Kataluniatik Gaubeara zabalduko da bigarrenez Schubertaldia

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2019ko uzt. 1a, 06:00

Azkeneko emanaldia Bachicaboko elizan izango da, uztailaren 27an, Quiroga Laukotearekin. SCHUBERTIADA

Gaubeako Udalak musika klasikoaren aldeko apustua sendotu nahi du lurraldean, eta Kataluniako Vilabertranen sortutako 'Schubertiada' ospetsua bigarrenez ekarri du Arabara.

Musika klasikoa sustatzearen aldeko apustuari eutsi dio Gaubeako Udalak, eta uztailean berriz ere bilakatuko ditu Tuestako eta Bachicaboko eliza erromanikoak Schubertaldiaren egoitza. Modu horretan, bigarren urtez, zabalduko da Euskal Herrira Vilabertrango (Girona, Katalunia) Schubertiada ganbera-musika jaialdiaren itzala. Gainera, aurten, Euskal Herriko Goi Mailako Musika Ikastegiko ikasleek bi kontzertutan parte hartuko dute.

Europa osoan ospetsua den jaialdiak 25 urte bete zituen iaz, eta urtemugarekin batera erabaki zuen Franz Schubert elkarteak Kataluniako mugak gainditzea, eta Gaubeako Udaletik egindako gonbidapena onartzea. Hartara, lehen Schubertaldia ospatu zuten, eta arrakasta ikusirik aurten ere esperientzia errepikatzea erabaki dute.

Lau kontzertu

Gaubeako Schubertaldia uztailaren 6an zabalduko dute Fatma Said soprano egiptoarrak eta Roger Vignoles piano-jotzaileak, Tuestako elizan eskainiko duten kontzertuarekin. Saidek 2016. urtean debuta egin zuen Milango Scalan, eta belaunaldi berrien artisten artean txalotuenetakoa da. Vignolesek  nazioarte mailan sona handia lortu du piano-jotzaile lagun bezala. Kontzertu hau, jaialdiko gainerako emanaldi guztiak bezala, 20:00etan hasiko da.

Bigarren emanaldia, uztailaren 13an, Arnau Tòmas bilontxeloak eskainiko du, Bachicaboko elizan. Bartzelonan jaiotako artista iaz Gaubean izan zen Casals laukotearen sortzailea da. Adituek Tòmasen moldakortasuna nabarmendu dute, baita biolontxelo polifazetikoa dela ere.

Natalia Labourdette sopranoaren eta Victoria Guerrero piano-jotzailearen musikarekin gozatzeko aukera etorriko da uztailaren 20an, Tuestako elizan berriz. Labourdette ibilbide luzea egin duen soprano gaztea da: Maestranzako Antzerkian hainbat interpretazio egin ditu, eta halaber Piacenzako udal antzerkian, Berlinen, Espainiako Auditoriumean eta Vilabertrango jaialdian ere parte hartu du. Guerrerok, berriz, piano-jotzaile onenaren bi sari lortu ditu Alemanian azken urteetan, eta prestakuntza aberatsa duen artista da.

Azkeneko emanaldia Bachicaboko elizan izango da, uztailaren 27an. Oraingo honetan, Quiroga Laukoteak hartuko du plaza. 2018ko Musika Sari Nazionala eman zioten laukoteari, eta Europako belaunaldi berrian, talde bereziena eta aktiboena delako nabarmendu dute. Nazioarte mailako areto inportanteenetan aritu dira.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago