Varonatarren dorretxearen ibilbide birtual bat sortu dute

Erredakzioa 2021eko ekainaren 1a

Varonatarren dorretxea, Villanañen. / AFA

Aldundiak Varonatarren dorretxearen ibilbide birtual berri bat jarri du abian. Kanpoaldeaz gain, logela nagusia, bulegoa eta Kixote aretoa bisitatu daitezke etxetik.

Dorretxea Arabako Villanañe herrian dago, eta XIV. mendearen amaierakoa edo XV. mendearen hasierakoa da. Varona abizena VII. mendekoa da, eta Maria Ruiz Perez andrearekin sortu zen. Ordutik gaur egun arte, haren zuzeneko ondorengoak bizi izan dira dorretxean.

Multzo osoa zaharberritu du Aldundiak. Dorretxearen kanpoaldeko eta barrualdeko antzinako girotzearen eta banaketaren zati bat aldatu da, gaur egungo beharretara egokitzeko. Barrualdeko zenbait gune zeuden bezala kontserbatu dira, eta izaera tradizionalari eutsi diote. Geletan dorre jauregiaren jabeen zein Aldundiaren altzari onak daude. Esparruaren aldeetako batean dorretxea nabarmentzen da; bestalde, multzo osoa babesteko, barbakana almenaduna eta harresi gezileihodunak ditu, baita babes hobi zabala ere, ur eta guzti.

Zenbait gelatan dauden paper pintatu interesgarrien inguruko erreportajea egin zuen ALEAko kazetari Estitxu Ugartek 2020ko apirilean, eta hemen duzue irakurgai: Paperezko artea horman gora. Halaber, oso interesgarriak dira dorretxean topa daitezkeen kutxa edo kutxatzarrak, eta baita zeramika lanen bilduma ere.

Orain, ibilbide interaktiboa smartphonetan, tabletetan eta ordenagailu pertsonaletan egin daiteke. "Ibilbide honi esker, ikusgaitasun handiagoa emango zaio Arabako gure ondareko zentrorik enblematikoenetako bati, eta, beraz, dorreraino fisikoki joan ezin duen jendeak dagoeneko ez dauka aitzakiarik hura ez bisitatzeko, munduko edozein lekutatik eta etxetik irten gabe bisita daitekeelako", ospatu du Ana del Val Kultura Saileko foru diputatuak.

Erlazionatuak

Paperezko artea horman gora

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2020 api 04 Añana   Gaubea

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago