Maider Oleaga

"Zinema egiteko pasio oso garbi eta polita ikusi dut Kuartangon"

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2018ko urt. 12a, 11:00
Maider Oleaga zinegile eta gidoilari gasteiztarra. SAIOA FDZ. DE ARANGUIZ

Film bat bukatu eta beste bat hasteko prest da Maider Oleaga zinemagile eta gidoilaria; Donostiako euskara irakasle bakartiaren bizipenak atzean utzi, eta Kuartangoko inguru zabaletara salto egingo du. Zinema egiteko pasioak gidatzen ditu gasteiztarraren urratsak toki batetik bestera.

Cowboy kapela jantzita hasi du urtea Maider Oleaga zinemagileak (Bilbo, 1976). Elbira Zipitria ikastola klandestinoetako irakasleari buruzko IRA-26-2  filma amaitu ondoren, esku artean du orain zinema egitasmo erabat desberdina. Abenduaren hasieran aurkeztu zuten Kuart Walley, Oleagak hurrengo hilabeteetan Kuartangon filmatuko duen doku-westerna. Aurkezpenaren egunean hitz egin zuen Oleagak ALEArekin; zine asmo ezberdinen artean dagoen aldea azpimarratu du zinemagileak: "Elbira da pertsona bakarti baten historia eta Kuart Walley, berriz, kolektibo baten histori. Elbira egiten ari nintzenean Kuartangon pentsatzen nuen, eta burua irekitzen zitzaidan, haizea hartzen nuen".

Valladolideko Seminci zine-festibalean sari bat irabazi berri duzu. Pozik?

Bai. ETBk enkargu bat egin zidan 2015ean, Jose Antonio Agirreren bizitzatik abiatuta, film bat egiteko. Berez, lau zinemagile izan gara lan horretan, eta bakoitzak pelikula bat egin du, Agirreren bizitzan garrantzia izan duten lau hiritan; niri Berlin egokitu zitzaidan. Zinemiran aurkeztu genuen lan hori: Iragan gunea Berlin. Oso azkar egin genuen filma, ETBren epeak betetze aldera, eta oso pozik geratu nintzen, baina produktoreek eskatu zidaten denbora gehiago hartzeko eta pelikula berriz muntatzeko eta pixka bat luzeago egiteko. Buelta bat eman nion bildutako materialari, eta Verabredum dokumentala sortu nuen.

Errefuxiatuen bizipenei buruzko lana da 'Verabredum'?

Agirre ezkutatuta egon zen Berlinen eta bertan eguneroko bat idatzi zuen. Ni saiatu naiz Agirrek jasotako zenbait elementu gaur egunera ekartzen, bakardadea, esate baterako; eta pelikulan agertzen dira Agirreren egoera irudikatzen duten pertsonaia batzuk: Siriako errefuxiatu bat, emakume kurdu bat eta hiru euskaldun.

Elbira Zipitriari buruzko 'IRA-26-2' lana ere itxi duzu?

Urtarrilean egingo dugu behin betiko kopia bat, eta hortik aurrera hasiko gara mugitzen, bilatuko dugu festibalen bat aurkezteko eta ea Donostiako Zinemaldian aukera dugun.

Lan handia egin duzu pelikula horretan? 

Bai. Oso luzea izan da, sei urte eman ditut horretan, eta, gainera, erdian egin nuen Iragan gunea Berlin. Elbira Zipitriari buruzkoa oso lan pertsonala da, asko eman dut, lan eskerga egin dut baina oso pozik nago, behar nuen horrelako zerbait egin. 

Nor da Elbira Zipitria?

Oso pertsona ezezaguna Euskal Herrian, eta oso emakume garrantzitsua da. Ikastolen mugimenduaren aitzindaria da. Nik Donostian alokairuan dudan etxean, Franco garaian, egin zituen eskola klandestinoak, 30 urtez. Hasi zen 50. hamarkadan eskola horiekin; gero euskaltegien aitzindaria ere izan zen, euskaldunak alfabetatu zituen, bere euskara hobetzen laguntzen zien, gauez ematen zituen klaseak. Lan izugarria egin zuen euskararen alorrean.

Ez da batere ezaguna.

Berari buruz irakurtzen hasi eta pentsatu nuen "nola da posible emakume hau ez ezagutzea?", eta ikertzen hasi nintzen. Politikaria izan zen, gerra baino lehen, mitinak egiten zituen, 30. hamarkadan, emakumeak oraindik etxean zeudenean. Aitzindaria izan da gauza askotan; kasualitatez ni Donostiara iritsi nintzenean bere eskola klandestinoak egiten zituen etxea alokatu nuen, eta historia jakin nuenean pentsatu nuen: "nik istorio hau kontatu behar dut, niri tokatu zait". 

Zaila izan da. Zergatik?

Ikerketa lana izan da zaila. Agertzen diren gauzak oso nabarmenak dira, ezagunenak, baina askoz ere gehiago jakiteko geratzen dira: nor zen emakume hau, nolakoa zen… Senide gutxi ditu gainera, ez zen ezkondu, seme-alabarik ez du…, oso pertsona misteriotsua da.

Zer izango da, dokumentala, fikziozko film bat?

Oso berezia da; nik beti esaten dut dokumentalaren eta fikzioaren artean dagoen aldea oso labainkorra dela, ez dagoela oso argi. Hitz egiten badugu telebistako dokumental historikoaz bai, baina hau ez da dokumental historiko bat, ez da biografia bat ere, ni agertzen naiz, ez da fikzio bat berez, baina ez da dokumental bat ere. Erdian dago.

Hura amaituta Kuartangora hurbildu zara. 

Duela hiru edo lau urte Kuartangora etorri nintzen lagun batekin, eta komentatu zidaten film luze bat egiten ari zirela hemen, Algo más que morir, eta pentsatu nuen horren inguruan pelikula bat zegoela, baina Donostian beste pelikula horretan sartuta nengoenez, ahaztu nuen. 2014ko abenduan egin zuten pelikularen estreinaldia, Gasteizko Florida zineman, eta Mario Madueño zine ekoizlea eta biok joan ginen. Zuzendariak ezagutu genituen, Jose Luis Murga eta Oier Martinez de Santos, eta hortik aurrera hasi ginen ideiarekin jolasten, dokumental bat egitea beraien esperientziatik abiatuta, Algo más que morir filma egiteko ibilbideari buruzkoa. 

Geroztik hasi zara Kuartangora maiz etortzen. 

Bai, eta konturatu naiz ez dela kasualitatea haiek egitea western bat, Kuartangok berez baduelako western kutsua; ingurunea, espazioa nolakoa den, jendea nolakoa den, iruditzen zait oso western modukoa den espazio bat. 

Zergatik?

Jendea den moduagatik agian, badute zuzentasun bat, eta westerngo pertsonaiek badute holako zuzentasun bat, argitasun bat. Ez da kasualitatea Araban egin izana lehenengo westerna Euskal Herrian. 

Zer kontatu nahi duzu doku-western horretan? 

Kontatu nahi dut nola bi pertsonen amets bat egia bihurtu den komunitate oso baten laguntzarekin. Algo más que morir pelikula amateurra da, egin zuten Kuartango bailarako jendearen laguntzarekin, diru barik, eta hori niretzat kristona da, oso polita. Aldi berean, espazioaren eta jendearen erretratu bat egin nahi dut, kontatu nolakoa den toki hau eta jendea, gai izan zirela zinema egiteko, cowboy herrixka bat ezerezetik egiteko, eskuz… Hor aurkitzen dut nik zinema egiteko pasio oso garbi eta polit bat, eta hori kontatu nahi dut.

Proiektua martxan dago?

Bizpahiru urte daramagu lanean, garatu dut gidoi bat, eta egon gara dirua biltzen, ate joka, eta asmoa dugu aurten filmatzen hasteko. Niretzat proiektua hasita dago, ez da filmazioa hasi baina nire barnean bai. Orain bultzatu behar dugu, eta pentsatu nola kontatuko dugun… hori misterio bat da, lan asko dago egiteko. Agian hasiko gara udan grabatzen eta beste filmazio bat egingo dugu neguan, giroa guztiz aldatzen delako. Algo más que morir filmaren barruan Kuart Walley izena du bailarak, eta bailarak berak badu garrantzi handia nire pelikulan; horregatik nahi dut urtaro ezberdinetan filmatu.

Kuartangoko bizilagunak ere ezagutu nahi dituzu.

Pelikulan parte hartu zutenak, Marindako herrixka egin zutenak… ezagutu nahi ditut. Niretzat oso inportantea da kolektibitatearen izpiritu hori, funtzeskoena da; Kuartango oso bailara berezia da, asko elkartzen direlako gauzak aurrera eramateko, eta hori kontatzea gustatuko litzaidake: nola haien artean elkartzen diren pelikula bat egiteko, amets bat aurrera eramateko. Nahiz eta jendeak pentsatu Jose Luis eta Oier zoroak direla western bat egin nahi izateagatik, denek lagundu zuten; nahiz eta ideia zoro bat iruditu, prest egon ziren laguntzeko. 

Zer dute komunean 'IRA', 'Kuart Walley' eta 'Berlin lanek'? 

Funtsean zinema. Niretzat pelikula honek badu zerikusia zinemaren pasio batekin. Zer dago hor bi pertsona egoteko zazpi urtez pelikula  batekin?, Zerk mugitzen gaitu? Zer dago hor eta nolakoa da herri hau? IRA ere zinema da, asko landu dut nola kontatu istorio hori, baina Elbira da barrura begiratzea eta hau da begirada zabaltzea. Metodologia ere oso desberdina izango da. Elbira kobazulo batean ezkutatuta egotea bezala izan da, eta hau jendea da, elkarlana…, Elbira da pertsona bakarti baten historia kontatzea eta hau da kolektibo baten historia. Elbira egiten ari nintzenean Kuartangon pentsatzen nuen, eta burua irekitzen zitzaidan, haizea hartzen nuen.

Jose Luis Murga, Maider Oleaga eta Oier Martinez de Santos, aurkezpenean.

Zinema, auzolanean

Oso-osorik Euskal Herrian grabatutako lehenengo westerna izan zen Algo más que morir. 2005ean hasi ziren Jose Luis Murga eta Oier Martinez de Santos pelikularen gidoia lantzen, Murgaren gaztetako amets bati eutsiz. Hurrengo urtean filmaketa hasi eta bost urte beranduago amaitu zuten. 2014ra arte ez zen estreinatu. Dozenaka kuartangarrek parte hartu zuten Dick Murray pistolariaren istorioan: aktore lanak egin zituzten, cowboy herrixka bat eskuz eraiki zuten eta pelikularen jantziak diseinatu eta josi zituzten. Kuart Walley berpiztu du orain Maider Oleaga zinemagileak.

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide