Datorren irailaren 22an, Donostiako Zinemaldiko Euskal Zinema sailean, Maider Oleagak zuzendu eta Oier Martinez de Santos eta Jose Luis Murga protagonista dituen Kuart Walley dokumentala aurkeztuko dute. Bi protagonistek eta Kuartangoko haraneko biztanleek, 2014an, aurkeztu zuten Algo más que morir westernaren filmazioan oinarritzen da Oleagaren istorioa.
2018an hasi zen Oleaga proiektu horri bueltak ematen. ALEAri azaldu zion orduan asmoa zuela dokumental bat egiteko, Kuartangoko herritarren esperientziatik abiatuta, Algo más que morir filma egiteko ibilbideari buruzkoa. "Kontatu nahi dut nola bi pertsonen amets bat egia bihurtu den komunitate oso baten laguntzarekin. Algo más que morir pelikula amateurra da, egin zuten Kuartango bailarako jendearen laguntzarekin, diru barik, eta hori niretzat kristona da, oso polita. Aldi berean, espazioaren eta jendearen erretratu bat egin nahi dut, kontatu nolakoa den toki hau eta jendea, gai izan zirela zinema egiteko, cowboy herrixka bat ezerezetik egiteko, eskuz… Hor aurkitzen dut nik zinema egiteko pasio oso garbi eta polit bat, eta hori kontatu nahi dut".
Irizar Saria
Bada, lau urte eta gero etorri da emaitza. Horrela, bederatzi ekoizpen lehiatuko dira euskal kulturaren eta zinema industriaren garapenari ekarpena egiteko helburua duen Irizar saria lortzeko. Horien artean daude Zinemira saileko lau lan: No somos nada, Javier Corcuerarena; Manu Soloresen Aztarnak; Bolante baten historia Iñaki Alforjarena; eta Iker Elorrietaren El radioaficionado; eta sail ofizialean ere lehiatuko den Iciar Bollainen Maixabel filma. Euskal Zinemaren sailean Asier Altunaren Hondalea: abismo marino; Hernán Zinen Pandemic tour 2020 Belako; eta O Gemen Xabier Erkiziarena izango dira Maider Oleagarekin lehiatzen.