Gaubeako azoka etxeetara eramango dute

Erredakzioa 2020ko api. 3a, 11:26

Gaubeako ekoizleen azoka igandean ospatzekoa zen. PHOT.OK

Igandean ospatzekoa zen Uribarri Gaubean hilabetero tokiko ekoizleek antolatzen duten azoka.

Igande honetan, ohi bezala hilabeteko lehen igandean, Uribarri Gaubeako frontoian hitzordua zuten gaubearrek inguruko ekoizleen produktuak erosteko. Alta, konfinamendua medio, ezin da azoka ospatu, eta haraneko ekoizleek modua bilatu behar izan dute bezeroei bere produktuak helarazteko. Martxan jarri dute eskaerak egiteko telefono bat.

Hala, azokan parte hartzen duten ekoizleen produktuak etxean jaso nahi dituzten gaubearrek 616-078279 zenbakira whatsapp-mezu bat bidali beharko dute, eskaria zehaztuz, baita izen-abizena eta herria ere. Mezua larunbaterarte, apirilaren 4ra arte, bidali ahalko dute interesatuek eta astelehenean, apirilaren 6an, arratsaldean, jasoko dute etxean.

Eskatu daitezkeen produktuen artean daude Ugala baserriko gaztak eta jogurtak, El Sauceko gozoak, Beltzitina baserriko marmeladak, Monterrebollo baserriko arrautzak, Eskauturri baserriko haragia, eta Tierra Papel Tijerako barazkiak.

Zerrenda eskura ez duenak eskatu dezake.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago