Kandelei putz, Tobillasko elizan

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2022ko mar. 13a, 10:00

Bisita gidatuak antolatu ditu Gaubeako turismo bulegoak Tobillasera. E.U.

1.200 urte bete ditu aurten Araba, Bizkai eta Gipuzkoako eliza zaharrenak; Tobillasko tenpluak izan zuen garrantzia nabarmentzeko programa bultzatu du Gaubeako turismo bulegoak hurrengo hilabeteetan.

Mila berrehun urte igaro dira Avito abadea eta konpainia Tobillasera iritsi zirenetik.Bertatik Oñako apezpikutzaren botere ekonomikoa zabaldu zuten, eta itzal egin zioten Valpuestako apezpikutza ospetsu eta boteretsuari ere. Ez ziren esku hutsik agertu erlijiosoak: "24 idi-pare, ehun behi, 80 behor, hogei zaldi eta mando bat, bostehun ardi eta 24 liburu ekarri zituen Avitok", azaldu du Yolanda Sobron Gaubeako turismo bulegoko arduradunak.

Gaur bistan dagoen tenpluak ez du zerikusirik 822. urtean Avito abadeak sortu zuen eliza txikiarekin

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako eliza zaharrenaren urteurrena ospatzeko, Gaubeako turismo bulegotik bultzatu duten programaren barruan, lehen bisita gidatua egin dute asteburuan. Horretan azaldu du bulegoko arduradunak gaurko herri txikia eta eliza xume ahaztua, Valpuestarekin batera, zonaldeko zentro erlijioso garrantzitsuena izan zela.

Tobillas bezala, garaiotan sortzen diren lehen monasterioak "ez dira erlijio botere guneak, baizik eta botere gune ekonomikoak", azpimarratu du Sobronek, eta ahalik eta eragin esparru handiena izatea zuten helburu. Izan ere, abade hauek aberastasun nabarmena eta eragin erregionaleko taldeekin eta nobleekin harreman handia zuten.
Ganadua zen Tobillasko monasterioaren ondasun nagusia, eta horrekin batera Urduñan, Gaubeako iparraldean, Gesaltza Añanan eta Burgosko Obarenes mendietan eta Bureban, presuren bitartez –gaurko inmatrikulazioak–, lortutako jabetza handien administrazioagatik lortzen zituzten dirutzak.

Irailean jardunaldi batzuk antolatuko dituzte, Espainiako estatuko eta nazioarteko adituekin

Egun, Tobillasko tenpluaren garrantzia historikoa eta arkitektonikoa da. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan prerromanikoaren aztarnarik zaharrenak gordetzen dituen eliza da, eta tenpluaren azterketa eta zaharberritzea eredu bilakatu dira, adibidez, Gasteizko Santa Maria katedralean edo Gesaltza Añanako gatzagetan. Juan Ignacio Lasagabasterrek eta Agustin Azkaratek gidatu zuten lan hori, 90. hamarkadan, baina lana bukatu gabe utzi zuten. Aurten, Gaubeako turismo bulegoaren bultzadarekin fokua berriz ere Tobillasen jarri nahi dute.
Hala, lantalde bat osatu dute arkeologoek eta udal turismo bulegoak, Diputazioaren babesarekin, eta irailean jardunaldi batzuk antolatuko dituzte, Espainiako estatuko eta nazioarteko adituekin. Gainera, hilabetero, ekitaldi bat egitea aurreikusten dute, elizaren alde desberdinak nabarmentzeko. Halaber, eliza argiztatzeko eta inguruak sastrakaz garbitzeko diru laguntza lortu du Gaubeako Udalak, eta indusketak ere egin nahi dituzte, monasterioa izan zenaren inguruetan dagoen elur-zulo handi bat eta beste eraikin batzuk aztertzeko.

Erromatar basilika

Gaur bistan dagoen tenpluak ez du zerikusirik 822. urtean Avito abadeak sortu zuen eliza txikiarekin. Izan ere, fase desberdinetan eraiki da Tobillasko San Roman, eta IX. mendeko elizaren aztarna bakarra absidea da, estilo bisigotikokoa, eta horretan atxikita dagoen gezileihoa. Lehen tenplu hori eraikitzeko, erromatar garaiko basilika baten harriak berrerabili zituzten. 
Bigarren eraikuntza-fase prerromanikoa, berriz, argi eta garbi bereizten da lehenengotik, horretarako propio egindako harlandua erabiltzen baitzuten. Horretan ere Tobillas aitzindaria da Iberiar Penintsulan, Goi Erdi Aroan harlandua propio erabiltzen duen eliza bakanetakoa baita. Kasu horretan, eraberritzea 939an agindu zuen Vigila presbiteroak, Vela familiako oinordeko boteretsuak.

Indusketak egin nahi dituzte, monasterioaren inguruan dagoen elur-zuloa eta beste eraikin batzuk aztertzeko

Azkenik, 1011. urtean, San Salvador de Oñako monasteriora (Burgos, Espainia) anexionatu zuten Tobillas Gaztelako Urraca eta Sancho kondeek. Anexioaren dokumentazioan jasotzen dutenez, Tobillasko monasterioari esker irabazi handiak lortu zituen Oñak. Hala ere, nolabaiteko independentzia izaten jarraituko du Gaubeako monasterioak, eta mende bat geroago, elizaren zabalkunde erromanikoa egiten dute. Monasterioa ere tokiz aldatuko dute, eta jatorrizko tenplu prerromanikoaren itxura guztiz aldatuko da. Denbora gutxira, 1283. urtean gutxi gorabehera, hondamendi handia jazo zen, eta tenplua abandonatu behar izan zuten. Ondorioz, monasterio izatetik parrokia-eliza izatera igaro zen, eta funtzio aldaketarekin batera, eraikinaren birmoldaketa nagusiak gertatu ziren, XIX. mendean, jatorrizko tenplu prerromanikoa desitxuratu arte. 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago