Eraikin publiko bat enpresa bati "oparitu" izana leporatu diote Erriberagoitiko Udalari

Erredakzioa 2021ko ira. 22a, 12:00

Erriberagoitiko udaletxea, Pobesen. / ALEA

EH Bilduk salatu du Erriberagoitiko Udalak eraikin publiko bat "oparitu" diola Serasger Alava enpresari, eguneko zentro bat eta etxebizitza komunitario bat irekitzeko. Eraikin horretan milioi bat euro inbertitu zirela ohartarazi dute.

Asteartean egindako osoko bilkuran, Erriberagoitiko Udalak erabaki zuen udal jabetzako eraikin batean eguneko zentro bat —12 plaza— eta etxebizitza komunitario bat —9 plaza— sortzeko kontratua Serasger Alava enpresari esleitzea; lehiaketa publikora aurkeztu den enpresa bakarra da, eta 18.000 euroko errentaren truke lortu du esleipena. Gainera, enpresak 26 plaza dituen egoitza bat irekitzeko inbertsioak egin beharko ditu hamar urteko epean.

EH Bildu kritiko agertu zen osoko bilkuran, eta kontrako botoa eman zuen. Izan ere, udal talde independentistak gogora ekarri duenez, "operazioa" 2012an hasi zen: orduan, Jesus Berganza alkateak (EAJ) 27 plazako adinekoentzako egoitza bat irekitzea erabaki zuen; EH Bilduren ustez, "inolako eskumenik gabe eta beharren azterketa egin gabe".

Horretarako, milioi bat euroko inbertsioa egin zen eraikinean, Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren diruarekin. Bost urte geroago, 2017an, Udalak enpresa pribatu baten esku utzi zuen obrak amaitzeko eta zentroa kudeatzeko ardura: "Jada ez zen egoitza bat, baizik eta etxebizitza komunitario bat, plaza gutxiagoarekin", kritikatu du EH Bilduk. Hala ere, orduz geroztik hutsik izan da eraikina.

Zortzi urte geroago, hainbat saiakerak huts egin ondoren, "eraikin publiko bat enpresa pribatu bati uztea eskaintzen duen irtenbide bakarra" dela kritikatu dute.

Alternatibak

"Beste erakunde batzuekin elkarlanean, EAJren udal gobernuak baztertu nahi izan dituen beste aukera batzuk daude", azpimarratu du Josepe Martioda Erriberagoitiko bozeramaile independentistak. Izan ere, denbora honetan, instalazio horietan adimen urritasuna duten adinekoentzako egoitza bat jartzea proposatu izan du EH Bilduk, baina aurreko alkateak proiektua baztertu zuen.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago