Korrika 1980. urtean hasi zen, eta Gaubean erabaki genuen, ez dakit nola eta ez dakit zergatik, gure Korrika propioa egitea, gure peto eta esloganekin, Uribarri Gaubeatik Bovedara. Orain harrituta gogoratzen dut egun hori, argazkiak ikusten ditudanean. Hurrengo urtea, 1985a izan zen. Korrika gogoangarria. Hain justu, hiru urte lehenago Jesus Perez de Viñaspre atxilotu zuten, zazpi urtez Gaubeako medikua izan zena, eta horrek markatu zuen urte horretako Korrika. Uribarri Gaubean sartu eta atera zen, Perez de Viñaspre gogoratzeko.
Seigarren Korrika, 1989. urtean, oso jendetsua izan zen Gaubean; ez dakit nola animatu ziren eskolako umeak Espejora autobusez Korrikara ekartzen. Argazki zaharretan ikusten dira, gainera, garaiko maisuak, Mari Carmen Pardo, Don Pablo, eskolako zuzendaria, eta Fuerza Nuevakoa izan zena, Petra… Herriko emakumeak ere batu egin ziren.
Eta Gaubeatik igaro den azken Korrika 1995eko maiatzean izan zen. Bederatzigarren Korrika horretan, gainera, opari bat eman ziguten antolatzaileoi. Gauez izan zela gogoratzen dut, umeak jartzen genituelako mugarrietan, ez zegoelako jendea ibilbide osoa kubritzeko. Zaila da herri hauetan antolaketa egitea, jende gutxi gara eta kilometro asko dago, lehen gutxienez oso zaila zen, orain ziurrenik errazago izango litzateke. Uribarri Gaubeatik etorri zen eta Villamadernetik sartu genuen, Gesaltza Añanatik ere… Ederra!