Bi arlotan emaitza harrigarriak utzi ditu amaitu berri duten Toberako Cascajos lursailaren indusketak. Alor teknikoan, magnetometriaren teknika erabiliz, aztarnategiaren eremua mugatu ahal izan dutelako arkeologoek, eta, zazpi hektareako lursail osoa zulatzen ibili beharrean, hiru zundaketa egin eta material arkeologiko ugari aurkitu dutelako. Alor arkeologikoan, berriz, hipotesien arabera Neolito aroko herri baten aztarnak aurkitu beharrean, Brontze aroko herrixkaren arrastoak agertu direlako.
Guztira, zazpi hektarea eta erdi edo zortzi hektareako herrixka handi samarra da Tobera ondokoa, hegoaldean txabolaz beteta dago, eta iparraldean zuloak daude, zerealak prozesatzeko biltegiratze-siloak. Zulo horiek, ziurrenik, hondakindegi bezala berrerabili zituzten gero.
"Metal Aroa ez da apenas ezagutzen; herrixka honek ez du aurrekaririk penintsulan"
Araiko mendilerroan induskatzen ari diren Pozarrateko silex harrobiarekin lotuta dago proiektua; Giza Eboluzioari buruzko Ikerketa Zentro Nazionaleko (CENIEH) geologo Andoni Tarriño ari da lanean bertan. Zuzenean bost kilometrora daude Pozarrate (Trebiñuko Konderria) eta Cascajos (Berantevilla); eta, horrenbestez, Pozarraten lanean ari ziren Neolitoko arbasoak Cascajosen bizi zirela uste izan da orain arte. Alta, hipotesi hori auzian dago orain.
Tarriñorekin batera, UNEDeko arkeologo Mikel Agirre aritu da indusketaren zuzendari tekniko bezala. Aztarnategian bertan, arkeologoak ALEAri azaldu dionez, ateratzen joan diren zeramika zatiak Antzinako Brontze Aroan kokatu daitezke, Pozarratekoak baino mila urte geroago. "Nahiz eta oraindik silexa erabiltzen zuten, garai hartan, jada, ez da harrobiaren ustiapen sistematikorik egiten".
Dena den, Agirrek zehaztu duenez, Rojo ibaiaren harana denbora luzez okupatua egon zen, aro desberdinetan, eta Cascajosko aztarnategiaren okupazio tartea zehaztea da helburua, zein arotan okupatu eta zeinetan utzi zuten. "Egokiena okupazio tartea zehazten saiatzea litzateke. Ez dugu baztertzen Pozarraterekin lotuta egotea. Zulatu duguna siloen betelana da, ez dakigu noiz erabili ziren horiek zereal biltegi gisa. Kristo aurreko laugarren milurtekoan geundela uste genuen, eta Kristo aurreko hirugarren milurtekoan gaude".
Pozarraterekin duen ustezko lotura horretaz gainera, aurkitu duten materialaren garrantzia azpimarratu du UNEDeko arkeologoak. Izan ere, haren esanetan, oso garai interesgarria da Brontze Aroa, Euskal Herrian oso gutxi ezagutzen delako. "Metal Aroa ez da apenas ezagutzen; eta, izatez, hau bezalako herrixka batek duen definizio mailagatik, ez du aurrekaririk penintsula osoan".
Tarriñok ere azpimarratu du Toberako Cascajos "aparteko" proiektua dela, Euskal Herrian aire zabaleko oso herri gutxi ezagutzen direlako, eta Araban hori da ezagutzen den bakarra. "Normalean hondarren bat aurkitzen duzu, baina zaila da, etxolak ez baitira harresiekin eraikitzen, adarrekin eginak dira, eta horrenbestez aztarna arkeologikoak oso urriak dira. Gainera, normalean laborantza eremuetan egoten direnez, goldeek, traktoreek eta abarrek aztarna guztiak eraman dituzte".
1980. hamarkadan, lehenbiziko aldiz, ehunka material eneolitiko berreskuratu zuten Tobera herritik gertu dagoen lursail horretan: silexa, zeramika… Zundaketak ere egin zituzten une hartan, baina ez zuten ezer eman, harri pilaketak besterik ez. Gainera, ikusi zuten ez zegoela geruza arkeologikorik, laborantza lanek suntsitu egin zutela.
"Magnetografoari esker, bost urteko lana izan behar zuena zazpi egunetan egin dugu"
Halere, Tarriñok prospekzio arkeomagnetiko bat egitea planteatu zuen duela bi urte, Pozarraten lanean ari zirenak Toberan bizi ziren jakiteko. 2018an eta 2019an, teknika horretan erreferente den Helmut Becker geofisiko alemaniarra gonbidatu zuten, eta 7,5 hektareako eremuan aztarnak aurkitzeko lokalizazio magnetikoa erabili zuten. Magnetografoak suaren eraginez deskonposizioan dauden materiak hartzen ditu, magnetita partikulak metatzen dituztelako, eta lurraren irregulartasunak ere atzematen ditu.
Hori bezalako metodo geofisikoek prospekzio arkeologikoaren benetako iraultza bultzatu dute, begiek ikusten ez dutena atzemateko duten gaitasunari esker, eta lurpean dauden egiturak detektatu eta definitzen dituztelako, horiek arriskuan jarri gabe. Alemanoako geofisikoak urteak daramatza mundu osoko aztarnategiak arakatzen, eta ezaguna da Troian edo Txinako Xianen egin dituen lanengatik.
"Lursaila metroz metro aztertu zuen Beckerrek, eta oso informazio baliagarria jaso genuen –azaldu du Agirrek–. Magnetogramek argitzen zutena egitura zirkularrak ziren, etxola luzangak, silo asko, lurrean zulo asko eta asko". Magnetrogramaren informazio hori antolatu, eta, GPSaren laguntzarekin, mapa batean kokatu ondoren, aurten, hiru zundaketa egin dituzte, astebeteko epean eta Arabako Diputazioaren diru sail txikiarekin. "Magnetografoak emandako informazioari esker, bost urteko lana izan behar zuena zazpi egunetan egin dugu, bagenekielako non egin behar genituen zundaketak", esan du Tarriñok.
"Ea datorren urtean jarraitzen uzten diguten, ea Aldundiari emaitzak gustatzen zaizkion"
Materialez beteta atera dira zuloak. Bobido baten garezurra aurkitu dute, baita adar bat ere, eta ikaztutako material ugari. Hazi guztiak eta gainerako elementuak garbitu eta iragaziko dituzte hurrengo hilabeteetan, eta ateratako hondarren artean zerealaren arrastoak aurkitzeko itxaropena dute, datazioa egin ahal izateko.
"Ea datorren urtean jarraitzen uzten diguten; ea Arabako Aldundiari emaitzak gustatzen zaizkion", esan du Tarriñok.