Tomateak hazteko Espejon jarri nahi duten ekoizpen zentroan 10 milioi euroko inbertsioa egingo du Almeriako Cultivos Hispalus-ek, enpresako zuzendari Jose Alonso Henarejosek aurreratu duenaren arabera.
Alonsok aurreikusi du 60 lanpostu sortuko direla laborantza hidroponikoan oinarritutako ekoizpen zentro berrian, eta ziurtatu du asmoa ez dela euskal ekoizle txikiekin lehian aritzea, orain daukaten merkatuetatik gertuago egotea baizik, Arabaren "kokapen estrategikoa" baliatuz. Azaldu duenez, egun Eroski enpresari saltzen dizkiote tomateak, "Natur" zigilupean, eta ekoizpena hurbiltzearekin "freskotasun" gehiago lortuko dutela, garraiori lotutako kostuak eta inpaktuak gutxitzearekin batera. Bestalde, Europan egun dituzten merkatuetatik gertuago egon nahi dutela dio, eta Bilboko portuaren gertutasuna ere aipatu du, abantaila gisa.
Lehen fase batean 6 hektarea erabiliko dituzte, eta bertan egingo den ekoizpena azken teknologian oinarrituko omen da: modu horretan, zapore gehiago lortu eta nitrogenoaren erabilera gutxitu nahi dute, hondar gutxiago sortuta. Horretarako, NEIKER-Tecnaliaren laguntza izango dute.