Bi aste dira Fiasako enpresa batzordeak lankide batek jasandako sexu abusuaren berri eman zuela, baita enpresaren jarrera salatu ere. "Egoera ez da aldatu. Fiasak esaten du bere jarduna eredugarria izan zela, bizi izandako egoera arinkeriaz tratatuz", ohartarazi dute batzordea osatzen duten ELA, LAB eta UGT sindikatuek.
Langileen ordezkarien arabera, errealitatea "oso bestelakoa" da. Izan ere, enpresan ez dago sexu abusuen aurkako protokolorik, berdintasun planean adostutako araudiak horretara behartzen duen arren. "Ez du orain, eta ez zuen salaketaren unean, beraz, enpresak legedia urratzen du; ezinezkoa da existitzen ez den zerbait aplikatzeari uko egitea", salatu du batzordeak.
Gainera, duela hilabete batzuk bi bilera egin zituzten zuzendaritzaren eta sindikatuen artean, eta eman beharreko pausoak aktan jasota gelditu ziren. "Baina adostutakoa ez da bete, eta hortik harago ez dago edukirik. Bilerak, gainera, hilabeteak daramatzagu egin gabe, enpresaren interes ezagatik", azaldu dute.
Are gehiago, sindikatuek salatu dute, gertatutakoaren berri eman ondoren, enpresak hilabeteak behar izan zituela langileari erantzuteko, "egoerak duen garrantzia eta larritasuna txikituz" eta gaiari ez heltzeko pandemia "aitzakia gisa" erabiliz.
Ondoren, zuzendaritzaren "ekintza bakarra" erasoa jasan duen pertsonaren lanpostua, eginkizunak eta lantokia aldatzea izan zirela azaldu dute. Erasotzaileak, ordea, gaur egun ere bere lanpostuan jarraitzen du, "lehengo estatusari eutsiz, erasotua bi aldiz biktimizatuz".
Langileen batzar bat egin ondoren eta "enpresaren jarrera ikusita", salaketa dinamika areagotzea erabaki du batzordeak. Enpresaren barruan hainbat protesta egingo dituzte egunotan, eta, ostegunean, otsailaren 10ean, 13:30ean lantegiko ate nagusian egingo duten elkarretaratzearekin bat egiteko dei egin diete langile guztiei.
????FIASAn lankide batek jasandako sexu abusuen aurrean enpresak erakutsitako jarrera salatzeko elkarretaratzea deitu du enpresa batzordeak
— ELA Feminista (@ElaFeminista) February 7, 2022
????El comité de FIASA Convoca una concentración para denunciar la actitud de la empresa ante el acoso y abuso sexual sufrido por una compañera pic.twitter.com/25BFB2OiF7