erakusketa

Uholdeen unibertsoa, uraren museoan

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2022ko api. 23a, 08:00

Sobrongo Uraren Museoko gidari Andrea Ferrer URAk antolatu duen erakusketaren berri ematen ari da egunotan. E.U.

'Ur-goraldiak eta uholdeak EAEn' izeneko erakusketa zabaldu berri du Sobrongo Uraren Museoak; ibaien dinamikak berezkoa duen fenomeno natural bati buruz kontzientziatzeko asmoa dute. Bisita gidatuetan, uholdeak zergatik eta nola sortzen diren, eta kalteak arintzeko formulak ezagutzeko aukera dago.

Uholdeen eta ur-goraldien inguruko erakusketa inauguratu du Sobrongo Uraren Museoak, hurrengo hiru asteetan ikusgai egongo den jarduera. Euskal Autonomia Erkidegoan izan diren tankera horretako gertaeren argazki historikoak eta argazki berriak, azalpen-panelak, infografiak eta uraren kontrolean eta neurketan erabiltzen den materiala –erregeleta, limnigrafoa, sentsoreak, aforoetarako errotatxoa– jasotzen ditu. Ur-goraldiak eta uholdeak prozesu naturalak direla erakutsi nahi dute erakusketan, ibaien dinamikak berezko dituenak eta eragotzi ezin direnak. Sobrongo Uraren Museoaren gidari Andrea Ferrer Izar de la Fuentek azpimarratu duenez, "uholdeekin bizitzera ohitu behar gara, jabaria errespetatu, eta uholdeek har ditzaketen lekuetan bizitzeak dakarren arriskua ezagutu".

Erakusketan jaso dutenez, hiru motako faktoreek eragin ditzakete uholdeak: klimatikoak, alegia eurite biziak eta torrentzialak, urtzeak, urakanak edo enbatak; geologikoak, tsunamiak, luiziak edo lurrikarak; eta antropikoak, urtegiak haustea, ibilguak okupatzea eta haietan esku hartzeak egitea, edo ibaiertzak iragazgaiztea.

Martin Iradierrek Zadorrako uholde-muga marraztu zuen 1870ean, mapa historiko batean

Uholdeak berez fenomeno naturalak dira, eta are gehiago, ibaiek goraldiak behar dituzte, eta laboreentzat bederen onuragarriak izan daitezke. "Uraldiak ez dira beti kaltegarriak izaten laboreentzat. Uraldiaren ondoren, ibilgura itzultzen da ura, traba fisikorik aurkitzen ez badu behintzat, eta, oro har, laboreek ez dute kalterik jasotzen. Bestalde, ibaiaren ertzak ongarritu egiten dituzte uraldiek ekarritako lohiek eta nutrienteek", aipatu du gidariak.

Halere, herrien eta hirien inguruetan, ibaien ur-goraldiak arriskutsuak izan daitezke, eta bertan bizi diren herritarrentzat bereziki kaltegarriak. Horren adierazgarri dira tauletan iltzaturik agertzen diren hainbat argazki. Zadorra, Baia eta Torca ibaiek toki nabarmena dute, eta urtez urte Arabako hainbat herritan –Tresponden, Anuntzetan, Subilla Morillasen edo Langraiz Okan– izan diren uholdeen irudi andana jaso dituzte Sobrongo museoan, ibaiek izan dezaketen itxura nola aldatzen den erakusteko.

Maparen aldaketak

Fenomeno natural errepikakorra dira uholdeak. Hori ere azaltzen du erakusketak, eta faktore garrantzitsua dela kalteak arintzeko orduan. Hori erakusteko baliatu dute Martin Iradierrek 1870ean marraztu zuen mapa historiko bat, Arriagako eremuan Zadorra ibaiaren uholde-muga erakusten duena; eta gaurko mapa batekin alderatu dute, Zadorrak inguru horretan oraindik ere eragiten dituen arazoak begi bistan uzten dituena.

Uraren Euskal Agentziak antolatu duen jardueraren barruan biltzen dira, gainera, 2018. urtera arte, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, izan diren 32 uholde historikoen zenbait irudi eta informazio. "Uholdeak dira Euskal Herriko arrisku natural nagusia. Ikasi egin behar dugu uraldiekin bizitzen. Horretarako, egoki diseinatu behar ditugu gure herriak eta hiriak, eta lurraldearen erabilerak ibaiekin bateragarri izan daitezen planifikatu. Uholdeek eragiten dituzten kalteak prebenitzea da kontua, ez uholdeak saihestea", azaldu du Sobrongo Uraren Museoko gidariak.

Hala, uholdeen aurkako babes erabatekoa ezinezkoa denez, kalteak arintzeko metodoak martxan jarri behar dira. Batetik, lurraldearen antolamendua da gakoa, eta lurraren erabilera egokia arautzea. Horren baitan, ibaiari leku gehiago egiteko beharra dago, uholdeen mekanismo naturalak imitatuz. Era berean, hirietan eta herrietan dauden arrisku eremuetan hobekuntza hidraulikoko jarduerak eta zonalde horiek babesteko obrak egin behar dira.

Horiekin batera, eguraldiaren eta ibaien portaera iragartzeko sistemak eta alertak kudeatzeko formulak ezarri behar dira, eta horren adibide bezala Zadorrako urtegien sistema ageri da informazio tauletan, "funtsezko tresna uholdeen arriskuak kudeatzeko".

Aforoak neurtzeko estazio bat nolakoa den erakusteko maketa txiki bat dago aretoan

Uholdeak aurreikusteko balio duten makinak ere bildu dituzte Sobrongo uraren museoan. Aforoak neurtzeko estazio bat nolakoa den erakusten du maketa txiki batek, eta estazio horiek non kokatzen diren ere jasotzen da mapa batean. Museoko gidariak azaldu duenez, mota desberdinetako estazioak daude: "Sinpleenek ibaiko urak denborarekiko duen bariazioa neurtzen dute, eta helburua dabilen ur-emaria jakitea da". Horretarako, limnigrafoa izena duen tresna erabiltzen dute, eta flotagailu bat.
Aretoaren erdian, limnigrafoaren ondoan, tornu eramangarri bat dago, hain zuzen, zubietatik eta ibaien gaineko pasabideetatik, biragailu batekin ibaiaren emaria zuzenean neurtzeko gailua. Halaber, Euskalmetek utzitako euria neurtzeko bi tresna erakusten dira. Euri-neurgailu optikoa, "prezipitazioaren kantitatea eta intentsitatea, partikulen tamaina eta abiadura eta prezipitazio mota neurtzeko eta erregistratzeko tresna"; eta kopazko plubiometro automatiko bat.

Bost espazio museoan

Uholdeen inguruko erakusketa berriarekin batera, eduki gehiago eskaintzen ditu Sobrongo Uraren Museoak, zazpi urtez itxita egon ostean, 2020. urtean berriro zabaldu zutenetik. Izan ere, bost eremutan antolatuta dago bertako espazio finkoa. Museoaren sorrera azaltzeko aretoa dago, eta horretan jasotzen da bainuetxe batean duela jatorria museoak. Bainuetxe horren iturburuak, Soportillakoak zein Sobrongoak, Burgosen eta Araban kokatuak, Artzena eta Besantes mendilerroetako kareharrietatik sortzen dira. Biek erromatarren garaietatik izan dute erabilera termala, eta mende askotan ezagutu dira ur horien ezaugarri sendagarriak.

Ur Bizia izeneko espazio audiobisualean, berriz, bisitariari uraren egoera ezberdinak –ibaiak, itsasoa, euria, icebergak– erakusten zaizkio; eta Uraren Zientzia bideo-espazioan, eguzki-sistemaren jatorria, uraren disoluzio-ahalmena edo fumarolen jatorria jasotzen dira. Bestalde, Ura eta Ingurumena txokoan, ukipen-pantaila bati esker, elikagaietan, gizakietan, edo animalietan dagoen uraren ehunekoa jasotzen da, eta halaber, uraren kontsumo arduratsuaz eta klima mota desberdinez informazio ugari jasota dago. 
Sendatzen duen Ura espazioan, ispilu-gela batek zenbait izaki mitologikoak erakusten ditu: lamiak, ninfak edo Herkules. Ura kultura eta erlijio desberdinekin nola erlazionatu den jasotzen da, eta, gainera, Sobrongo bainuetxearen antzinako argazkiak eta bertako urak dituen sendatzeko propietateak ere biltzen dira. Bosgarren espazioa tunel batetik abiatzen da, eta bidaia bat proposatzen du fenomeno naturalekin ditugun sentsazioekin: tximistak, euria edo ekaitzak, buru erraldoi bat duen espazio batera iritsi aurretik. Giza gorputzaren %70 ura dela adierazteko modu originala da buru hori, urak zirkulazioan, arnasketan eta digestioan duen papera nabarmentzeko. 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago