Gasteizko Santa Isabel; papera etxean

Paper margotua plantxa batean estanpatzen (1875 inguruan). ESPAINIAKO PATENTEEN BULEGOA

Gasteizko Santa Isabelgo paper margotuen lantegia 1846an sortu zen; eta bizitza motza izan arren, Euskal Herriko artisau-enpresa garrantzitsuenetariko bat izatera iritsi zen.

Frantziar erara diseinatu zuten Santa Isabel lantegia. Makina modernoei eta langile adituei esker, kalitate eta eredu askotariko paper margotuak egin zituen. Zoritxarrez, ez zen gai izan atzerriko konpetentziari eta lehengaien eta produktuen gaineko presio fiskalari aurre egiteko, eta 1870. urtean itxi behar izan zuten.

Oso dokumentazio gutxi gorde da fabrikaren jarduerari buruz. Fernando Bartolome Garcia EHUko irakasleak ARS Bilduma aldizkarian argitaratu duen ikerketaren arabera, Saturnino Ormilugek sortu zuen lantegia, beste lau lagunekin batera. Karta-inprimatzailea, zurezko grabatzailea, liburu- saltzailea eta koadernatzailea zen Ormiluge.

Milioi erdi erreal jarri zituzten negozioa abian jartzeko Ormilugek berak, Jose Maria Villaozek, Manuel Ordozgoitik, Valentin de Etxebarriak eta Gregorio Kortarzarrek.

1860an Ekialde kalera mugitu zuten fabrika, zezen plazaren eta espetxearen ondoan

Lehen urteetan hiriko kanpoaldean egon zen lantegia, urbanizatu gabeko eremu batean; baina 1860an Ekialde kalera (gaurko Posta kalera) trasladatu zuten, antzinako zezen plazaren ondoan eta kartzela berriaren aurrean.

Hasiera batean, 50 langile inguru izan zituen Gasteizko lantegiak, baina 1850. urtetik aurrera erdira murriztu zen pertsonala. Frantziako paper margotuetako lantegietatik etorritako langile espezializatuak ziren lanean bertako beste batzukin batera. Horietaz gain, Gasteizko Ospitalean bizi ziren eta ofizio bat ikastera joaten ziren kaxako umeak erabiltzen zituzten.

Fabrikaren funtzionamenduari dagokionez, Bartolomek deskubritu du atzerrian erabiltzen ziren makina guztiak zituztela bertan: "Presio mekanikoan eta zilindroan marrazkiak egiteko, eta era guztietako distirak emateko, baita satinatuak eta bernizatuak ere". Halaber, Frantzian erositako zurezko eta brontzezko xaflak, estanpatzeko makina bat, brontzezko hainbat zilindro eta bruñagailu bat ere erabiltzen zituzten Santa Isabelen.

Lehengaiak toki desberdinetatik

Lehengai ugari Frantziatik edo Alemaniatik inportatzen zituzten, baina itsasgarria, adibidez, bertan fabrikatzen zuten. Arazo handienetako bat koloreen fabrikazioa zen, Espainian ez baitzegoen pigmentuak egiteko lantegirik. Hortaz, eraikin berean koloreen fabrika egokitzea erabaki zuten, kimikari aditu baten gidaritzapean.

Papera zen funtsezko beste lehengai bat, eta batik bat Tolosatik ekartzen zuten, ospe handiko La Esperanza fabrikatik hain zuzen. Urtean 50 eta 65 biribilki erabiltzen zituztela jaso du Garciak. Halaber, urre faltsua Alemaniatik inportatzen zen, "kolore askotako oihala" Paristik, eta labeetarako eta berogailuetarako egurra Arabako basoetatik.

Santa Isabelgo eraikin berean koloreen fabrika bat eraiki zuten

Dokumentazio falta dela eta, zaila da paper margotuen fabrikan erabilitako ereduak zeintzuk ziren zehatz-mehatz jakitea, "baina ziurrenik Europako gainerako lekuetan egiten zirenen oso antzekoak izango ziren", Bartolome Garciaren arabera. Hala, kolore finez margotutako paper mota guztiak egiten ziren, marrazki mota askorekin, leunak, satinatuak, satinatu gabeak, bernizatuak, urreztatuak, zilarreztatuak, egurraren eta harrien imitazioak...

Era berean, paper horiekin konbinatzeko apaingarri ugari zituzten, eta neurrira ere egin ahal ziren paperak, eskatutako diseinuaren arabera. "Erabilitako ereduek Parisko eredurik modernoenak imitatzea bilatzen zuten".

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide