Langraizko kartzela zaharra erabat hutsik; eta orain zer?

Mikel Buruaga 2021ko mar. 29a, 18:28
Langraiz Okako kartzela zaharra, erabat hutsik martxoaren 1etik. / ZARATEMAN

Martxoaren 1ean funtzionarioek okupatuta zuten azken etxebizitza-pabiloia hustu ondoren, Langraiz Okako espetxe zaharra erabat itxitzat eman du Espainiako Gobernuak. Instalazioak Iruña Okako Udalari transferitzeko aukera azterketa fasean dago. 

Espainiako Gobernuak Langraiz Okako espetxe zaharra erabat itxita dagoela baieztatu du, EH Bilduko senatari Idurre Bidegurenek Senatuan egindako galdera bati erantzunez.

Okupatuta gelditzen zen etxebizitza-pabiloi bakarra martxoaren 1ean itxi zen behin betiko. Lekualdatzeen azken lehiaketaren oinarrien arabera, etxebizitza horietan bizi ziren ehun bat funtzionarioek euren intereseko beste espetxe batzuetara joateko aukera izan dute.

Horietako 35ek bertan bizitzeko eskubidea zuten, baina beste 60 inguru baimenik gabe bizi ziren. Instalazioak husteko prozesua 2019tik luzatu da, eta espetxeetako funtzionarioen sindikatuen oposizioa izan du aurrez aurre. Ondoren, pandemia zela eta, graziazko epe bat eman zitzaien. 2020ko abenduaren 15etik, gainera, urik, argindarrik eta berogailurik gabe zeuden.

Instalazioen jabetza

Halaber, espetxe zaharreko instalazioak Iruña Okako Udalari transferitzeari dagokionez, Espainiako Gobernuak baieztatu du eskualdatuko diren ondare-ondasunak azterketa fasean daudela. Beraz, orain arte Espainiako Espetxe Erakundeen eta Espainiako Gobernuaren esku izan diren instalazioak Iruña Okako Udalaren jabetzara pasatzeko aukera inoiz baino hurbilago dago.

Otsailean hala eskatu zuen Iruña Okako udalbatzak. EH Bilduk aurkeztutako eta osoko bilkurak onartutako mozio baten bitartez, Espainiako Barne Ministerioari eskatu zioten Langraizko kartzela zaharrak hartzen dituen lursail eta instalazioak Udalari itzultzea.

Horrekin batera, EH Bilduk udalbatzan proposatu zuen prozesu partehartzaile bat abiatzea instalazio eta lursailetarako balizko erabilerak eta alternatibak aztertzeko.

Gerra Zibilean eta fankismoan, preso errepublikarrentzako kontzentrazio esparrua izan zen. / Arkeologiarako Arabar Institutua

 

80 urte baino gehiagoko historia

Davide di Paola Trespondeko administrazio-batzarreko presidente eta Iruña Okako EH Bilduren bozeramaileak otsailean defendatutako mozioak kartzelaren historiaren errepasoa egiten zuen.

Gogorarazi zuenez, Espainiako Gerra Zibilean, preso errepublikarrentzako kontzentrazio esparru eta lan behartuen eremu bat izan zen. Beranduago, 1940an, erregimen frankistak nahitaezko okupazioa gauzatu zuen 60 hektareako lursail publiko horretan.

Historia horrek Langraiz Oka herriaren etorkizuna eta izena bera markatu zuen betirako. 80 urte beranduago, EH Bilduren ustez, "iritsi da unea Iruña Oka udalerrira itzultzea eskatzeko".  

Erlazionatuak

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide