musika klasikoa

Schubertaldiaren lehen kontzertua izango da gaur

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2020ko uzt. 18a, 10:00
Judith Jauregi pianista izango da arratsalde honetan Gaubean. SCHUBERTIADA.CAT

Judith Jauregi pianista donostiarra izango da Villanañeko Angostoko santutegian.

Agertokiak aldatuta, publiko gutxiagorekin eta COVID-19ak eskatzen dituen babes-neurri guztiak hartuta iritsiko da aurten Kataluniako musika klasikoaren jaialdi ospetsua Euskal Herrira. Larunbat honetan, uztailaren 18an izango da lehen kontzertua, Judith Jauregi pianista donostiarraren eskutik. Uztailaren 25ean, berriz, Kataluniako Cosmos Quartet eta Fernando Arias biolontxelista izango dira protagonistak.

Azken bi urteetan Tuestako eta Bachicaboko tenplu erromanikoak aukeratu dituzte musika klasikoaren jaialdiaren baitako kontzertuak eskaintzeko; aurten, aldiz, Villanañe herritik gertu dagoen Angostoko baseliza gotikoan egingo dituzte bi saioak. Gaubeako alkate Juan Carlos Ramirez Escuderok adierazi duenez, "lau beharrean, bi kontzertu soilik egin ahalko ditugu aurten, eta edukiera aldetik santutegiak aukera gehiago eskaintzen ditu". 

Lehen kontzertuan Schumann, Brahms eta Beethoven konpositoreen obrak aurkeztuko ditu Judith Jauregik. Azken musika klasikoaren denboraldian Madrilgo Auditorio Nazionaleko Ganbera Lizeoan, Ubedako Musika eta Dantza jaialdian, Bilboko Musikan, Klosters Music Festival-en, Murten Classics-en, Toulongo Presences Féminines jaialdian, Porto Piano Fest-en edo Gstaadeko Yehudi Menuhin jaialdian parte hartu du Donostiako musikariak. 

Lehiaketa ugariren irabazleak

Uztailaren 25ean, berriz, Helena Satué eta Bernat Prats, biolinak; Lara Fernandez, biola; eta Oriol Prat, biolontxeloa izango dira protagonistak. Lau musikari katalanek 2014an sortu zuten Cosmos Quartet, eta ordutik hainbat lehiaketa irabazi ditu taldeak; hala nola Gaztela eta Leongo Ganberako Nazioarteko Musika lehiaketa, Sitgeseko Josep Mirabent i Magrans lehiaketa eta Irene Steels-Wilsing Fundazioak Heidelberg-i egindako lehiaketako lehen saria ere, 2018an. Kammermusik Preis 2014 eta Artis Quartet sariak ere irabazi ditu laukoteak.

Haiekin batera, Fernando Arias biolontxelista arituko da. Musikari gazteak Aragoiko Goi Mailako Musika kontserbatorioan eta Reina Sofia Goi Mailako Musika Eskolan ikasi zuen. Gaur egun graduondoko ikasketak egiten ari da Berlingo Universität der Künste unibertsitatean. Gaur egun, gainera, biolontxelo irakaslea da Aragoiko Goi Mailako Musika kontserbatorioan, eta kontzertu ugari eskaintzen ditu.

Erlazionatuak

Kataluniatik Gaubeara zabalduko da bigarrenez Schubertaldia

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2019 uzt 01 Añana   Gaubea

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide