Zer gertatu da Pobesko adinekoen egoitzarekin?

Pobesko zahar-etxearen obran milioi bat euro gastatu dituzte. / PHOT.OK

Pobesko adinekoen egoitza kudeatu behar zuen enpresak atzera egin zuen iaz, Udalak milioi bat euroko inbertsioa egin ondoren. Azalpenak eskatu dizkiote Elkarrekin eta EH Bildu batzarkide taldeek Arabako Foru Aldundiari.

Baldintzak aldatu zirela eta hitzarmena bideragarri ez zela arrazoitu zuen Kie Gestion Consulting enpresak, Udalak milioi bat euroko inbertsioa egin ostean. Proiektua 2014an martxan jarri zuen Udalak, eta Europako diru laguntzei esker finantzatu da.

Kontratua bertan behera uzteko plazak murriztu zirela argudiatu zuen enpresa esleipendunak 2019an. Hasiera batean, 26 adinekorentzako tokia zuen eguneko zentro bat izan behar zuen, baina azkenean etxebizitza komunitarioa izateko berrikusi zuten, soilik 14 lagunentzako tokiarekin.

Bitartean, adinekoen egoitzaren kudeaketa esleitzeko lehiaketara aurkeztu zen beste enpresa batek auzi-errekurtso bat aurkeztu zuen, prozesuaren kontra. Finean, egitasmoaren inguruko ziurgabetasunek atzera egitera bultzatu zuten enpresa.

Prozesu osoan zehar, EH Bilduk behin baino gehiagotan kritikatu du Udala ez zela nor zahar-etxe bat eraikitzeko eta kudeatzeko, arlo horretako eskumenak, 2012. urtetik, Diputazioak dituelako. Zentro berria martxan jartzeko ardura Gizarte Ongizate Foru Erakundeari zegokion, baina Aldundiak ez zuen eskaera nahikoa ikusten Pobesen proiektua aurrera eramateko.

Azalpenak eskatu dizkiete Aldundiari eta alkateari

"Erriberagoitia adinekoen egoitzarik eta eguneko zentrorik gabe uzten duen etetea" dela azaldu dute. Arabako Foru Aldundiak proiektu honetan egindako inbertsioa 396.000 eurokoa dela ziurtatu dute EH Bildu eta Elkarrekin taldeek, 2012, 2013 eta 2014 urteetan banatuta.

Foru erakundearen inplikazioa kontuan hartuta, Erriberagoitiko Udalaren eta enpresa esleipendunaren artean Pobesko adinekoentzako egoitza-zentroa eraikitzeko, ekipatzeko eta martxan jartzeko kontratua etetearen inguruko azalpenak nahi dituzte EH Bildu eta Elkarrekin Araba taldeek.

Hortaz, Gizarte Politiketako Foru Diputatu Emilio Solaren eta herri honetako alkate Jesus Berganzaren agerraldia eskatu dute. Eraikinaren etorkizunaz eta kontuan hartzen diren erabilera aukerez ere galdetuko diete Sola eta Berganzari.

Erlazionatuak

Milioi bat euroko zuloa Pobesko zahar-etxean

Añana Erriberagoitia

Hilabete honetan jakin da Pobesko zahar-etxe berria kudeatu behar zuen enpresak atzera egin duela; baldintzak aldatu direla argudiatzen du eta ez d...

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide