Javier Gallego izango da Erriberagoitiko alkate berria

Erredakzioa 2021ko api. 13a, 13:30

Erriberagoitiko udaletxea, Pobes herrian. / ZARATEMAN

22 urtez Udalaren buru izan ostean, Jesus Berganzak erretiroa hartuko du aste honetan. EAJko zinegotzi eta La Polaca pertsonaiagatik ospetsu den Javier Gallego aktorea izango da Erriberagoitiko alkate berria.

Ostegun honetan 65 urte beteko ditu Jesus Berganzak, azken 22 urteetan Erriberagoitiko alkate izan ostean. Hainbat hedabidek aurreratu dutenez, aste honetan erretiroa hartuko du Berganzak, eta 800 biztanle inguruko udalerriko alkate berria Javier Gallego zinegotzia izango da.

2019ko hauteskundeetan, EAJren zerrendetan laugarrena izan zen Gallego, eta, hain zuzen ere, alderdi jeltzaleak lau ordezkari lortu zituen. Gainera, Hereñako Administrazio Batzarreko presidentea izan da 2017. urtetik; bertan bizi da 2014tik.

Javier Gallegok 38 urte ditu, eta Jundizko logistika-zentro batean lan egiten du biltegiko buru gisa. Gainera, aktore gisa aritu da urte luzez, eta ospe handia lortu du, bereziki, transformismo show batean La Polaca pertsonaia interpretatuz. Iragarri duenez, kargu hartzea baieztatzen bada, bere ibilbide artistikoa etengo du aldi baterako, Jundizko bere lana mantenduko duen arren, kargu politikoan bete-betean aritzeko.

El Correo egunkarian egindako adierazpenetan, Gallegok esan du bere kargu instituzional berritik "LGTBI pertsonen eskubideen defendatzaile sutsua" izaten jarraituko duela, "askotan ikusten ez den arren, landa eremuan oso presente dagoen zerbait delako".

Jesus Berganza Erriberagoitiko alkate izan da azken 22 urteetan. / EAJ

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago