Lan esparruan jasandako sexu jazarpen bat salatu dute

Erredakzioa 2022ko urt. 19a, 17:07

Abusuak 2017tik gertatzen ari direla salatu du FIASAko enpresa batzordeak. ALPHABET

Langraiz Okan dagoen FIASA enpresan goi kargu batek emakume bati jazarpena eta sexu abusuak egin dizkiola salatu du enpresa batzordeak.

FIASA enpresako goi kargu batek hainbat urtez jazarpena eta sexu abusuak egin dizkio bertako emakume langile bati, ELA sindikatuak gaur salatutakoaren arabera. Emakume horrek eraso psikologiko eta fisikoak jasan ditu 2017. urtetik; esaldi sexistak, mezu sexualak eta sexu abusua lanpostuan, besteak beste.

Duela bi urte, langile hori eszedentzian zegoenean, zuzendaritzaren aurrean salatu zuen jazarpena. Erantzun zioten lan jazarpenaren kontrako protokoloa abiatuko zutela. ELAk salatu du enpresa batzordeak ez duela izan protokolo horren berri, eta soilik langilearen aldetik izan dutela gertatutakoaren gaineko informazioa. Gainera, lan jazarpen bat ez baizik sexu jazarpena dela argi ikusten dute.

Salaketaren berri izatean, langilea lanpostuz eta funtzioaz aldatu zuten, baina "erasotzaileak bere baldintzei eta estatusari eutsi" zizkien. Are gehiago, zuzendaritzan postu bat eman zioten. Iazko irailean, berriz, zuzendaritzak erabaki zuen "erasotzailea eta biktima berriro elkartzea".

Sindikatuaren hitzetan, zuzendaritzak "arduragabekeriaz jokatzen jarraitzen du sexu-jazarpen kasu oso larriaren aurrean". Lan auzibidean eta epaitegietan salaketak jarrita daudela aurreratu dute, eta arlo penalean auziaren zain ari dira orain. Bestetik, enpresari eskatu diote berdintasun plan bat egiteko, eta bertan jasotzeko sexu jazarpena edo sexuagatiko jazarpenaren kontrako protokolo bat. Bitartean, langile batzarra deitu dute, informazioa emateko eta ekintzak iragartzeko.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago