"Pandemiak hondatu egin du hiru urtez hazi dugun proiektu berria"

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2020ko mai. 2a, 08:00

Luis Santos da Natura Sobron landetxeko jabea. L.S.

Turismoa da ostalaritzarekin batera Covid-19aren krisiak larriki kolpatu duen sektoretako bat; ikusteke dago pandemiaren eragina epe luzera, baina jada aurreratu dute 92 milioi euroko galerak izan dituztela eaeko ostatuek martxotik. Hiriguneetatik urruti, Natura Sobron bezalako landetxeak alternatiba bilakatu daitezke.

Hamar urte daramatza lanean Natura Sobron landetxeko Luis Santosek (Sobron, 1969) turismoa eta natura uztartzen dituen proiektuan, Araba mendebaldeko ingurune pribilegiatu batean. Alta, osasun-krisiak erdiz erdi kolpatu du negozioa, eta erreserba guztiak bertan behera geratu dira. Etorkizunera begira, arriskurik gabeko ingurune batean bizitzeak ematen dion abantaila baliatzeko asmoa du Santosek: "Koronabirusik gabeko lekua izateko aukerarekin jolasten dugu; mendien arteko paradisu batean gaude".

Zer eskaintzen duzu Natura Sobron landetxean?

Ostatua eskaintzen diegu naturaz inguratutako leku lasai batean egun batzuk igaro edo esperientzia bat izan nahi duten bidaiariei. Aurten, gainera, beste ostatu bat zabaldu nahi genuen, hiru urtez hazi dugun proiektua da, baina astintzen gaituen pandemiak hondatu egin du.

Zer turismo mota jasotzen duzue?

Kontuan hartuta normalean asteburuetan okupazioa izaten dugula, jasotzen ditugun lagunen %90 Euskal Herritik etortzen dira, edo inguru hurbiletik. Udan, zubietan edo jaiegunetan, berriz, egun libre gehiago dituztenez, Katalunia, Madril edo Levante, Andaluzia eta abarrekoak etortzen dira; iparraldeko giro freskoa eta osasungarria bilatzen dutenak, baita gure tradizioak eta kultura ezagutzea ere. Familia turismoa, haurrak dituzten lagun taldeak edo bikote taldeak jasotzen ditugu batez ere. Hilabeterik lasaienak urtarrila eta otsaila dira.

Osasun krisiak bete-betean eragin dizue.

Zoritxarrez, itxi egin behar izan dugu. Erreserba guztiak berrantolatu behar izan ditugu, horrek dakarren guztiarekin; jaiegunez eta asteburuez beteta zeuden egunak galdu ditugu, erreserbak bertan behera, galera ekonomikoak... Gainera, bigarren ostatuaren inaugurazioa zapuztuta geratu da, eta martxoa hasieratik ordainketa guztiei aurre egin behar izan diegu batere diru- sarrerarik gabe.

"Pandemiatik kanpo gaude, baina aldi berean munduaren etorkizunaz kezkatuta"

Nola erantzun dute bezeroek?

Zorionez, gure erabiltzaileek oso ondo enpatizatu dute guztioi dagokigun arazoarekin. Harremanetan jarri gara haiekin, konponbideak eskainiz, erreserbak itzuliz edo atzeratuz; gure eslogana izan da: ez aldatu planak, aldatu data. Bezeroekin elkar ulertzeak arindu egin du pixka bat egoera; ez ditugu erreserba guztiak itzuli behar izan, atzeratu edo beste data batzuetan egokitu ditugu. Horregatik eskerrak eman nahi dizkiet bezero guztiei bere elkartasun eta konfiantzagatik. Dena den, egoera honek luze ez jotzea espero dut, jasanezina izango litzateke.

Ostatuaz gainera, une honetan lagungarri izan daitekeen beste finantzaketa-iturriren bat al duzu?

Autonomoei emandako laguntza jasotzen ari naiz, likidezia bakar gisa, baina ordainketa guztiei aurre egin behar izan diet: mantentze-lanak, aseguruak, bankuari hipoteken atzerapena eskatu diot, maileguak, eta abar. Mamenek (bikoteak) sortzen duen zeramika artisauaren salmentarekin aurrera ateratzen saiatzen gara, eta gure burua baratze txiki batekin eta oilo gutxi batzuekin hornitzen dugu.

"Aldaketak egingo ditugu bidaiarien harreran eta egonaldia kudeatzeko moduan"

Nola ikusten duzue etorkizuna epe laburrean?

Agian berrasmatu egin beharko gara. Edozertara irekita gaude baina hasiera batean espero dugu udarako jendeak talde txiki eta kontrolatuetan mugitzeko aukera izatea. Guk koronabirusik gabeko lekua izateko aukerarekin jolasten dugu, natura biziko ingurunea, arriskua eragin dezakeen edozein hirigunetik urruti eta nahi ez bada inorekin ez gurutzatzeko aukera dago. Gozatzeko eta erlaxatzeko ikuspegi zoragarriak dituen lorategi bat daukagu, gainera. Leku ezin hobea da seguru sentitzeko. Mendien arteko paradisu batean gaude.

Udari begira, irekitzeko itxaropenik duzue?

Izan ere, udarako erreserbak eginak ditugu jada; eta are gehiago, baten bat ere konfinamenduan zehar egin izan da, jendetzak dakarren arriskua saihesteko oporrak, aire garbia eta erosotasuna izateko. Beraz, espero dugu jendea biztanle gutxi dituzten herri txikietan eta Euskal Herriak eskaintzen dituen landetxe zoragarri eta abegitsuetan egun batzuez gozatzea. Etorkizunean txerto bat sortzea espero dugu, baina bitartean babes-baliabideak jarriko ditugu, eta aldaketak egingo ditugu bidaiarien harreran eta egonaldia kudeatzeko moduan. Batez ere, pertsonengan konfiantza dugu.

Nola bizi duzue konfinamendua Sobrongo bizilagunek?

Urrutitik agurtzen gara, eta bakoitzak bere zereginetan jarraitzen du, ezer gertatzen ari ez balitz bezala. Baratzeko, eskortako, mantentze- lanetako eta herriko konponketak. Dena giro lasai eta baketsuan. Ez dago bisitarik, ez mendizalerik, ez zaratarik. Natura da nagusi. Leku ederra Arabako txoko batean, maskararik eta eskularrurik gabe, pandemiatik kanpo, baina, aldi berean, munduko etorkizunaz kezkatuta. Hau guztia igarotzen denean, herri txiki honen edertasuna ikustera pasa zaitezkete, kaleak eta bideak zeharkatu, iturburuetatik ur gardena edan, txoriak, orkatzak, eta gauez, hontza entzun, unibertsoaren handitasuna gozatzen dugun bitartean.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago