Varonatarren dorretxea

Paperezko artea horman gora

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2020ko api. 4a, 06:00
'Espainiako bistak' paper margotua dorretxeko kabinetean dago. GAUBEAKO TURISMO BULEGOA

Gaubeako Varonatarren dorretxean gorde diren paper margotu panoramikoen inguruan azterketa sakona aurkeztu zuen iaz Rocio De Pablok. Europako paper fabrika onenetatik inportatu zituzten. Harribitxia dira.

Villanañeko Varonatarren dorretxeko gela nagusien hormetan XIX. mendeko paper margotu panoramikoak daude. Harribitxia. Garaiko moda, tradizioa eta industria garrantzitsu baten lekuko biziak dira. Bi areto nagusietan, gainera, paper margotuen izarrak itsatsirik daude: Parisko multzo panoramikoak. 25 oihalez osatua dagoen Compiègneko ehiza erakusten dute Kixoteren aretoaren paretek. Jauntxoen kabinetean, berriz, 1818ko Espainiako bistak paper panoramikoa ikus daiteke.

Europako paper fabrika onenetatik –Alsaziatik eta Paristik– inportatu zituen, ustez, Rodrigo Ramon Miguel Varonak paperezko apaingarri bikainak. Paper panoramikoen lehen edizioak dira, XIX. mendekoak, eta horrelako ale gutxi kontserbatzen dira munduan. Europako multzorik osatuenetakoak eta ondoen kontserbatuenetakoak dira, eta Euskal Herriko paper multzo berezienetakoak.

"Ekialdeko paper margotuak imitatuz Europan egin diren lehen paper serieak dira"

Halere, ez dira batere ezagunak jendartean, eta XX. mendera arte bederen ez zituzten aintzat hartzen artearen eta historiaren ikasketak garatzeko orduan. Euskal Herriko ondare bereziari buruz urteetan jasotako informazioa eta ikerketak jaso ditu Rocio de Pablo Albak azken urtean, eta Gradu amaierako lan batean sakon aztertu ditu. Iazko abenduan argitaratu zuen Sancho el Sabio Fundazioak azterketa; eta horren ondotik etorri dira ikerketa gehiago, Gasteizko Santa Isabel paper fabrikaren ingurukoa kasu.

Fernando Bartolome Euskal Herriko Unibertsitateko Artearen eta Musikaren departamentuko irakaslearen gidaritzapean osatu du lana De Pablok. "Zoritxarrez, XX. mendearen lehen herenera arte paper margotuak artistikoki ez zituzten kontuan hartzen, bigarren mailako artetzat hartzen zirelako. Baina, tira, XX. mendearen erdialdetik aurrera arreta handiagoa jarri zaie".

Ikuspegi ikonografiko eta estilistikotik aztertu ditu Varonatarren dorretxeko paperak: "Eta aukera eman digu Frantziaren eta Ingalaterraren arteko truke artistikoetan sakontzeko, baita artelan horiek transmititzen saiatu diren mezuan ere".

Artisauen lana

Gaubeako jauntxoen etxeko muralek ez dute zerikusirik seriean fabrikatutako gaurko etxebizitzetan ditugun paper-biribilkiekin. Margolariak, marrazkilariak, ornamentu- egileak eta grabatzaileak izan ziren XIX. mendeko obra hauek lantzen jardun zutenak, eta bere ezagutza teknikoak eta artistikoak bertan islatu zituzten.

"Nabarmentzekoa da Araban serie hauek gorde ditugula eta, gainera, kontserbazio-egoera ezin hobean. Paper hauek eskuz eginak daude, eta lehengai bikaina erabili zuten: trapu papera da. Horri esker, gorde ahal izan dira; eta horregatik ere haien zaharberritzea erraztu egin da".

Dorretxean bizi zen familiaren kezka intelektualak eta kulturalak islatzen dira paretetan

De Pablok azaldu duenez, Varonatarren dorretxekoak ez dira paper-tirak."Paper zatiak dira, A3 tamainakoak gutxi gorabehera, eta bata bestearen ondoan kolatu egiten zituzten. Ez dira paper-tirak; hurbiltzen baldin bazara konturatuko zara paper zatiak direla bata bestearen ondoan kolatuta. Sekulako artisau lana dago horren atzetik".

Balio handiko paper panoramikoak izateaz gainera, diseinatu ziren lekuan bertan kontserbatzen direla nabarmendu du ikertzaileak. "Horrek egiazkotasuna ematen die nire ikuspuntutik, sortu ziren tokian bertan miretsi eta goza daitezkeelako obra hauek". Autoreak azaldu duenez, zoritxarrez, lagin horietako asko biltegietara edo museoetako aretoetara eraman dituzte eta ez dira bere jatorrizko tokian gorde. "Varonakoak, berriz, kontserbazio zaila duten arren, ez dituzte erauzi".

Garaiko errealitatearen deskribapena transmititu zuten paper margotuek, garai hartako fantasia eta ilusioak. Bidaiariek, abentura-liburuek, misiolariek, enbaxadoreek, marinelek eta itsasoz haraindiko abenturazaleek ekarritako kontakizunak jaso zituzten, besteak beste, marrazkietan.

Ekialdetik dator moda

Villanañeko dorretxean dauden paperen artean, areto nagusian (Kixoteren gelan) dagoen Compiègneko ehiza mural panoramikoa eta kabinetean dagoen Espainiako paperak lanak nabarmendu ditu De Pablok. "Biak nabarmentzen ditut Ekialdeko paper margotuak imitatuz Europan egin diren lehen serieak direlako. Ekialdetik dator hormak apaintzeko moda, eta dakigunez, XVII. mendean hasi ziren Mendebaldera esportatzen, Ekialdeko Indietako Konpainiaren bidez".

Nazioartean margotutako paperaren maisulantzat jotzen dute adituek Kixoteren gelako paretak estaltzen dituen Compiègneko ehiza. Oreinaren ehiza handia irudikatzen du. Frantziako errege askori baso horretara ehizan joatea gustatzen zitzaien. Luis XIV, Luis XV eta Luis XVI Frantziako erregeen eta Napoleon I eta Napoleon III. enperadoreen uda-pasa eta ehiza-leku bat zen Compiegne.

Charles Vernetek (1758-1836) diseinatu zuen papera, eta Reveilloneko eskolako grabatzaileek eta inprimatzaileek garatu zuten, 1812. urtean, Parisen.

Dorretxearen kabinetean, berriz, Espainiako bistak izeneko paper margotua itsatsita dago. 1810. urtean, Parisen, egindako xilografiak dira, eta Iberiar Penintsulako hainbat paisaia erakusten dituzte, grisaila metodoarekin marraztuak. Lola Rodriguez Laso ikertzaileak jaso duenez, "sepia koloreko edo kolore bakarreko antzeko serie batzuk daude, baina Varonatarren dorretxean aztertutako oihaletako bi munduan bakarrak dira".

'Compiègneko ehiza' paper margotua. GAUBEAKO TURISMO BULEGOA

Boterea adierazteko modua

Botereari buruzko alegoria da paper panoramiko hau, De Pabloren esanetan: "Gure ustez, grisaila aretoaren multzo hau programa ikonografiko bat da, familia honen estatusaren nagusitasuna eta boterea nabarmentzea helburu duena". Irudimenezko paisaiak erabiltzen dituzte: Gibraltarreko haitza, Aragoiko itsasargia, Gaztelako gazteluen paisaiak, Asturiasko edo Nafarroako mendiak, Granadako patioak,

Burgosko katedrala eta Filipinak zein Afrikako iparraldea ere ageri dira. Bestelako edukiak ere jasotzen ditu paper panoramikoak, tartean, Trafalgarko ontzi- batailaren irudiak edo garaiko lanbideak: arrantza, nekazaritza edo merkataritza, baita erromeriak edo zezenketak ere.

Panoramikaren azpian, gela osoa inguratzen duen friso bat identifikatu du De Pablok, eta horretan mitologiako grifoak edo Edipo Erregea tragedian aipatzen duten Tebaseko esfingea antzeman daitezkeela uste du. Izan ere, mitologiak toki garrantzitsua du dorretxeko paper margotuen edukietan.

De Pablok azaldu duenez, kabineteko frisoan bezala, Kixoteren aretoan ere ageri dira mitologiarekin lotutako musak, baina inork ez ditu inoiz aztertu. "Deskribapen ikonografikoa egin gabe zegoela ikusi nuen, eta deigarria egin zitzaidan, ikusgarriak eta ederrak direlako, zapore estetiko handikoak, batez ere estetika neoklasikoari erreparatuta".

Hartara, Jesus Maria Gonzalez de Zarate katedradunaren laguntzari esker, Kixoteren aretoan eta logelan itsatsita dauden bederatzi musak identifikatzeko lana egin du De Pablok. "XVI. mendean jada Cesare Ripak Iconología izeneko bere lanean jaso zuenarekin bat datorrela ikustea izan da politena eta harrigarriena. 1593. urteko lana da Riparena, eta irudi alegorikoen lehen hiztegitzat jotzen dute. Autore honek, antzinateko iturri literarioetan oinarrituz, iturri bisualen esanahi osoa bildu zuen", azaldu du ikertzaileak.

Era berean, programa ikonografiko oso bat izan litekeela uste du: "Dorrean bizi den familiaren kezka intelektualak eta kulturalak islatu nahi dituena". Edota kulturaren batasunaren aipamen bat ere izan liteke, "jainkosa hauek jakintza ezberdinek irudikatzen baitituzte".

Finean, gizarte ilustratuan ohikoa zen aristokrazia eta goi noblezia errege-erreginen jarduerak imitatu nahi izatea, eta Varonatarren etxean irudikatutako jarduerek, hala nola ehiza eta giza eta arteen zaintza, hori erakusten dute.

Varonatarren etxean dago Euskal herriko paper margotuen multzo berezienetako bat

Gaubeako Varonatarren dorretxearen alde ezezaguna aztertzeko erronkari eutsi eta gero, ondorioztatu du De Pablok lan handia dagoela oraindik Arabako ondare artistiko ez erlijiosoaren inguruan egiteko, eta batik bat arkitekturarekin zehazki lotuta ez dauden aldeetan sakontzeko.

"Paper hauek sakon aztertu ziren Euskal Herriko Unibertsitateko Arte Ederren Fakultateko Zaharberritze Sailak egindako lanaren ondorioz. Konposizioari dagokionez, ekoizteko teknika eta estanpazioa, baina Arabak lan handia du egiteke, ondare zibil osoaren azterketa egin gabe dagoelako".

Inportazio ugari

Euskal Herriko etxe partikularretan margotutako paper panoramikoen hainbat lagin daude. Xabier Martiarena zaharberritzaileak jaso ditu horietako gehienak. Nabarmentzekoak dira Azkoitiako Txurruka etxetzarreko Higanot lana, Aretxabaletako Arratabe jauregiko Lyongo bistak edo Eskoriatzako Gastañadui jauregian dauden Parisko monumentuak eta Compiègneko ehiza, besteak beste. Halaber, Arabara ere inportatutako paper ugari iritsi ziren. Fernando Bartolome EHUko irakasleak jaso duenez, 1822an Diputazioaren jauregia apaintzeko Parisko bistak paper panoramikoa aukeratu zen. Maria Vicenta Bonetaren dendak saldu zituen paperak, eta Juan Raison margolari frantziarrak jarri zituen. Halaber, 1858an, Gasteizko Antzoki Zaharreko sabaian Parisko paper margotua erabili zuten.

Erlazionatuak

Gasteizko Santa Isabel; papera etxean

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2020 api 04 Gasteiz

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide