Oskoldun fruituen unea

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2020ko eka. 6a, 07:55

UAGAk intxaurrondoak bezalako laboreak profesionalizatu nahi ditu. / E.U.

Plan pilotu bat abiatu dute UAGA sindikatuak, Neiker institutuak eta Utega enpresak fruitu lehorrak modu profesionalean hazteko eta merkaturatzeko; lursail esperimentala dute Zanbranan.

Añanako Landa Garapen elkarteak nekazarien produkzioa dibertsifikatzeko abiatu duen erronkatik dator oskoldun fruituen lehen plan pilotua Euskal Autonomia Erkidegoan. 2018. urtean martxan jarri zuten asmoa, Zanbranako Udalak utzitako hektarea bateko lursail batean. "Lursail esperimental horretan intxaurrondoen barietate batzuk landatu dira, almendrondoak eta hurrondoak", azaldu du Sugoi Auzmendi UAGAko teknikariak, eta azken urtean horrelako lursail batek behar duen maneiua erakutsi zaie interesa erakutsi duten nekazariei. "Iaz, jendea trebatzeko kimaketa egin genuen in situ".

Ribabellosa eta Zanbrana udalerrien ingurua oso egokia da oskoldunen fruta-arbolak landatzeko, eguzki ordu eta izozteei dagokionez.

Zanbrana aukeratu dute proiektu pilotuan parte hartzen duen Neiker institututak hala gomendaturik. Izan ere, Auzmendik azaldu duenez, Arabako Errioxa kenduta, oskoldunen fruta-arbolak landatzeko inguru interesgarriena Añanako Ribabellosa eta Zanbrana udalerrien ingurukoa da. "Eguzki ordu gehiago daude bertan, eta apirileko izozte berantiarrak gutxiago gertatzen dira".

Lehen urratsa egin ostean, eta Zanbranako lursail esperimentala martxan jarri eta gero, nekazarien interesa aztertu behar dute orain, eta aurrera begira produktu hauek merkaturatzeko dauden aukerak. Horretarako, UTG Nogal izeneko proiektua abiatu dute. UAGA sindikatua bera, Neiker institutua eta fruitu lehorrak prozesatu, ontziratu eta banatzen dituen Utega taldea daude horretan. "Informazioa hartuta, nekazarien sare bat osatu nahiko genuke, gehienbat intxaurrondoak landatzeko aukera eta interesa zenbatek duten jakiteko".

Besteak beste, hurrak merkaturatu nahi dituzte. / E.U.

Kudeaketa komuna helburu

Klimaren eta lur sakoneraren inguruko baldintzak alde batera utzita, ikusi behar dute nork egingo duen inbertsioa barietate horiek erosteko, lursailari itxidura jartzeko, landaketak beharrezkoa duen ureztapena egiteko, eta beharrezkoa bada makineria erosteko. Asmoa, batik bat, nekazari horientzat bideratu dago, "baina zaletasun bezala dutenak eta profesionalak uztartu nahi ditugu, ahal den moduan, gero gestio komuna egiteko uzta garaian eta merkaturatzeko garaian".

Beraz, kudeaketa bateratu hori nola egin daitekeen aztertzen hasiko dira orain, bai salmentaren aldetik, eta baita lursailen maneiuari dagokionez ere; eta bideragarria den ikusi. "Simulazio bat egingo dugu, ikusi nola gauzatu daitekeen horrelako proiektu bat: guztion artean azalera minimo bat lortzeko aukera dugun, edo zer inbertsio egin behar duen nekazari bakoitzak".

Dena den, gutxieneko batzuk  daude proiektuarekin aurrera egiteko. Besteak beste, 15 hektareako kolektibo bat osatzea; eta,  halaber, lursailek antzeko baldintzak bete beharko dituzte makineria bera erabili ahal izateko. Era berean, aurrera begira produktuak behar duen tratamendua ere aztertu beharko dute. "Intxaurrondoaren kasuan, uzta egin eta gero sikatu behar da, eta horren inguruan hitz egin behar da, prozesu hori nola egin".

Fase honetan, Covid-19aren agerpenak ere zaildu du harremanak egitea nekazariekin, eta orain arte interesa erakutsi duten nekazarien lursailek zer baldintzak dituzten aztertzea eta lehen fruta-arbolak landatzea. "Helburua ahal denean hastea da, baina orain saiatuko gara udazkenean edo neguan arbolak landatzen", argitu du Auzmendik.

Egun atzerritik ekartzen diren fruitu lehorren ordez tokiko produktuak balio erantsia izango lukete.

Salmentaren aldetik UAGAko teknikariak ez du arazorik ikusten bertako intxaurrak, hurrak edo almendrak saltzeko. Egun, atzerritik ekartzen diren fruitu lehorren ordez tokiko produktuak balio erantsia izango lukeela dio, eta "gertuko merkatuaren alde egiteko beste modu bat da". Gainera, proiektuan Utega taldeak parte hartzen duela nabarmendu du, eta horrek erakusten du, haren esanetan, interesa dagoela fruitu lehorrak ekoizteko eta merkaturatzeko.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago