Amianto egunak

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2017ko eka. 2a, 16:34

Juanjo Basterra Laudioko kazetariak amiantoari buruzko liburua argitaratu du.

'Cuatro lunas. El drama del amianto en Euskal Herria' liburua idatzi du Juanjo Basterra Laudioko kazetariak; kaltetuen bizi esperientziak bildu ditu.

Amiantoarekin lan egiteagatik gaixotzen diren herritarren zifra altuen atzean dauden bizi esperientziak bildu ditu Juanjo Basterra Respaldizak (Areta, 1963) Cuatro lunas. El drama del amianto en Euskal Herria liburuan. Oinarrizko lan segurtasunerako neurriak hartu gabe, ezjakintasunez, mineral kantzerigenoarekin lan egin duten milaka pertsonen eta euren familien drama azaleratu du; enpresen eta mutualitateen aurrean, gaixotasuna aitortzeko egin behar izan duten bide latza jaso du kazetariak.

Gasteizen, Egin egunkarian lanean, izan zuen amiantoaren inguruko lehenbiziko berria kazetariak. Garaje Moderno-Talleres Ford hiriko tailer mekanikoan lan egin zuen Santiago Bustosek epaitegian aurkeztu zuen demandaren harira, 1996. urtean: "Ez da Euskal Herrian auzitara eraman duten lehen kasua, baina orduan ohartu ginen ikusezina zen arazoaren tamainaz". Santosek pleurako mesotelioma bat zuen, eta 49 urterekin hil zen; EAEko Auzitegi Gorenak 2000. urtean itxi zuen bide judiziala, eta atzera bota zuen familiaren demanda: "Ez da egiaztatu nahikoa amiantoa dagoenik lan eremuan, langilearen mesotelioma eragiteko", idatzi zuen epaileak. Basterraren iritziz, "epaiketa gaur egingo balitz, familiak irabaziko luke".

Enpresa ezagunak, zigortuta

Izan ere, gauzak hobera aldatu dira azken urteetan, eta kasu gehienetan epaitegiek amiantoak eragindako gaixoei kalte-ordainak, edota pres-tazioen gehigarriak onartu dizkiete. Auzi honetan espezializatutako Gasteizko abokatu bulego batek 113 epaiketa eraman ditu azken urteetan, eta 80 demanda irabazi ditu; beste 16 auzitan akordioa erdietsi dute. Amiantoaren Biktimen Euskal Elkarteak kaltetuen taldearekin lan egiten dute abokatuek.

Zigortu dituzten enpresen artean lantegi oso ezagunak daude, esate baterako, Arcelor Mittal, Tubacex, Michelin, Renfe, Aceros de Llodio, Sidenor (Forjas Alavesas), Envases Metalurgicos de Alava, Michelin... Liburuak jasotzen duenez, ehun epai irmo baino gehiago daude enpresen kontra: "Enpresa askok langileak engainatu zituzten, eta lan egitera behartu zituzten oinarrizko segurtasun eta prebentzio neurriak hartu gabe".

Amiantoa, bizilagun

Enpresarien jokabide axolagabea berretsi dute Basterrak jasotako hainbat lekukotzek. Kepa Fernandez Trincado Bilboko behargina iaz hil zen, liburua atera baino lehen; mekanikari bezala lan egin zuen: "Ezin dut ezer egin, lau egun geratzen zaizkit (me quedan cuatro lunas); historia honen ondorioa da. Inork ez zigun azaldu amiantoari buruz ezer, ez ziguten esan arriskua muturraren aurrean genuela; bakoitzak berea egiten zuen, enpresariak etekinak lortzera, eta kito".

Olaberriako Arcelor Mittalen lan egin zuen Felix Casadok, 1964 eta 1971 urteen artean, eta 2011. urtean birika bat erauzi zioten, amiantoak jota: "Amiantoa manipulatzen genuen, amiantoko zintzarriak ipintzen genituen, labeen hormei amiantoa jartzen zitzaien, isolatzaile ona eta merkea zelako... Inork ez zigun esan arriskutsua zela; aldiz, aparta zela esaten ziguten". Enpresa berdinean –lehengo Aristrainen– lan egin zuen Luis Antonio Cardozo Beristainek. Astakeriak egiten zituzten langileek, jakin gabe amiantoaren zuntza arnasteak kalte larriak ekar zitzakeela. Amiantoarekin bizi ziren, amianto artean: "Inork ez zigun esan babesa eraman behar genuenik, astakeriak egiten genituen; labeen gainean, edozein tokitan ibiltzen ginen amiantoa mozten edo manipulatzen, eta ondoren artazi horiek erabiltzen genituen sardina-lata irekitzeko. Barkaezinada". Iaz hil zen Cardozo.

Irakurri erreportaje osoa ALEA aldizkariaren 107. zenbakian. Etxean jasotzeko, harpidetu hemen.

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago