez dakit, oso arraroa da.

Behin proiektua martxan jarri eta gero, bertan behera uztea aurreikusi zitekeen?

Lehen esan dut. Hasieratik salatu genuen ezinezkoa zela agindutako soldatak ordaintzea eta horren inbertsio handiak egitea, nahiz eta diru laguntza publikoak izan. Alternatiba bakarra litzateke diru laguntza publiko gehiago egotea hemen, eta modu horretan konpentsatzea, bestela zenbakiek ez dute koadratzen. Negutegi horietan tomateak zakuetan daude, eta zaku horiek urtero erosi behar dituzu; horretaz gainera, ongarritzeko gaiak, ura, egituraren mantenua, gasa, pestizidak…  gastu izugarriak dira, eta hori soldata duinekin egitea ezinezkoa da. Guk hasieratik hitz egin genuen esperientzia duen kanpoko jendearekin, Almeriako jendearekin, Hispalus enpresa bertakoa delako, eta negutegi hauek bertan erabiltzen direlako, eta ez genuen ikusten bideragarri.

Beraz, tomate negutegiak diru laguntzak behar ditu ezinbestez?

Gaubeako tomate negutegiaren inguruko lehen albistea 2018koa da, eta horretan esaten da hiru gauza behar direla proiektua aurrera ateratzeko: eguzkia, ura eta diru laguntza publikoak. Gaizki hasten gara bideragarria omen den proiektu batek diru laguntza publikoak behar baldin baditu eta lanpostuak sortzearen truke diru publikoa eskatzen baldin badu. Hori xantai moduko bat da. Are gehiago, Gaubean ekintzaile pilo bat dago, eta negozio txiki asko ixten ari dira, eta horrek sorgin-gurpil batera garamatza. Okindegirik ere ez badago, jendea loturak mozten hasten da.

"Poloniako emakumeak daude negutegi horietan, bertakoek ez dute hor lan egin nahi"

Beste nekazaritza eredu bat behar da Gaubean?

Ezinbestekoa da ikustea zer dagoen, zer behar den eta bertako ekintzaile horiek babestea. Ez da gauza berria, gainera; azterketa hori Neikerrek eta Añanako Nekazal Garapenerako Agentziak egin dute, nik txostenak irakurri ditut, eta biak bat datoz esaten Gaubean nekazaritza ekologikoaren alde eta turismo berdearen alde egin behar dela. Nekazal eredua zein izan behar den jasota dago, badakite zein den etorkizuna. Zertarako egiten dituzte txostenak gero irakurtzen ez badituzte? Eredu horri eutsi beharrean, negutegiarekin agertzen dira. Gure ustez, buztinezko oinak dituen erraldoia da nekazal eredu hori, oso ahula da. Lurraldean bizi den jendea da lurraldearen alde gehien egiten duena, baina enpresari horri bihar Sorian diru laguntza gehiago eskaintzen baldin badizkiote, Soriara joango da. Ez du loturarik lurraldearekin. 60. hamarkadako nekazal ereduak dira horiek, eta badirudi oraindik ari garela salbatuko gaituen enpresari baten zain.

Ongi etorri, Mister Marshall?

Bai. Hori da. Eco de Valdegovía aldizkarian, 2021eko abenduan argitaratutako artikulu batean tituluak dio: Tomates sabrosos, sostenibles y saludables, y 160 puestos de trabajo para la primavera del 2022, eta elkarrizketa bat dakar Jose Ignacio Zarragarekin, Hispalusen bazkidea den Barrenetxe enpresako arduradunarekin. Ez dago eskubiderik! Hori guztia esan dezake, eta ez da ezer gertatzen? Ezin dituzu titular horiek eman, baieztapen horiek egin: "kalitateko enplegua", "etorkizuneko nekazaritza"… eta gero jendearen plan guztiak zapuztu.

Kontratazioen inguruan ez dago informazio zehatzik?

Oso arraroa izan da hasieratik. Ikastaroak hasi zirenean, jende  oso gazteak izena eman zuen, Gaubeakoak eta ingurukoak zirela azpimarratu zuen ere Nekazaritza diputatuak, baina hortik gutxira hasi ziren esaten prestakuntza egiteak ez zuela bermatzen kontratatzea, eta zenbat lagun kontratatuko zituzten ere ez zuten argitu. Zertarako ari ziren ikastaroa egiten orduan? Ez zuten ezer bermatzen, eta orain badirudi hori ere ez dela aurrera aterako, eta aldizkako lan enpresa bitartez kontratatuko dutela jendea.

Diputazioak aurkeztu berri duen Klima Araba 2050 estrategiarekin ez duela bat egiten salatu duzue.

Planak jasotzen dituen helburuak eta ildo estrategikoak Gaubean egiten ari den proiektuaren kontrakoak dira; nekazaritza ekologikoa babesteari buruz hitz egiten da, energia ez berriztagarrien kontsumoa murrizteaz... Nola eman diezaioke dirua Diputazioak proiektu bati bere planean esaten duenean hori ez dela etorkizuna? Ez da guk, mugimendu bezala, zerbait eskatzen dugula, baizik eta estrategia horretan inkoherentzia handia dagoela administrazioaren aldetik. Sen onaren kontra doa. Nola lagundu dezakezu hain menpekoa den proiektu bat? Arazoa ez da puntuala, arazoa ez da gasa igo dela orain, aspaldi dakigu prezio merkeen garaia bukatu dela, eta hala ere sustatzen ari dira proiektu bat zeinetan tomateak 15 gradutan mantendu behar dituzun urteko hilabete guztietan. Uraren kontsumoa ere handia izango da, eta ez dakit beste nekazari batzuk ere kaltetuko dituen.

Baina negutegiak badaude Euskal Herrian.

Baina produkzio eredua desberdina da. Bizkaian, tomatearen garaia luzatzeko negutegiak daude, eta tomateak urte osoan produzitzeko negutegiak daude, izan ere, Eusko Label tomateak urte osoan saltzen dira, baina familia enpresak dira, hektarea bateko negutegiak. Gaubeakoa, aldiz, eredu teknifikatua da eta enpresaria Almerian dago, ez da familia nekazaritza, eta hori puntu kritikoa da guretzat.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago