Miguel Angel Montes da Iruña Okako PSEko alkate berria, Javier Martinezen ordez. Iragan urtarrilaren 17an dimisioa eman zuen Martinezek hirigintza-operazio bat medio, EAEko Auzitegi Nagusiak Udala 820.000 euro ordaintzera behartu ondoren.
Gaur goizean egin den udalbatzan soilik PSEko zinegotzien aldeko botoak jaso ditu Montesek. Gainerako udal taldeak (EAJ, EH Bildu, PP eta Elkarrekin Podemos) abstenitu egin dira. Orain arte, Elkarrekin-Podemos taldeko zinegotziaren babesarekin gobernatu du PSEk udalerria, baina Martinezen dimisioaren ostean, ezkerreko taldeak konfiantza kendu die sozialistei.
Alkate ohiaren lana goraipatu du Montesek bere lehen hitzaldian, eta "alderdi guztien arteko adostasuna" eskatu du, "txikiak diruditen arren, udalerriaren etorkizunari eusteko balioko duten proiektuak aurrera ateratzeko". Bilkura berean, PSEko Loida Blancok bere akta jaso du, zinegotzi berri gisa.