"Transatlantikoa" abiatu dute Baiaren ertzean

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2022ko mar. 12a, 08:00

Ate irekien jardunaldia egingo dute martxoaren 12an Kuartango Lab aurkezteko. PHOT.OK

Kuartangoko bainuetxe zaharra eraberritu ostean, bost mila metro koadroko eraikina edukiz betetzeko erronka dute orain. Lehen urratsa Kuartango Lab coworking eta esperimentazio espazioa zabaltzea izan da. Etorkizunean, etxebizitza komunitarioak ere egin nahi dituzte, gazteentzat, eta talentua erakartzeko.

"Transatlantiko batean igo gara eta itsasora bota dugu; oraindik galdarak falta zaizkigu, muntatu gabe daude kamaroteak, baina flotatzen du eta abiatu da". Modu horretan definitzen du Ivan del Caz Bikonsulting aholkularitza kooperatibako arduradunak Zuhatzu Kuartangoko bainuetxe zaharrean, Kuartangoko Udalarekin batera, martxan jarri duten proiektua. Dagoeneko martxan dago egitasmoaren zati bat, Kuartango Lab izena hartu duen berrikuntza eta ekintzailetza sustatzeko espazioa, hain zuzen. "Kuartango Lab enpresen sorkuntza eta negozio berrien inguruan esperimentazioa sustatzeko asmoa da. Oinarria kolaborazioa izango da, eta berrikuntza sozialean eta ekonomikoan erreferente izatea helburu du".

Ildo horretatik, bost mila metro koadro dituen eraikinaren alde bat enpresez betetzen ari da. Duela urte batzuk Ekotarriko eta Kuartango Sagardotegia kokatu ziren bertan, eta antzokia ere zabaldu zen. Duela hilabete gutxi, berriz, beste mota batzuetako enpresa eta elkarteak erakarri ditu Kuartangoko bainuetxe zaharrak. "Dagoeneko enpresa txiki askok ireki dituzte ateak: Maria Santorumen Uzanza editoriala, Sormen diseinu grafikoa, poltsak eta osagarriak egiten dituen Caostura tailerra, Pachamama-Amalurra elkartea, eta orain arte Gasteizko Alde Zaharrean zegoen Kimua dekorazioa ere etorri da".

"Amonak hemen egin zuen lan, maindireak garbitzen; aitak ere hemen ikasi zuen"
(Maria Santorum, Uzanza)

Uzanza argitaletxea bertan kokatzeko erabakia espazioa ikusi eta berehala hartu zuen Santorumek. Gainera, modu horretan, familiaren tradizioari jarraitu dio: "Nire amonak hemen egin zuen lan, bainuetxea zenean, maindireak garbitzen; nire aitak ere hemen ikasi zuen, eta gero, apaiza izan zenean, gela hauetan egin zuen lan; eta guk, nerabeak ginenean, ordu asko pasatzen genituen hemen". Orain, berriz,  "argitaletxe txikia eta tradizionalaren" habia bilakatu da bainuetxea. Fikzioa eta ez fikzioa argitaratzeko asmoa du Santorumek, euskaraz zein gaztelaniaz, eta bere katalogoan "irakurketa esperientzia osoa" eskaini nahi du, "zerbait modernoa eta zuhurra izatea nahi dut". Liburuak kaleratzeaz gainera, literatura ekitaldiak edo lehiaketak ere antolatzeko asmoa du Uzanza argitaletxeak. Oraingoz, Kuartangoko egoitzan erdituko duen lehen liburua Sandra Bilbaoren umeentzako ipuinen liburu bat izango da, euskaraz zein gaztelaniaz, euskal mitologian girotuta, baina "Hans Christian Andersen-en estilokoa".

Egitasmoarekin engaiatuta

Argitaletxearen bulegoaren aurrean dagoen beste gela batean Caostura dago, poltsen eta osagarrien tailerra. Orain arte, Izarrako bere etxean lan egin du Sandra Solerrek, baina espazio handiago bat behar zuen eta herrian ez zuen topatzen. "Kuartangoko asmoaren berri izan nuen, etorri nintzen eraikina ikustera, eta zoratu egin ninduen". Toki gehiago izango duenez, makina gehiago jarri ahal izan ditu, eta halaber, bezeroak bertan jasotzeko tokia du. "Orain arte, etxean jaso behar nuen poltsak diseinatzera etortzen zen jendea; hemen, ordea, erakusleiho moduko bat izan dezaket". Aukera handiagoak dituenez, arropa diseinatzen hasteko asmoa ere badu Solerrek, eta estanpazioak egiten hasi da.

Maria Santorumek Uzanza argitaletxearen bulegoa ireki du Kuartangon. PHOT.OK

"Sortuko diren sinergia guztiekin proiektu polita atera daiteke"
(Lola Segura, Kimua)

Liburuen eta poltsen artean, tokia hartu duen beste negozio bat Lola Seguraren loreen eta landareen tailerra da, Kimua. Oraindik espazioa antolatzen ari da, aste honetan bertan Gasteizko Bakardadearen kantoitik Baiako ertzean dagoen bainuetxera aldatu delako. "Aukera handiak ikusi nituen hemen, eta baldintzak ere oso onak dira", aitortu du Segurak. Lore eta botanika artearen estudioa da Kimua, baina lore lehortuetan eta goroldioetan zentratu nahi du jarduera nagusiki. Gainera, aukera izango du etorkizunean lantegiak eta ikastaroak eskaintzeko bertan. "Oso pozik nago aldaketarekin, eta sortzen ari diren sinergia guztiekin proiektu polita aurrera atera daitekeela uste dut", esan du.

"Etorkizuneko erronka nagusia 'coliving' proiektua izango da" (Ivan del Caz, Bikonsulting)

Kuartango Lab proiektuaren gidaritza eta dinamizatzaile lanak egiten dituen Bikonsulting enpresa ere bainuetxeko espazioan kokatu da, eta bertatik garatzen ari dira, gainera, Rural Citizen izeneko programa, landa eremua dinamizatzeko. "Berrikuntzatik eta kolaboraziotik jarduera ekonomikoa sortzeko filosofia dugu, eta erronka demografikoari ere aurre egitea", azaldu du del Cazek.

Ate irekien jardunaldia

Bada, Kuartango Lab proiektuan parte hartzen duten eragile guztiak ezagutarazteko lehen ekitaldia larunbat honetan, hilaren 12an, egingo dute, ate irekien jardunaldi baten bitartez. Hala, 17:00etatik 18:30era, Kuartango Lab egoitza gisa aukeratu duten enpresa eta erakunde guztiek haien egitasmoak aurkeztuko dituzte, eta bisita gidatua egingo da eraikinean zehar. Ondoren, pintxo-potea egingo dute antzokiaren sarreran, eta 19:30ean, kontzertua izango da, Corazon Tenedor taldearekin.

Del Cazek azaldu duenez, asmoa dute etorkizunean Kuartango Lab-en jarduera gehiago egiteko, jarduera ekonomikoa eta soziala sustatzeko asmoarekin. "Martxoaren amaieran, esate baterako, Hamaiketakoak deritzogun topaketak egiten hasiko gara, gai ezberdinen inguruan: etxebizitza, mundu digitala… Topaketa irekiak izango dira, Kuartango, Añana eta herrialde osora". Izan ere, Kuartango Laben berrikuntzaren eta ekintzailetzaren "ekosistema bat" sortu nahi dute, udalerria eta eskualdea ere aktibatzeko. "Ez dugu nahi eraikin isolatu bat izatea; sareak sortu nahi ditugu, ekimenak eta ekosistemak".

Kimua tailerra Gasteiztik Kuartangora aldatu du Lola Segurak. PHOT.OK

"Kuartangoko espazioa ikustera etorri nintzen, eta zoratu egin ninduen"
(Sandra Soler, Caostura)

Izan ere, bainuetxea ez da enpresen haztegi soil bat edo kokaleku huts bat. Askoz harago doa proiektua: "Idealista izanik, erreferentzia gune bat nahi dugu, landa eremuan. Oso eraikin handia da, eta ez dago horrelakorik beste inon. Aukera bat bezala ulertu behar dugu, guztiontzat, Añana osoa eta ingurua har dezakeen eraikina eta proiektua da, erreferentea izan daiteke". Are gehiago, bost mila metro koadroko espazioa dagoenez, aukera ikusten du Bikonsultingeko aholkulariak fabrika-laborategi bat sortzeko, eta bertan enpresentzako soluzioak esperimentatzeko, "digitalean, 3d inpresioan, ikerketa zentroak kokatu…".

"Hiria eta landa eremuaren arteko distantzia birpentsatu behar dugu" (Ivan del Caz, Bikonsulting)

Aukera horiek guztiek landa eremuan izan dezaketen arrakastaz sinistuta dago del Caz. "Horrelako proiektu guztiak hirietan ematen dira; zergatik ezin dira sortu landa eremuan? Egin daiteke eta egiten ari gara. Mendiaren erdian egon zaitezke, eta enpresa hogei minutura; ez da zoramena, hiria eta landa eremuaren arteko distantzia hori birpentsatu behar dugu, eta ikuspegia zabaldu behar dugu".

Etxebizitza komunitarioak

Filosofia berdinarekin aurrera atera nahi dute Kuartangoko Udalak eta Bikonsulting kooperatibak bainuetxearen berraktibatzearen bigarren fasea, hain zuzen etxebizitza komunitarioak eraikitzeko plana. "Asmoa da espazio horretan apartamentuak eraikitzea coliving formularekin; batetik, eskualdeko gazteentzat, bere lehen aukera izan dezaten independizatzeko, eta bestetik, kanpoko talentua erakartzeko, nomada digitalak, eta telelanari eta ekipoen deslokalizazioari begira". Alta, erronka hori finantziazioaren menpe dago, eta Next Generation Europako funtsetatik diru-laguntzak lortzea espero dute, proiektu arkitektonikoa martxan jartzeko.

Kuartangoko herritarren bultzada

1890ean zabaldu zuten bainuetxea berraktibatzeko prozesua oso luzea izan da denboran. 25 urte baino gehiago erabilerarik gabe egon ondoren, eta egoera oso kezkagarrian zegoenean hartu zuen Kuartangoko Udalak eraikina eraberritzeko erabakia. Bertako biztanle gehienak eraikin zaharra eraistearen aurka zeuden, bainuetxearen eta tokiko ondarearekin zuen lotura emozionalagatik. Hasiera batean, zaharren egoitza edo hotel gisa erabiltzeko aukerak aztertu ziren, baina bertan behera utzi ziren eraikina birgaitzeko beharrezkoa zen inbertsioa oso handia zelako. 
Azkenean, Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailaren hasierako diru-laguntza bati esker, erabileraren inguruko prozesu parte-hartzaile bat hasi zuen udalak. Pausoz pauso bainuetxe zaharraren azaleraren heren bat berreskuratu dute, erabilera publiko-pribaturako, erabilera publikoko espazio garrantzitsuak berreskuratu dituzte, hala nola antzokia eta enpresa txikiak erakartzeko gaitasuna erakutsi du eraikinak. 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago