Iruña Oka da amiantoaren mapa duen Arabako lehen udalerria

Erredakzioa 2021eko urriaren 8a

Amiantoa material toxikoa da. ALEA

Osalanek eta Udalak mineral toxikoa agertzen den udalerriko tokien errolda egin dute.

2017an, EHBildu udal taldeak mozio bat aurkeztu zuen Iruña Okako Udalaren osoko bilkuran, amiantoaren mapa egiteko eskatuz. Harrezkero, Udalak zenbait tramite egin ditu, eta datozen hilabeteetan, Osalanekin (Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundea) lankidetzan, mineral toxiko hori agertzen den udalerriko tokien errolda bat argitaratuko du. Modu horretan, Arabako lehen udala izango da lan-tresna hori  duena, "eta herritarren eta langileen osasuna zaintzen eta ziurtatzen lagunduko du".

Hemendik aurrera, udal teknikariek aldez aurretik jakingo dute eraikuntzak, eraispenak eta beste motatako lanak baimendu behar dituzten lekuetan amiantoa dagoen, eta neurriak hartu ahalko dituzte arriskuak ekiditeko. Davide Di Paola talde abertzaleko zinegotzia pozik agertu da mapa horren lanketarekin, baina uste du urratsak egiten jarraitu behar dela."Osalanek hasierako lan bat egin du, errazena, hau da, Google Maps bidez amiantoa non dagoen zehaztea. Orain harago joan behar da, eta administrazio batzarrekin, boluntarioekin eta udalerriko elkarteekin lankidetzan, mapa hau osatu behar du, amiantoa dagoen puntu guztiak identifikatuz eta ezabatuz", nabarmendu du.

Hortik aurrera, EH Bilduko zinegotziaren esanetan, sentsibilizazio lan bat egin beharko du Iruña Okako Udalak herritarrei ohartarazteko amiantoaren arriskuaz, amiantoa modu seguruan kendu beharraz, "eta gure ingurune naturala edozein motatako hondakinetatik garbi mantentzearen garrantziaz".

Diru-laguntzak kentzeko

Iruña Okako Udalak 2017. urtetik fibrozementuarekin egindako produktuak kentzeak eragindako gastuak ordaintzeko diru-laguntza bat du. Amiantoa duten objektuak txikiak badira, plastikozko material batean bildu eta garbigune batean utz daitezke, baina handiagoak badira, apurtuta edo kaltetuta badaude, komenigarria da hondakinak kudeatzen dituen enpresa batekin harremanetan jartzea, modu seguruan eta egokian ken ditzan.

Euskadiko Amiantoaren Biktimen Elkartearen (Asviamie) arabera, 2019. urtera arte Euskal Autonomia Erkidegoan Portugalete Hernani, Ordizia eta Urretxu baino ez zuten amiantoaren mapa bat. Eusko Legebiltzarrak aho batez eskatu zuen 2002ko maiatzean udalerriek mapa hori egitea, eta 2006. urtetik legean jasota dago mineral toxikoa kentzeko beharra. "Osasun publikoko arazo nabarmena den arren, gure udalerri gehienetan legea ez da betetzen. Gaur egun, 2.300.000 tona amianto daude gure hirietan eta herrietan. Gizakiak material horrekin bizi gara, eta  askatzen dituen zuntzak arnastuz gero, ondorio kaltegarriak izan ditzake pertsonentzat", salatu du Asviamiek.

Erlazionatuak

Amianto egunak

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2017 eka 02 Araba

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago