Milioi bat euroko zuloa Pobesko zahar-etxean

Erredakzioa 2019ko uzt. 18a, 09:28
Pobesko zahar-etxearen obran milioi bat euro gastatu dira. PHOT.OK

Hilabete honetan jakin da Pobesko zahar-etxe berria kudeatu behar zuen enpresak atzera egin duela; baldintzak aldatu direla argudiatzen du eta ez dela bideragarri. Milioi bat euroko inbertsioa egin du Udalak.

Milioi bat euroko inbertsioa egin du Erriberagoitiko Udalak Pobesen zaharren egoitza bat eraikitzeko; inbertsioa zulo handia bilakatu daiteke, ordea, zentroa kudeatzen duen enpresa bat aurkitzen ez badute. Hilabete honetan bertan jakin da zentroaren ardura bere gain hartu zuen enpresak –Kie Gestion Consulting– atzera egin duela, eta Udalari eskatu diola kontratua elkarren arteko adostasunez ezeztatzea.

Esleipendunaren arabera, kontratua bertan behera uzteko arrazoi nagusia da plazak murriztu direla. Hasiera batean, zentroak 26 adinekorentzat tokia izan behar zuen eta eguneko zentro bat, baina azkenean etxebizitza komunitarioa izango da, eta soilik 14 lagunentzako tokia izango du. Gainera, zahar-etxearen kudeaketa esleitzeko lehiaketara aurkeztu den beste enpresa batek auzi-errekurtso bat aurkeztu du, prozesuaren kontra. Finean, egitasmoaren inguruan dauden ziurgabetasunek enpresak atzera egitea bultzatu dute.

Eskumenik ez

Izan ere, aipatu arazoez gainera, EH Bilduk behin baino gehiagotan kritikatu du Udala ez zela nor zahar-etxe bat eraikitzeko eta kudeatzeko, arlo horretako eskumenak, 2012. urtetik, Diputazioak dituelako. Horrenbestez, zentro berria martxan jartzeko ardura Gizarte Ongizate Foru Erakundeari zegokion, talde abertzalearen esanetan. Alta, Diputazioak ez zuen eskaera nahikoa ikusten Pobesen zaharren etxea egiteko.

Bestalde, EH Bilduk beti salatu du diru publikoarekin eraikitako egoitza enpresa pribatu baten esku uztea.

Pobesko proiektua orain dela bost urte martxan jarri zuen Udalak, eta Europako diru laguntzei esker finantzatu da. Guztira, milioi bat euro gastatu ditu Udalak horretan. Jesus Berganza EAJko alkateak defendatu du zahar-etxea beharrezkoa dela inguruko herritarrak artatzeko.  

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide