Langraiz Okako kontzentrazio esparruaren itzal luzea

E.Lanao, E.Ugarte, PHOT.OK 2018ko uzt. 20a, 07:00

Juan Jose Monagok idatzitako 'El campo de concentración de Nanclares de la Oca (1940-1947)' liburuan oinarritu da Josu Santamarina arkeologoa Langraiz Okako kontzentrazio-esparruaren historia bisita batean laburbiltzeko.

Harrobian bizia galtzea edo militar baten etxean umiliatua izatea. Hori izan zen urte luzez Langraiz Okako kontzentrazio-esparruan preso sartzen zituzten gizonek egin behar zuten hautu tristea. Bizirik atera nahi zuelako aukeratu zuen Juan Sotok (Haro, 1922) guardia baten etxean zerbitzari gisa lan egitea. Bartzelonan atxilotu zuten, eta homosexuala izateagatik espetxeratu zuten, Langraiz Okan: "'Homosexualak, pausu bat aurrera' esan zuten guardiek, eta nik aurrera egin nuen, hori baitzen modu bakarra harrobiko lanetik libratzeko. Harrobian jendea hiltzen zen, bere buruaz beste egiten zuen…". Homosexualak, berriz, garbitegiaz edo jantokiaz arduratzen ziren, "eta kaboa baino gehiago zen edonoren zerbitzariak ginen". 1940 eta 1947 urte bitartean, Arabako kontzentrazio-esparruan sartu zituzten ehunka homosexualen testigantza ia bakarra da Sotok hainbat hedabidetan emandakoa. 

Josu Santamarina Otaola Euskal Herriko Unibertsitateko arkeologoak berretsi du Sotoren lekukotza: "Lan umiliagarriak egin behar zituzten, guardien etxeetara joan behar ziren zerbitzari bezala, eta emakume-ezizenak jartzen zizkieten guardiek: La Coneja, La Kati…. Garaiko ideologia homofoboaren arabera, ulertzen zuten sasi-gizonak zirela eta emakume izen bat jaso behar zutela; eta hala gertatu zen, 1970. urtera arte". 

Homosexualekin batera, preso politiko errepublikanoak, nazioarteko brigadistak, eta Bigarren Mundu Gerraren porrotetik ihes egin eta Hegoamerikara bidean zihoazen naziak bildu zituen Langraiz Okako kontzentrazio-esparruak. "Europan naziaz libratzen ziren bitartean, hemen babesa ematen zieten". Hortaz, nazio askotako presoak egon ziren Langraizen: alemaniarrak, grekoak, kroaziarrak, hungariarrak, poloniarrak, frantziarrak… Batzuk Errepublikaren alde borrokatu ziren brigadistak ziren, beste batzuk naziekin borrokatu zirenak. Ohi ez bezalako irudia zen garai hartakoa.

Berreziketa, helburu

Preso politikoen eta homosexualen kasuan, helburua pertsonak aldatzea zen, berrezitzea, eta frankismoaren baloreetan oinarrituriko gizartean txertatzea: "Espainia berriaren alde lan egin behar zuten, gerran hondatutako guztia konpontzen. Horregatik behartu zituzten kontzentrazio-esparrua eraikitzera". Gehienak Miranda de Ebroko (Burgos, Espainia) esparrutik eraman zituzten, presoez gainezka zegoelako Miranda –200.000tik gora lagun atxikirik zituzten bertan–. 

Hartara, 1940ko neguan, bertatik ekarritako lehenbiziko ehun preso Arabako atxikitze-zentroa eraikitzen hasi ziren. Hasiera batean, kanpadenda batzuk eta barrakoi pare bat izan ziren Francoren erregimenaren gatibu horientzako aterpe bakarra. Berehala hasi ziren pikatxoiarekin eta palarekin harriak pikatzen. Langraiz Okako kontzentrazio-esparruan ez ezik, herriko hainbat etxe eraikitzeko ere erabili zuten harrobitik ateratako harria, baita ondoan dagoen Menesianoen ikastetxearen eraikinetan ere, Gasteizko Ramiro de Maeztu kaleko etxebizitzetan, Armentiako etxe batzuetan….  "Negozio ederra izan zen", azpimarratu du Santamarinak. Urte batzuk geroago, esparruak zortzi barrakoi zituen, 57.000 metro koadroko azalera eta mila preso inguru.

Bizi-baldintzak oso gogorrak ziren Langraiz Okan, eta dozenaka lagun hil ziren lan behartuetan, gaixotasunak edo goseak jota. Hasierako zazpi urteetan, esate baterako, 120 pertsona hil ziren. 

Egoera tamalgarri hori jaso zuten, 1945. urtean, Associated Press berri-agentziako kazetariek. Bigarren Mundu Gerra bukatu eta zazpi egunetara esparrua bisitatu zuten kazetariek, eta zuzenean ikusi ahal izan zuten, Europa osoan Alemaniako naziek eraikitako sarraski-esparruak husten ari ziren bitartean, Espainiako frankistak kontzentrazio-esparruak eraikitzen ari zirela. Tratu txarrak, gosea eta gaixotasunak aipatu zituzten erreportaje batean, baita nazioarteko brigadisten historia lazgarriak ere. 

Kontzentrazio-esparrutik kartzela izatera

Gutxi ezagutzen den historia Juan Jose Monago Escobedok El campo de concentración de Nanclares de la Oca (1940-1947) liburuan jaso zuen, 1998an. Monagoren liburuan oinarrituta, iragan ekainean, espetxearen jatorria ezagutarazteko ibilbide arkeologikoa eta historikoa antolatu zuen Langraizko Geltoki Elkarteak, EHUko arkeologoaren laguntzarekin. Talde handia bildu zen, eta kontzentrazio-esparruaz gainera, Iruña Okako "paisaia disziplinarioaren" beste hainbat gune esanguratsu ere bisitatu zituzten, tartean Menesianoen ikastetxea. 

Monagok berak parte hartu zuen bisita horretan, eta esparruaren eraikuntzari buruz hainbat xehetasun kontatu zituen: "Langraiz Okako kontzentrazio-esparruaren diseinua militar nazien laguntza teknikoaz egin zen. Alemaniako kontzentrazio esparruen ereduak hartu ziren, adibidez, Buchenwald (1937) eta Sachsenhausen (1936). Barrakoiak trapezio handi bat eratuz antolatu ziren, betiere zaintzarako dorre handi baten begiradapean, egun osoan ingurunea zelatatzen duena".

Izan ere, esparrua ez da guztiz desagertu Langraiz Okako paisaiatik, toki horretan bertan kokatu baitzuten urte batzuen buruan espetxe ezaguna. EHUko arkeologoak azpimarratu duenez, "oso historia ezezaguna da, ziurrenik espetxeak berak historia hori estali duelako, baina toki berean dago, erabilera aldatu da, legedia aldatu da, baina espetxe horren jatorria 40. hamarkada ilunean dago".

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago