Miguel Angel Montes

"Ingurumena da aurrekontuen ardatz nagusia"

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2022ko ots. 11a, 08:00

Miguel Angel Montes, Iruña Okako alkatea, udaletxeko bulegoan. E.U.

EH Bildurekin aurrekontuak adostu dituen astean elkarrizketatu du ALEAk Iruña Okako alkatea. Udalbatzari eskatu dio "guztiek norabide berdinean arraun egiteko".

2022ko udal aurrekontuaren eta Hirigintza Plan Orokorraren onarpena, espetxe zaharraren etorkizuna, Santa Katalinako lorategi botanikoaren sustapena, Arrate kirol gunearen kudeaketa publikoa, Trespondeko oiloen etxaldea… Gai andana ditu Miguel Angel Montes (Langraiz Oka, 1974) Langraiz Okako PSEko alkateak esku artean. Herriko udalbatzari eskatu dio "guztiek norabide berdinean arraun egiteko".

Bi urte igaro dira Javier Martinezen ordez alkate izendatu zintuztenetik; udal talde politikoen arteko harremanak hobetu direla esango zenuke?

Ustekabean gertatu zen aldaketa, baina hau nire bosgarren legegintzaldia da eta, beraz, esperientzia nuen aurretik. Kargua hartu eta hamabost egunera hasi zen pandemia, eta nik uste dut udalbatzan sumatu den aldaketa edo giro aldaketa gehienbat pandemiagatik izan dela, denok norabide berdinean arraun egin behar genuelako eta borroka politikoak alde batera utzi behar genituelako.

Pozik zaude pandemian Udalak egindako lanarekin?

Gutxiengo bat kenduta, talde politiko gehienek bat egin dute bizilagunen babesa lehenesteko orduan. Ehuneko ehuna izatea gustatuko litzaidake, baina ez du euririk egiten denen gustura.

Zer ildo markatu dituzue udal gobernutik aurtengo udal aurrekontuetan?

Ingurumena izango da ardatz nagusia. Uste dut udalerriak plan estrategikoak egin behar ditugula eraginkortasun energetikoari begira, energia berriztagarrien aldeko urratsak egin behar ditugu. Arrate kirol instalazioan, esate baterako, energia kontsumo handia dago eta optimizatu nahi dugu, eguzki-plakak jarriz. Halaber, plantillaren irizpideetan aldaketa egiteko unea dela iritzi diogu eta askotariko zerbitzuen lanpostu berri bat sortzea proposatzen dugu. Eta azkenik, Europako funtsen eta Udalaguntzaren aldetik jasoko ditugun diru-laguntzak kudeatzea egokituko zaigu. Horiek dira hurrengo urtean egingo ditugun inbertsio handienak. 

"Zoritzarrez, zerbitzu asko sortzen ditugu eta gero ezin ditugu mantendu" 

Udalaguntzaren dirua zertara bideratuta dago? 

Eskola publikoa modernizatzeko eskatu genuen laguntza, urte luzez eraikina handitzeko eta hobetzeko obrak egin ditugu eta orain azken ukituak emango dizkiogu eskolaren atzealdeari. Udalaguntzari esker, Eusko Jaurlaritzak obraren %60 finantzatuko du.

Santa Katalinako lorategi botanikoa da turismoaren motorea Iruña Okan. Horretan ere inbertsio handia aurreikusten da Europako funtsei esker.

Iruña Okan turismoaren eta kulturaren ikuspuntutik lorategi botanikoa eta Iruña-Veleiako aztarnategia ditugu. Aztarnategia Diputazioaren esku dago, eta Europako funtsak jasoko ditu zenbait proiektu egiteko. Santa Katalinako lorategia Udalaren harribitxia da, eta urtetik urtera bisitarien errekorrak gainditzen ari da. Turismoan ez ezik, erreferentzia bilakatzen ari da ere hezkuntzan, eskoletatik ume asko etortzen baitira bisitan. Europako funtsei esker, azken bultzada eman nahi diogu udalerriaren harribitxi nagusia bihur dadin.

Zer proiektu dituzue Santa Katalinan?

Hainbat ildo planteatu ditugu, energia berdeekin lotuta. Batetik, euri-urak jasotzeko sistema bat martxan jarriko dugu eta biltegi handi bat eraikiko dugu lorategia ureztatzeko. Bestetik, auto elektrikoak kargatzeko gune bat jarriko dugu; eta halaber, naturaren behaketa egiteko programa bat abiatuko dugu: kamerak kokatuko ditugu lorategiaren toki desberdinetan landareen jarraipena egiteko. Bestalde, ureztapena eta argiteria berritu nahi ditugu.

Arrate kirol gunea Udalak kudeatzen du orain, urte luzez enpresa pribatu baten esku egon eta gero. Positiboa izan da aldaketa?

Zaila izaten ari da. Aldaketa handia da txikia den udalerri batean, baina erronka bat da kudeaketa publikoa izan behar dela sinesten dugun alderdiontzat. Maila ekonomikoan ahalegin handia eskatzen du, baina aurrera goaz.

Zergatik egin da aldaketa?

Bi urte generaman pentsatzen zerbitzuaren zati garrantzitsu bat publikoa bilakatu behar genuela, ez osorik, gaitasun ekonomiko nahikoa ez dugulako, baina instalazioak Udalak kudeatu behar zituela eta erabakiak hemen hartu. Hitzarmen bat zegoen enpresa batekin hamar urterako, eta 2018an amaitu zen. Hitz egin genuen urtebete gehiago luzatzeko kontratua, eta denon artean pentsatzeko eta erabakitzeko denbora izateko. 2020an aldaketa egin genuen, eta urte horretan bertan udako igerilekuak Udalak zabaldu zituen. Ordutik, aldaketa txikiak egin ditugu, abonuak eta sarbidea modernizatu ditugu, aplikazio baten bidez frontoiak eta kantxak alokatu ahal izateko, eta institutuko eta eskolako ikasleek instalazioak erabiltzeko aukera dute orain. Azken erronka osasun ikuspuntutik udalerriko bizilagunentzat jarduerak antolatzea da, eta horretarako Osasun Etxeko medikuekin hitz egin nahi dugu, haiek ezagutzen dituztelako herritarren beharrak.

"Arrate erronka bat da kudeaketa publikoa izan behar dela sinesten dugunontzat"

Zaila da udalerri txikiak gobernatzea? Baliabideak falta dira?

Inguruko beste alkate batzuekin hitz egiten dudanean denok ikusten dugu arazo bat: ezinbesteko zerbitzuak daudela eta beste zerbitzu batzuk saiatzen garela ematen, herritarren alde egitearren, baina ez direla gure eskumena. Alkateok herritarrek egiten dizkiguten proposamenak oso kontuan hartzen ditugu, eskertzen ditugu eta saiatzen gara betetzen, baina askotan konturatzen gara zerbitzu asko sortzen ditugula eta gero ezin ditugula mantendu eta murrizten hasi behar gara. Hemen horren adibide asko ditugu: Oka Bus autobusa izan genuen udalerrian herriz herri mugitzeko, baina bidaien %80 hutsik egiten zuen. Asko kostatu zen autobusa kentzea, kexa asko jaso genituen, eta egia esan guk ikusten genuen zerbitzua beharrezkoa zela. Orain, berriz, hitzarmena dugu herriko taxilariekin eta aldez aurretik eskatuta ematen da zerbitzua, batik bat jende zaharrari. Hemendik aurrera asteburuetan ere eman nahi dugu zerbitzua, Gasteiztik udalerrira etortzen diren gazteentzat bereziki.

Batzar administratiboek finantziazio nahikoa dute Iruña Okan?

Hainbat finantziazio bide ditugu batzar administratiboekin, eta ahal dugun guztietan laguntzen diegu. Argiteria publikoa ordaintzen laguntzen diegu, urtero obra txikiak egiteko 55.000 euroko diru-laguntza dute, Garbiketa eta Lorezaintza zerbitzuan parte hartzen dute batzar administratiboek eta kostuaren %85 Udalak ordaintzen du. Harreman ona dugu batzar administratiboekin.

Zertan dago Billodako zubiaren inguruko proiektua?

Bilera izan dugu jada Diputazioaren hiru departamenturekin: Bide Azpiegiturak, Nekazaritza eta Ingurumena. Bide Azpiegituretako departamentuaren eskuetan dago soluzioa, eta proiektu bat ari dira lantzen, ibai baten ibilguan esku hartzeak behar duen administrazio guztien oniritziarekin. Badakit Billodako bizilagunentzat ez dela izango soluzio perfektua, baina arazoa da urak zubiaren sarrerak hartzen dituela, ez zubia bera; beraz, lantzen ari den proiektuan aurreikusten da zubiaren bi hegalak altxatzea eta azpian begi berriak eraikitzea.

"Une honetan, oiloen etxaldearen inguruan ezin dut iritzirik eman"

Beraz, ez da zubi berri bat eraikiko?

Ezin dugu gure burua engainatu. Subillabideko irtenbidetik Billodara zubi bat altxatzeak sekulako kostu ekonomikoa, bisuala eta ingurumenaren gainekoa izango luke. Beste soluzio bat behar dugu. Era berean, Nekazaritzarekin eta Ingurumenarekin bilera bat izan dugu duela gutxi Billodatik zein Trespondetik ateratzeko bi irteera alternatibo bilatzeko, landa edo mendi bideak erabiliz; ibilbide berdetik izango litzateke Billodako kasuan eta Trespondeko kasuan Mendozatik. Ez du logikarik uholdeak dauden bakoitzean herri bat isolatuta geratzea, beraz, soluzioak behar dira: lehena da irtenbide naturala bilatzea, zubitik; eta bigarrena da bide alternatiboak bilatzea herrietatik atera ahal izateko, ez dakigulako zenbat igoko den ura.

Langraiz Okako espetxe zaharraren inguruan nobedaderik izan du Udalak? Gizarteratze zentroa izango da?

Eusko Jaurlaritzarekin izan dugun azken bileran esan ziguten oraindik erabakirik ez dutela hartu. Dena den, sei hilabete igaro dira ordutik, eta udalbatzatik gutuna bidaliko diogu Jaurlaritzari informazioa jasotzeko eskatuz. Gure iritzia eman nahi dugu eta ez dugu nahi bat-batean horren inguruko berria jasotzea.

Zer egin nahiko luke Udalak espazio horretan?

Espetxe zaharrak historia bat du, kontzentrazio esparru batetik dator eta irudi aldaketa bat behar du. Instalazioak erabili daitezke, jakina, garai hauetan ezin dugu horrelako espazio bat alferrik galdu, baina ez dut uste gizarteratze zentroa bihurtzea egokia denik. Zerbait desberdina izan behar da, iraganetik bereizi behar da eraikina, hezkuntzarekin lotu, formakuntzarekin… Eraikin bat dago, harrobiko harriarekin eginikoa, errepidetik ikusten dena eta hori oso enblematikoa da… Agian museo bezala erabil daiteke, Langraiz Okako historia berreskuratzeko.

Errota birgaitu eta gero, hutsik jarraitzen du eraikinak. Noizko zabalduko da?

Denok norabide berdinean arraun egin behar dugu. Ezin dugu eraikina itxita eduki, eta Diputazioari diru-laguntza bat eskatu diogu martxan jartzeko. Ez dugu inoren kontra joan nahi, baina beste udalerri batzuetan proiektuak sustatzeko jaso duten laguntza berdina nahi dugu eraikin hori aktibatzeko. Administrazioen arteko liskarrengatik ezin dugu eraikin hori itxita mantendu.

Erabilera da arazoa?

Ez. Are gehiago, nire asmoa da azken erabakia hartzen denean udalbatzaren gehiengo ahalik eta handienarekin egitea eta URAren adostasunarekin. Saiatuko naiz URAko teknikoren bat udalbatzara ekartzen, esateko eraikina zertan erabili dezakegun eta zertan ez. Eraikin hori herritarrek erabili behar dute, gazteek, zaharrek…

Osasun Etxe berriaren eraikuntza ere zintzilik dago.

Bai. Udalak orube bat urbanizatu du, Eusko Jaurlaritzari lagapenaren idazkiak bidali dizkiogu eta orain falta da sinatzea eta eraikitzen hastea. Duela gutxi, Udalak gizarte etxea egokitu behar izan du pediatriako bi areto bertan kokatzeko, beraz beharra badago.

"Badakit Billodako zubiaren bi hegalak altxatzea ez dela  soluzio perfektua"

Ondo hornituta daude Iruña Okako industrialdeak?

Eusko Jaurlaritzak Iruña Okako Hirigintza Plan Orokorra onartu du eta Diputazioaren onespenaren zain dago. Proiektu horretan jasotzen da Los Llanos industrialdearen zabalpena, zerbitzu gehiago emateko eta enpresak udalerrira erakartzeko. Une honetan Los Llanos I-ean oso toki gutxi dago, eta asmoa da N-1aren beste aldera Los Llanos II zabaltzea.

Logistikaren arloan hazi daiteke Los Llanos?

Duela egun gutxi, Arantza Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapena eta Azpiegituretako sailburuak Sprilurren esku utzi du lurzoru industriala erosteko ahalmena; eta Subillabiden, iaz, itxi zuen Ofitas enpresaren orubea berreskuratuko dute. Arabak baliabide gutxi ditu, eta nik uste dut Europarekin duen lotura baliatu beharko duela plataforma logistikoei inguruan kokatzeko aukera emanez.

Plan Orokorrak babes ofizialeko 400 etxebizitza eraikitzea ere aurreikusten du. Zer zabalpena izan behar du udalerriak?

Oso gutxika hazten ari da, baina uste dugu etxebizitza eskaini behar dugula biztanle gehiago erakartzeko. Eusko Jaurlaritza lurzoru bila dabil etxebizitzak eraikitzeko, eta horrenbestez, hitzarmenak egin daitezke babes ofizialeko etxeak egiteko. Laurehun etxebizitza aurreikusita ditugu, baina ez dira zertan guztiak bat-batean eraiki behar.

Non eraikiko lirateke etxebizitzak?

Eskolaren atzealdean Udalaren lurzoru bat dago, eta herriaren erdian beste orube bat. Behin Diputazioak onartzen duenean, Plan Orokorra Jaurlaritzarekin hitzarmena lortzen saiatuko gara.

"Ez dut uste espetxe zaharra gizarteratze zentroa bihurtzea egokia denik"

Gasteiztik gertu egotea arazoa edo abantaila da herriarentzat?

Sarritan ez dakit. Gasteiz bost minutura dago, eta hemengo merkatarientzat, adibidez, zaila da hiriburuarekin lehiatzea; aisialdiaren parte inportante bat ere Gasteizen dago… Epe luzera begira, hiriburuaren ondoan egotea traba da herri txikietan zerbitzuak emateko. Gasteiztik gertu gaudelako jende asko hemen bizi da eta hemengo zerbitzuak erabiltzen ditu, baina jarraitzen du Gasteizen erroldatuta. Osasun Etxearen kasuan, esate baterako, izan dugun arazo handiena izan da 3.600 pertsona genituela, baina soilik 1.200 osasun-txartel, hemengo jende askok medikua Gasteizen duelako. Garraioa ere bada Diputazioak birplanteatu beharko lukeen gai bat. Gasteiztik hain gertu egonda logikoa da hiri-autobusak honaino etortzea, industrialdeetara bezala.

Tresponden jarri asmo dagoen oiolen etxaldearen inguruan zer iritzia duzu?

Gai horren inguruko espedientea zabalik dago udalean, eta aztertu beharko dugu, beraz une honetan ezin dut horren inguruan iritzirik eman behar. Ez dut prebarikatu nahi.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago